|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XXVI
Pamplona-ra etorri eta andik denbora puska batera, egun batez pozez txoraturik zebiltzala ikusten giņun ospitaleko medikuak, pratikanteak, monjak eta gaņerako danak. Nik galdetu nion salako monjari.
ŋQué pasa, Hermana? Veo que están todos muy contentos.
ŋNo te has enterado aún, soldadito? Pues estamos de enhorabuena. Las tropas nacionales han tomado ya Bilbao.
Lendik ere bagendakigun, radioak esanaz, Bilbao inguruan zebiltzala gure soldaduak, baņan nere barrenak eman zidan buelta ederra ori entzun nuanean.
Radioak eta periodikuak esaten zuten prisionero asko egin zutela Bilbao-n sartu ziranean, eta pentsatzen nuan gure Kaximiro antxen arrapatuko zutela, eta bearbada il ere egingo zutela, eta beti gauza orrekin, pentsatzen egoten nintzan.
Eta egun batez, gutxiena pentsatzen nuan garayean, nere oyaren gaņean exerita zerbait irakurtzen negoala, an ikusten det atean gizaseme bat sartzen dala. Jartzen naiz berari begira, eta zein izango, eta Kaximiro!...
Berak ere bereala ezagutu niņun, eta etorri eta eldu zidan lepotik. Asi giņan biok negarrez, eta alkarri zer esan asmatu ezin genduala egon giņan pixka batean, arpegiak pareta baņo zuriago eginda pozaren pozez.
Gero noizbait asi giņan izketan, eta galdetu zidan:
Ze erida klase dituk?
Ara, motel, gerrak zer aurrerapen ditun: tiro batekin eskubiko zankoan zauri luze bat egin zidateken, eta beste tiroakin berriz ezkerreko oņa puskatu eta zintzilik utzi, eta orain moztuta zeukat.
Berriro galdetu zidan:
Nun eritu iņuten?
Eta nik erantzun nion:
Yurre izena duan erri batean.
Yurre-n? Zein egunetan?
Mayatzaren 24-an eguerdiko ordubata inguruan.
Eta gizarajoak, negar samiņa egiņez, bizkarretik eldu eta erantzun zidan:
Orduan ire oiņ oyek jo zituzten balak neronek tiriak izango dituk!
Erorrek tiriak? Zer ba?
Bai, neronek tiriak! Atake artan ni ere an niņuan!
Eta, lepotik elduta, bere begietako malko samiņarekin nere arpegia bustitzen zuan.
Nik esaten nion:
Zer egingo diagu ba, motel? Jaungoikoak ala nai eta onek olaxen bearko ziken. Etzak pentsa gauza onengatik nik ireganako gorrotorik daukatenik. Badakik gu beti alkar maiteak izan gerala eta gaur ez len baņo gutxiago.
Baņan arek berriz ere esaten zuan:
Bai, baņan neronek tiriak izango dituk!
Eta nik:
Etzak negarrik egin, motel! Nik etzeukat iretzako eta iņorentzako inkurriorik! Bazekiagu gorrotoagatik ez gerala ibili alkarren kontra!
Arek, ordea, beti gauza bera esaten zuan:
Neronek tiriak izango dituk!
Eta nik esaten nion:
Zer egitea nai dek ba? Au ola etorri dek! Au ola etorri dek eta ola artu bear!
Ola jardun giņan denbora-puska batean. Gero esan nion:
Poz aundia artzen diat i nere aurrean ikusita. Illa izango aizela ere pentsatu baitiat bein baņo geyagotan, eta ez ukek pentsatuko nere biotzak zer lasaitasun daukan i bizirik emen ikustearekin. Mendi alde ayetan gerran ibili geranean ere, burruka-aldia bukatzen zanean, makiņa bat gudari ilda lurrean etzanda zeudenai eldu eta buelta eman izan diot, i aizela irudituta.
Eta esan zidan:
Bai, neronek ere ori bera egin izan diat makiņa bat aldiz, zuetako bat ote zan beldurrarekin.
Gero galdetu nion:
Eta i, nun barrena ibili aiz gerra-denbora ortan?
Neri, naparrak Donosti artu zutenean, nere lagun batzuk esan zidateken euzkotarrekin joan bear genduala Bilbao aldera, eta alaxen joan giņun. Geroztik or ibili gaituk Bizkai alde ortan. Burruka-aldi gogorrak jo dizkiagu, baņan beti gu atzera, alik eta Bilbao galdu genduan arte. Eta beste asko bezelaxen, ni ere antxen prisionero egin netxioteken, eta andik, prisionero-talde aundi bat artu eta danok Zaragoza-ko campo de concentraciķn batera eraman giņuzteken. Ni ara joanda, bereala pentsatu niken: Nere lantegiko nagusiari, D. Antonio Mendizabal-i, eskribitu bear zioat karta bat, esanaz nola preso arkitzen naizen Zaragoza-n, eta ia berak zerbait egingo luken neregatik. Egin netxioken karta ori, eta berealaxen bere kotxearekin joan uan Zaragoza-ra, eta ekarri netxioken etxera Donostira. Eta jakin dedanean i erituta Pamplona-ko ospitalean agoela, berealaxen etorri nauk i bixitatzera. Eta, zer moduz ago orain? Miņik bai al daukak?
Orain ez; operatu berrian bai, izan nizkian oņaze galantak, baņan orain etzeukat beintzat miņik. Oņa falta detala, orixe.
Bai, ori ni naizela meriyo moztua izango dek ik!
Eta berriz ere negar egiten zuan, eta nik esaten nion gauza ori burutik kentzearren:
Zer egingo diagu ba, motel? Bizi gaituk beintzat oraindik, eta makiņa bat badituk betiko beren oņak oztuta gelditu diranak mendi alde oyetan. Gu ere keja gaituk, baņan ayen etxeetan ere zerbait esango ditek. Makiņa bat guraso egongo dituk baztarretan negarrez, Ortarako azi al ditugu gure aurrak, beren sasoirik ederrenean iltzeko? esanaz. Baņan ondo pentsatzen jartzen bagera, konformatu bearra zeukagu, gerrak olakoxe naigabeak eta ez-bearrak ekartzen baitizkik familietara. Jaungoikoak ez dezala ni bizi naizen arte geyago gerrik sortu, eta gero ere ez nere partetik!
Orrelaxen, itzaldi luze bat elkarrekin egin ondoren, agurtu zan bere begiak paņueluarekin legortuaz, eta etorri zan Pamplonatik etxera Donostira.
|