28


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Neronek tirako nizkin »  28

Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin

XXVIII


Gure anai Kaximirok ni etxera etorria nintzala jakin zuanean, laister etorri zan bera ere Azken-Portu-ra, zer moduz etorri ote nintzan galdetzera.

Eta Juan Mariren familia eta danok, merienda pixka bat egiñez, kontua pranko esan genduan gure gerrako ibillerak berrituaz.

Gero Azken-Portu-n, sagardoa nola saltzen baigenduan, igandeetan noiznai etortzen zan bere andregayarekin, eta nik toriatu egiten nuan, esanaz:

Zer? Ez al dezute ezkontzerik pentsatzen, edo beti orrela ibili bear al dezute?

Bai, laister zerbait egin bearko diagu, beti orrela ibili gabe. Padrinotza egingo al diguk?

Bai, motel; egingo ez diat ba? Pozik gañera! Alkarrekin egun bat ederra pasa bear diagu lengo penak aztutzeko.

Eta alaxen ezkondu ziran bere andregai Martina eta biak. Egun ederra pasatu genduan. Etzuten familirik izan. Gero, andik urte batzuetara, bere emazte Martina gaxotu eta il egin zan.

Andik urte pare batera, berriro ezkondu zan Astigarraga-ko emakume batekin, bañan andik beste urte pare batera bera ere gaxotu eta, pleurarekin oso gaizki zegoala, eraman zuten klinikara operatzera.

Operatu zuten, bañan medikuak, ain gaizki zegoala ikusirik, etxera eramatea obea izango zala esan zuten. Alaxen, etxera ekarri eta bereala il zan.

Arkaitza baño gogorragoko gizona egun batetik bestera joan zitzaigun, esate baterako.

Pena ederra artu nuan nik beintzat, eta bere emazteak eta gure senideak ere bai noski. An aritu giñan gorputzaren jiran danok negarrez errezatzen. Nik esaten nien beste senideai:

Orrenbeste denboran an ibili zan gizarajoa frentean bala tartean, eta, Jaungoikoak dakian bezela, noizbait bizirik etorri etxera; eta oraintxen urte batzuk pakean pasa bear mundu ontan, eta, usterik gutxienean, ziplo! Ara zer geran gu! Zerbait bagerala uste, eta ezer izan ez!

Garagarrillaren 12-an, igandearekin tokatu zan bere gorputza kanposantura eramatea, eta egundoko jende-pilla zan. Urrengo egunean, San Antonio egunez, egin ziran bere eleizkizunak Donosti-ko San Inazio-ko eleizan, eta antxen ere bazan jendea ugari; ezagun asko baitzuan gure Kaximiro gizarajoak. Jaungoikoak berekin dezala.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org