Sagardotegiak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak

Sagardotegiak

Sebastian Salaberria



Auspoa Liburutegia. 247

Sendoa Argitaldaria 1997



Liburu osoa PDFn



“Gure kolejioak sagardotegiak” esan zuan Udarregi bertsolariak. Billera-leku ori bertsolari-iturri zala aitortzea zan ori. Baita euskeraren eta euskal izaerarena ere.

Sagardotegietan danetik izaten baitzan: bertso, kantu, ateraldi, zelebrekeri, jolas, apustu, itz-aspertu, umore... Baserritarrak eta kaletarrak, langilleak eta aundimandiak, era guztietako jendea zan an alkartzen zana. Eta danak euskera bizi eta jatorra ezpaiñetan zutela.

Ori ala izanik ere, sagardotegiaren berri adierazten digun libururik ez genduan orain artean, euskeraz beintzat. Utsune ori betetzera dator Sebastian Salaberriaren idazlan berria.



Itzaurrea



Sebastian Salaberria aspaldiko ezaguna dute Auspoa-ren irakurleak.

Oiartzunen 1915-ean jaioa izanik 36-ko kintoa zanez, gerrara joan bear izan zuan noski. Orduko bere gertakizunak nobela gisan kontatu zizkigun bere leen liburuan, Neronek tirako nizkin izenburuarekin, Auspoa-ren 38-garrenean. Idazki orrek Agora Saria irabazi zuan 1964-an; eta, agortua zanez, bigarren argitalpena izan du 1994-an.

Salaberria adiskidea bertso-jartzaille oparoa ere badanez, aren saillak bildu eta liburu batean agertu ziran, Auspoa-ren 172 zenbakian, 1984 urtean, Nere soroko emaitzak izenburuarekin.

Beren egillearen literatur-sena argi eta garbi azaltzen dute liburu oiek. Denborarik balu, beste zerbait ere idatzi naiko lukeala bein baiño geiagotan entzun izan genion berari. Orregatik, jubilatu zanean, alako gaitasuna berekin duan gizona idaztera bultzatu bear zala dudarik etzegoan. Berriro ere liburugintzan jarri, alegia. Ortarako zein bidetatik jo, ordea?

Alkarrekin itz-aspertu gozo asko egiñak geran ezkero, eta aoren itz-jarioa biotzaren ugalmenetik baidator, bere gazte denborako sagardotegietara sarritan ekarri zuan Salaberriak izbidea: etxeen izenak, nun ziran, ango giroa,
gertakizunak, biltzen zan jendea, kantatzen ziran bertso eta kantuak, zelebrekeriak, apustuak...

Zer geiago bear zan liburu bat egiteko? Bazegoan or gaia orriak eta orriak betetzeko. Sagardotegi bakoitzeko oroipenak papereratu zitzala, eta besterik gabe kontakizun egokia bezin bikain eta aberatsa osatuko zuala.

Ekin zion, beraz. Arrastoak egin eta egin, alegia, soroan golde-lanean bezela. Ortarako iraupen aundia bear dala esan bearrik ez da. Baiña egonarri oneko gizona degu gure Sebastian, eta azkenean ona emen aren soroko emaitza berria.

“Gure kolejioak sagardotegiak” esan omen zuan bertso batean Udarregi bertsolariak. Liburu au irakurtzen duanak ere jator aitortuko du sagardotegiak Euskal Erriarentzat gauza garrantzitsua izan dirala, Gipuzkoako Beterri aldean batez ere.

Gure izaeraren iturri oien berri ematen digun idazkia degu, beraz, esku artean. Orrelakorik falta bazan, orra liburu berri au utsune ori betetzera etorri.

Bejondaiola, beraz, Salaberria jaunari, eta gure esker ona ar dezala, Euskal Erriari egin dion mesede berri onengatik.

A. Z.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org