24


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  24

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XXIV


Etorri zan noizbait anbulantziko kotxea, eta nere moduko beste bost edo sei eritu sartu eta eraman giņun Vitori-ra. Emen bazegoan Primer Hospital de Sangre izenarekin etxe berri aundi bat, berez apaizgayentzat egiņa, eta ara eraman giņun.

Mayean operatzeko jarri niņutenean, galdeera abek egin zizkidan medikuak:

Nungoa aiz, gazte?

Ni Donosti-koa.

Donosti-koa? Ni ere angoa nauk ba, emen natxiok serbizioz baņa.

Donosti-ko don Inazio Urbina izena zuan mediku ospetsua zan. Gero galdetu zidan:

Zer egin ditek mendi alde oyetan?

Eta nik erantzun nion:

Ez dakit ba, jauna, ondo esateko; baņa oņak ditut elbarrituak.

Eta ezkerreko oņa, nola baitzegon puskatu eta zintzilik, berari eskuarekin elduaz galdetzen zidan:

Eta oni zer egin bear diogu?

Eta nik erantzun nion:

Orri zer egingo dio? Moztu!...

Eta berak:

Motell, motell! Zer esaten didak? Makiņa bat operazio egin dizkiat nere denboran, baņan oraindik etzidak iņork esan moztutzeko konturik, prueba egin bear dala baizik.

Eta nik erantzun nion:

Prueba egiten zertan asi bear degu, dana puskatuta dago-ta?

Alaxen, ezkerreko oņa moztu eta eskubiko zankoa amairu punturekin josi zidan.

Operatzeko nola kloroformoa eman zidaten, oyera eraman niņutenean, ni ez nintzan konturatzen nun negoan, ezta operatu bazidaten ere. Neri iruditzen zitzaidan oņa moztu egin zidatela, goata eta trapu asko baineukan eta ez bainion antzematen. Eskua pasatzen nuan eta nere modu esaten nuan: “Neri oņa moztu egin zidatek!”, eta negar egiten nuan.

Don Inazio Urbina mediku jaun au oso gizon jatorra eta atsegiņa zan. Noiznai etortzen zitzaidan bixita egitera oyean negoan tokira. Antxen egoten zan oyaren gaņean exerita, kontu kontari, zerbait falta al nuan esanaz.

Nik eskatu nion paņuelo bat ia mesedez ekarriko zidan, eta bi ekarri zizkidan berri-berriak; eta “eskerrik asko” esanaz, nik galdetu nion:

Nik oņa moztua al daukat?

Eta erantzun zidan:

Qué va! Nola izango dek ba oņa moztua? Beatzak eta danak or dauzkak!

Ala, ixilik gelditzen nintzan; baņan berriz ere ez negoan lasai, eta, etortzen zanean, galdetu egiten nion, nik jakin nai nuala oņa nola neukan, eta esateko mesedez egia. Orduan esan zidan:

Begira: batzuk ez ditek nai izaten esatea; baņa ik desio ori baldin badek, esango diat: oņa moztuta daukak; neronek moztu nikan, eta oso ederki jarrita daukak, eta ori azkar sendatuko dek. Egon adi lasai!

Baņan arek ura esan zuanean, ni berriz ere negarrez.

Egun batez ospital ontara etorri zan gizon agintari jaun bat, eta galdetu zizkidan izen-apelliduak eta nungoa nintzan. Esan nizkion, eta ala joan zan.

Ospital ontan egun batzuk igarota, ni negoan salako monjak esan zigun eritu danoi, agindua zala oyetik jaikitzeko gauza giņan guztiak Pamplona-ra joan bear genduala, frentetik eritu asko zetorrela eta ayentzat lekua izan zedin.

Ni operatzeko mayean jarri niņutenean, guraizearekin soņean neuzkan arropa danak goitik asi ta beeraņo moztu egin zizkidaten, eta ez nuan geyago nere arroparik ikusi. Galdetu nien bein baņo geyagotan ere, baņan ez omen zituzten arkitzen.

Monjak esan zidanean Pamplona-ra joan bear genduala, nik erantzun nion nere amak mundura ekarrita bezela negoala, eta zerbait bearko nuala jazteko.

Orduan erantzun zidan, “Gizarajoa!” esanez, gure sala artan bazala falanjista bat gaubean illa, eta ari kenduko ziola buzoa, eta arekin jantziko nintzala.

Antxen egin genduan, erderazko esaera batek dion bezela, “desnudar a un santo para vestir a otro”, eta buzo ori jantzita aldatu nintzan, beste eritu askorekin, guretzat jarritako tren berezi batean, Vitori-tik Pamplona-ra, Hospital Militar-era.

Len esan dedan agintari jaun arek, ez dakit nola, baņa abisu txarra bialdu zuan gure etxera, esanaz alegia bi oņak gerran moztuak nituala eta oso gaizki negoala, eta, bizirik ikusi nai baniņuten, azkar joateko.

Abisu ori artu eta urrengo egunean, goizeko trenean sartu eta joan ziran Vitori-ra nere bi anai, Rikardo eta Polikarpo. Iritxi omen ziran noizbait erri ontara, eta joan omen ziran ni negoan ospital artara.

Ni negoan salak Nuestra Seņora del Pilar zuan izena. Sartu eta “lenengo oya”, orrela nere galdeera egin omen zioten sala artako monjari, eta erantzun omen zien bere eskuko beatza luzaturik:

Ori da sala ontako lenengo oya, eta ortxen daukazute zuek bear dezuten soldadu eritua.

Eta nere anayak erantzun omen zioten:

Ori ez da gure anaya.

Eta monjak:

Ez dakit ba nik nor izango dan zuen anaya. Sala ontan lenengo oyean baldin bazan, onek izan bear du; edo bestela, ainbeste iltzen da emen egunaren buruan eta, illa izango da.

Ospital guztia jira omen zuten beetik asi ta goraņo, eta, arkitu ez niņutenean, berriz ere ain triste nere bi anayak etxera. Ni berriz bezperan Pamplona-ra etorria nintzan. Vitori-ko ospital artan nola erotzeko ainbat lan zegoan orrenbeste jende eriturekin, monja ura etzan konturatu egiten Painplona-ra bialdu bagiņuzten ere.

Nik, Pamplona-ra iritxi bezin laister, egin nituan bi letra etxera, nere anayai esanez nun eta nola arkitzen nintzan. Berealaxen etorri ziran nere bi anayak, eta oyaren ondoan negar egiņez esaten zidaten:

Bizi al aiz, motel?

Eta nik erantzun nien:

Bai, mutillak: ikusi dizkiat komeri ederrak, baņa oraindik ere bizi nauk.

Eta Rikardok esaten zidan:

Bai, motel: Vitoria-n izan giņuan lengo egun batean, eta ospitaleko monjak esan ziguken seguru asko illa izango intzala, eta pena ederrarekin joan giņuan berriz etxera.

Eta berriro lepotik eldu eta negar egiņez esaten zidan:

Pozaren pozez txoratzen gaudek, motel, i bizirik ikustearekin. Gure Jaungoikoak nai dezala lenbailen sendatu eta etxera joatea.

Eta ala joan ziran berak etxera.









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org