|
Sebastian Salaberria. Neronek tirako nizkin
XXIX
Ni etxera etorri eta andikan laister, etorri zitzaidan bere kotxearekin berriz ere gure lantegiko nagusia Erdozia jauna, eta galdetu zidan:
Lanera etortzeko moduan al aiz, edo nola aiz?
Lanera? Nayago nuke ba lanerako moduan banego. Borondatea badaukat, baņo abildaderik ez. Gerran oņa moztuta etorria nago etxera.
Oņa moztu al ditek?
Bai, jauna, bai; auxen da andik ekarri degun propina.
Marka ederra dek! Baņan nik gauza bat esango diat: ik iņork baņo obeto dakik zer lan egin bear dan Gas-ean. Enkargatua gaxo zeukat, eta kuadrillan ere jende berria geyena. Enkargatua sendatu arte bere tokian jarriko aiz, eta ia jende orri erakusten dioken lana nola egin bear dan.
Alaxen joan nintzan berriz ere Gas-era lanera. Illebete batzuk pasa nituan enkargatu, baņan gero, enkargatua sendatu eta lanera etorri zanean, ni berriz ere zerbait lanean asi nintzan.
Kuadrilla ontan bagiņan palak nork bereak giņunak, eta nik, soldadu joan nintzanean, etxera ekarri, garbi-garbi egin, olioa eman, eta jaso egin nuan. Enkargatua sendatuta etorri zanean, ni nere pala orrekin lanean asi nintzan, eta Kalisto enkargatua begira-begira jarri eta auxen esan zidan:
Sebastian: lenago ere pala orrek lanean ederki zekian.
Baņan palaketako lana nola baitzan astuna ta gogorra, moztutako oņak etzidan bear bezela laguntzen, eta pentsatu nuan ez neukala nik lantegi artan jarraitzerik. Ala, Donosti-ko Ayuntamentura joan nintzan, eta bertako agintariai galdetu nien:
Neretzako lan-toki polit bat bai al daukate?
Lantegi polita? Bai, gizona; bat baņo geyago ere badauzkagu. Jende guztia gerrara joan zaigu, eta lanerako iņor ez. Etorri zaitez datorren astelenean, eta enkargatuak erakutsiko dizu lantegia.
Ala joan nintzan, esan bezela, urrengo astelenean goizeko zortziretarako, eta enkargatuak eraman niņun Amara-ko Parque de Niņos izeneko tokira, eta esan zidan:
Auxen da zure lantegia. Emen ikusten dituzu nola dauden loreak eta beste landare-klase asko aldatuak, eta abei begiratu bear diezu, umeak ondatu ez ditzaten.
Eta bastoi bat eskuan nuala, antxen ibiltzen nintzan jira ta buelta. Aur asko joaten zan, batzuk beren gurasoekin eta beste asko berriz neskameekin. Bein baņo geyagotan esan nion nik nere buruari:
Ementxen zeukat nik aukera ederra andregai bat egiteko.
Neskatxa euskaldun asko joaten zan eta geyenekin itzegiten nuan, baņan ez nuan andregairik egin; ez baigiņan asmo berdiņekoak neskatxa abek eta ni: berai kale aldeko bizi-modua gustatzen zitzayen, eta neri berriz baserri edo mendi aldekoa.
Etzan lantegi txarra, baņan ni illuntzerako nekatu egiten nintzan; egun guztian oņaren gaņean ibili bear baitzan, eta nik zimendu txarrak izan.
Egun batez nere agintariai esan nien ia beste lantegi bat bai al zeukaten neretzat, neke gutxiago zuana. Erantzun zidaten bayetz, eta ala eman zidaten.
Geroztik beti Donosti-ko Ayuntamentuaren serbitzari izan naiz, orain aspaldi ontan nere eginkizuna Oriamendi-ko uraren depositua zaitzea dala.
Lantegi au eskeņi zidatenean, Donosti-ko kale batean porteri bat ere banuan nere izenean, nai nuanean ezkondu eta bertan bizitzeko, eta orduan, orain emazte dedan oni, esan nion:
Pilar: laister ezkondu egin bear degu, eta nik badauzkat bi etxe nere izenean, bat kalean eta bestea mendi aldean. Orain zuk esango dezu nun bizi nai dezun.
Eta, bera ere nola baitzan baserrian jayoa, auxen erantzun zidan:
Nik ez det kalean nai; nik nayago det mendi aldean bizi.
Ala, ezkondu ezkeroztik mendi aldean bizi gera, seme bat eta bi alabakin. Gure etxe au oso leku paketsu eta alayean egiņa dago, Ayete ballarako Oriamendi inguruan. Emendik ikusten dira ederki Donosti eta bere inguruko ballara geyenak, bai Gipuzkoako mendi geyenak eta Naparroakoak ere. Ixiltasun atsegiņean bizi gera fabriketako eta gaņerako soņurik entzun gabe. Pakea nai duana betor mendira. Emen dago pakea, zoriona eta alaitasuna.
Baņan nik, nere pake-toki ontatik ere, askotan oroitzen naiz nere gerra-denboraz. Eta egun batez, ala gogoak emanda, bertso auek jarri nituan:
Milla beatzireun gaņera ogei ta
amaseigarren urtian,
gerra triste bat sortu zitzaigun
Espaņiyako partian;
esan biarrik ez dago zala
soldaduentzat kaltian,
ni ere kintak arrapatuta
or ibili naiz tartian,
amaika amaren seme sartu da
urte auetan lurpian.
|
Bizkayan Yurre izena duan
erri batian sartuta,
bizirik juxtu atera nintzan
sari ederra artuta;
Mayatzak ogei ta lau zituan
egunian erituta,
kamilleruak jaso niņuten
geyena odol ustuta,
ospitalera ekarri naute
tiruak anka moztuta.
|
An bi anayak alkarren kontra
giņala guk ez genekin,
inkurriorik gabe alkarri
tiroka fusillarekin;
urrena berriz ospitalian
bildu giņan alkarrekin,
negar egiņaz berak esana
ordun pena ederrarekin:
Ire oiņ oyek jotako balak
NERONEK TIRAKO NIZKIN.
|
|