25


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  25

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XXV


Pamplona-n pasatu nituan lau bat illabete, nere zauriak sendatu ziran arte. Emen suerte ona izan nuan. Baziran oyak madrina de guerra izeneko emakumeak beren kontura artzen zituztenak, eta ni negoan oyaren madrina, Naparroa-ko Diputazioko Presidente jaunaren emaztea zan. Orregatik, an egon nintzan bitartean, neri etzitzaidan ezertxo ere palta izan, nola jateko, edateko eta jazteko.

Andre onek bazeuzkan ospital ontan, ni negoan salan bertan, bi alaba bere borondatez gaxo-zai serbitzen zebiltzanak, eta, ni ospital artara etorri ta urrengo goizean, ni negoan oya antolatzera etorri ziranean, bi neskatxa abek esan zidaten mesedez jeikitzeko pixka bat oya egin arte.

Nik, ordea, Vitori-tik ekarri nuan buzoa oirakoan kendu egiten nuan, eta berriro ere nere amak mundura ekarrita bezela arkitzen nintzan, eta lotsaturik esaten nien ia ezin al zuten antolatu oi ura neroni bertan negoala, eta esaten zidaten:

Zer ba? Min aundia al daukazu?

Eta nik orduan esan egin bear nola arkitzen nintzan, eta esan zidaten oso kupiturik:

Gaur etxera joaten geranean, esango diogu gure amari zu nola arkitzen zeran.

Urrengo goizean, oya antolatzera etorri ziranean, esan zidaten beren amak esan ziotela galdetzeko neri zer bear nuan. Ni berriz lotsatu egiten nintzan ezer eskatzea, eta, aditu zutenean ezer ez neukala soñean jazteko, an ekarri zizkidaten sekulako gauzak: bi galtza pare, bi alkandora, barrengo arropa zuriak, galtzerdiak... Zapatarik etzidaten ekarri jantzi ezin nualako, baña bai bastoi eder bat, tinta, pluma, paperak eta sobreak kartak eskribitzeko.

Gero neskatx abei esan zien beren amak, koltxoi baten gañean baño obeto egongo nintzala biren gañean, eta jartzeko bigarren koltxoya neri. Ala jarri zidaten, eta markes bat bezin ongi zaitzen niñuten ospital ontan.

Andre ura bera, berriz, jayero etortzen zitzaidan bixita egitera, eta geyenean bazkal orduan etortzen zan. Beti ekartzen zizkidan dozen erdi bat pastela kremazkoak, botella bat edari on eta puro eder bat, eta, nik bazkaltzen nuan arte, antxen egoten zan oyaren ondoan exerita.

Neri gerrako kontuak galdetzen zizkidan, nik esaten nizkion, eta biok antxen, ama-semeak izan bagiña bezela, kontu kontari jarduten giñan.

Ospital ontan poliki jaten genduan, baña andre oni janari aul xamarra iruditzen zitzayon neretzat, eta bertako buru egiten zuan mediku jaunari otsegin eta esan zion, nik odol asko ixuri nuala nere zaurietatik eta argal negoala, eta emateko neri egun batean aragia eta bestean ollaskoa indartu nedin.

Orrelaxen pasatu nituan egun ederra pranko, andre on ura eta bere alabak zirala meriyo. Diru askorik ez nuan izaten, bañan bai jan da jantzi bapo.

Gure libersioa pelota-partiduak ikustea izaten zan. Egunero, bazkal orduan, etortzen zan teniente medikua sala guztietara zinerako eta frontoirako sarrerakin. Neri beti zinea baño geyago gustatu izan zait pelota, eta frontoirako sarrera artzen nuan.

Joaten nintzan “Euskal-Jai” izeneko frontoira, eta antxen ikusten nituan iru partidu, eta arratsalde ederra pasa eta berriz ere ospitalera illunabarrean.

Garaiz xamar afaltzen genduan, eta gero kartetan edo jokuan jarduten giñan, beste batzuetan radioa entzuten, eta gero lotara.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org