|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Lenengo asekada
Lezoko Gabiria baserrira morroi joan nintzanean, zazpi edo zortziren bat urte nituan nik.
Garai artan gaur baiño baserritar geiago joaten zan Santo Tomasetan errenta eta kapoiak baserri-nagusiari eramatera, eta baserri ontako nere nagusi Joxe Agirrek ere eraman bear izaten zizkion Donostian bizi zan bere baserri-nagusiari. Errenta eta kapoien ordaiñez, nagusiak ematen zizkion bakaillo bat, bi tomate poto eta libra bat txokolate.
Auzoan bagenduan Daita izena zuan baserri bat. Ango maiztarrak ere, ain zuzen, Donostiara eraman bear izaten zituan errenta eta kapoiak. Antxe bizi baizan bere baserri-nagusia.
Kapoiekin eramaten zituzten bi baserrietako saskiak Gabiriako nere etxekoandreak ekartzen zituan Donostiatik bere etxera; eta, nere nagusiari bezela, berdin ematen zizkion bere baserri-nagusiak Daitako gizonari ere: bakaillo bat, bi tomate poto eta libra bat txokolate.
Santo Tomas egun artan, arratsaldean, iru t’erdiak alde ortan, nere etxekoandre Eulalik bialtzen niñun. Xestoa eskura ematen zidan esanez:
Tira: au eraman zazu Daitara, eta txintxo-txintxo etorri illundu baiño lenago.
Ala joaten nintzan, nere xesto ori artuta, baserri artara. Ate ondora inguratzen nintzanean, ots egiten nuan, esanez:
¡Ave María purísima!
Gure gurasoak orrela mintzatzen erakutsi baiziguten, iñora joaten giñanean.
Lenengo ongi etorria zakur aundi batzuek egiten zidaten, zaunka ta zaunka, beren kateak puskatu bearrean. Gero azaltzen zan emakumeren bat, eta sotoko atea zabaldu eta esaten zidan:
Etorri al zera, Xaixtien? Atoz, atoz, gizarajo ori barrena, kanpoan otz izugarria dago ta.
Alaxe, eramaten niñun sukaldera. Emen izaten ziran beste bi emakume; eta neri atea zabaltzen zidanarekin, iru: bat bertako etxekoandrea, andre lodi-lodi bat; eta beste biak etxekoandre onen koiñata eta izeba zirala uste det.
Dana dala, neri beintzat maian exeritzeko esaten zidaten, eta ez nintzan asarre izaten, tripazai ona izan bainaiz nere denboran, eta orduan ere bai. Berealaxe ekartzen zidaten baxo erdi bat ardo; eta, au edaten nuan bezin laster, kafea, bero-beroa, kopatxo bat patar txuriarekin.
Au ere artzen nuan; eta iru emakume aiek suari atzea eman eta irurak neri kontuak galdezka. Nik esaten nizkioten eta aiek naiko parra egiten zuten nere kontura.
Gero, lau t’erdiak alde ortara, or ekartzen zizkidan emakume oietako batek gazta-pusketa bat ogiaren tartean eta baso bat ardo. Aiek ere jan da edaten nituan.
Eskerrik asko. Gabon pasa -esan eta illuntzerako etxera.
Orrelaxe ibili nintzan urte batzuetan, kapoiekin ibiltzen zuten xesto ori Gabiriatik Daitara eramaten, eta urtero len esan dedan arrantxo modua ematen zidaten.
Baiña baserri artara xesto ura eramaten asi eta andik iru edo lau urtera, ez dakit ba nik zenbat urte izango nituan, amaika edo amabi beintzat geienaz ere; eta, jakiña, gaur ere gogoratzen naiz oraindik ederki, beste urteetan galtza motxekin bezela, egun artan nola joan nintzan galtza luxeekin.
Beti bezela, ate inguruan ots egin det, esanez:
¡Ave María purísima!
Zabaldu didate atea eta sukaldera. Bereala esango zidaten:
Etorri al zera, Xaixtien? Atoz, atoz, gizarajo ori su ondora eskuak berotzera.
Ala, eskuak berotu eta maira baxo erdi bat ardo eman zidaten, eta bereala kafea, bero-beroa, bere kopatxo batekin.
Jakiña, emakume aiek zaleturik egoten ziran ni xestoarekin joateko. Nik ez dakit zer izketa egingo nituan, baiña amaika algara gozo egiten zuten aiek nere kontura.
Gero, beti bezela, lau t’erdiak alde ortan or ekartzen didate merienda. Nik ez dakit galtza luxeekin joan nintzalako edo zergatik, baiña baso bat ardo, beti bezela, ekarri zidaten; eta, beste urteetan gazta-pusketa bat ogiaren tartean eskura ematen zidaten bezela, urte ortan gazta osoa ekarri zidaten plateran maira, iru librako ogia eta kanibita.
Nunbait emakume aiek pentsatuko zuten egun artan ni galtza luxeekin joan nintzala eta gizon egiña izango ote nintzan, eta zerbait iruditzen zitzaioten gazta pusketa bat ogiaren tartean eskura ematea ume bati bezela, eta gazta osoa ekarri zidaten, komeni zitzaidana artuko nuala pentsatuta.
Jakiña, emakume gajo aiek gauza bat pentsatuko zuten; eta nik, berriz, bestea.
Neri janari aiek aurrean jarri zizkidatenean, amerikanorik aberatsena baiño ere kontentuago jarri nintzan; eta, aiek danak neretzat izango zirala pentsaturik, batere malizirik gabe, artu nuan ezkerreko eskuan iru librako ogia, eskubikoan kanibita, eta zarrast ebaki eta artu nuan erdia baiño geiago. Bere gaiñean jarri nuan gazta osoa, eta “Kaixo, motell! Au dek Amerika, au!” nere modu esaten nuala, asi nintzan kiski-kaska gazta ta ogia jaten.
Emakume aiek ekiten diote batak besteari begiratu ta algaraz eta parrez, eta nik nere modu esaten nuan:
Zer arraio ote dute emakume sorgin oiek? Txoratu egin ote dira?
Alako batean or konturatu naiz gaizki egin nuala gazta osoa ogiaren gaiñean artzea, pusketa bat kendu bear niola baizik. Baiña xaguak bezela jira guztian janda neukan, eta gero uzterik ez.
Ardoarekin ibili nintzan larri. Aldiko pixka bat bakarrik edaten nuan, baiña ala ere aitu egin zitzaidan. Emakumeak ikusten zuten basoa utsa zegoala, baiña ez aiek geiago eman. Artean ere gazta ta ogia dexente jateko, eta zerbait edan gabe ezin jan. Ura zan komeria. Ezin geiago jan eta utzi naita ere oso itxusia zegoan gazta ura, larrua kendutako pelotaren moduan; eta ederki kostata eta lotsatuta jaten bukatu nuan.
Noizbait utzi zioten emakume aiek parra egiteari. Bat pranko serio jarri ere egin zan. Izan ere, ez da arritzekoa, nik egin nuan lotsagabekeri ura eginda.
Nik ere larri aldegin nuan andik, “Eskerrik asko, gabon pasa eta urrenarte” esanda.
Ez nintzan geiago etxe artara xestoa eramatera joan. Izan ere, ainbesteraiñoxe lotsatu nintzan Santo Tomas egun artan, Daita baserrian gazta asekada izugarri ura egin nualako.
Etorri nintzan ba etxera, eta orduantxe ari ziran ukuilluko lanak egiten Bixente, Fermin eta Joakin. Neroni ere asi nintzan zerbait laguntzen. Ala, bukatu genituan ukuilluko lan oiek, ate zirrikitu guztiak zakarrarekin ondo-ondo itxita. Leioetan ere zaku zaar batzuk jarri genituan, otz ikaragarria baizan, nik ez neukan otz aundirik baiña.
Beintzat, egunez ere, teillatutik beera zintzilik bazeuden gutxienez metro erdi bateko jela-barrak, eta ortik atera kontua zenbateraiñoko otza izango zan.
Alaxe, argiak itzali eta gora sukaldera apaltzera. Su ederra zegoan eta geienak su ondora joan ziran lendabizi, eskuak berotzera. Nik nola ez neukan batere otzik, berotasun galanta baizik, maian jarri nintzan.
Ala, gure etxekoandre Eulali asi zan aparia maira ekartzen, eta esan nion:
Nik ez det apaldu bear.
Ez dezula apaldu bear? Izerditan zaude. Etzera ba gaixo egongo!
Ez; bestela. Korrika etorri naiz Daitatik. An jan dedana estomagoaren gaiñean gelditu zait, eta oira noa.
Tori kafesne pixka bat.
Artu nuan eta oira joan bai, baiña ezin lorik egin iñolako moduz. Gaiñontzekoak ere oiratu ziran apaldu zutenean. Aiek danak zurrungaz lo, baiña ni esnai nengoan, kopetatik beera izerdi-lurrun ederra botatzen nuala.
Gauean, amabiak alde ortan, egarriak ito bear nuan eta jeiki nintzan oitik. Alkandora xaar bat bakarrik neukan soiñean, txilborreraiño juxtu-juxtu irixten zana. Joan nintzan, nengoan bezela, sukaldera. Piztu nuan krisillua, artu nuan au esku batean eta bi litroko txarroa bestean, eta an joan nintzan sagardotegira, etxeordekora.
Egunez eta eguraldi ona egiten zuanean, etxeordeko ontara kanpotik sartzen giñan. Bazuan ate aundi bat gurdiak eta gaiñerako tresnak sartzeko. Baiña gauean etxe barrutik leio moduko ate txiki batetik sartzen giñan bertara. Jarria zegoan eskaillera moduko bat, eta an jetxi nintzan komeriante bat bezela, al nuan moduan.
Jarri nuan krisillua zintzilik. Emezortzi kargako kupela zegoan sagardoarekin. Bete nuan txarroa, jarri nintzan bertan exerita eta lendabiziko lau edo bost trago bertan egin nituan.
Etxeordeko au olakin egiña zan, eta ol auen zirrikituetatik inpernuko etsaia baiño ekaitz-aize gaiztoagoa sartzen zan; eta, pentsaturik pulmoni txarren bat arrapatuko nuala, artu txarroa eta krisillua eta sukaldera joan nintzan; eta, txarroa ustu nuanean, oira.
Baiña ura zan ezin egona! Lertuko nintzala uste nuan. Baiña nolabait ere pasa zan beintzat Santo Tomas gau ori eta ez nintzan asarre.
Urrengo egunean asi zitzaizkidan danak illea artzen:
Atzoko ortan merienda onen bat eman ditek Daitan -esanez-. I aizen bezelako jalea eta apaldu gabe oira?
Bai. Berandu zala pentsaturik, korrika etorri nintzan, da nunbait gaizki asentatu zitzaidan an eman zidaten merienda.
Nik ez bainuan esan nai zer lotsagarrikeri egin nuan.
Baiña andik egun batzuetara lertu zan aunditxoa. Daitako etxekoandrea eta gurea alkartu dira Errenteri aldean eta or esan dio zer egin nuan: gazta osoa jan nuala alegia.
Uste det egun artan sekulan baiño azkarrago etorri zala gure etxekoandre ori etxera. Berealaxe igarri nion serio xamar ote zetorren, eta laster nabarmendu zan. Bereala asi zan neri ots egiten:
Sebastian, atoz onera. Joan dan Santo Tomas egunean zer egin dezu Daitan?
Zer ba?
Zer ba esaten dezu? Zer ba? Gazta osoa jan omen zenduan. Egia al da ori? Zuk egingo dituzu oraindik aundiagoak ere, lotsik ez dezun lotsagarria! Zer esan bear du auzoko jendeak? Pentsatuko dute etxean ez dezula jaten. Labanarekin ebaki eta pixka bat artzea bezela ere gazta osoa artuko zenduan ba ogiaren gaiñean? Zoaz, zoaz! Ona dago Daitako etxekoandrea. Ala esan zidan: oraindaiñoko marka guztiak autsi dituzula. Ala zion: etzuala sinistuko, berak bere begiekin ikusi ez balu, mutil koxkor batek ori egin zezakeanik. Baiña ez al ziñan konturatu, jaten ari ziñala, etzenduala ondo egin gazta osoa artzea?
Bai. Konturatu nintzan. Baiña ordurako xaguak bezela jira guztiko azala janda neukan, eta nola utziko nuan ba? Etzazu pentsa: ez nintzan lan ederraren jabe egin. Ardo pixka bat izan banu ere, gaitz erdi. Eman zidaten basoa, naiz eta kontuz edan, ni konturatzerako aitu zitzaidan, eta gero ziran komeriak. Eskatzea lotsatu egiten nintzan, eta berak ere ikusten niñuten batere gabe nengoala, baiña etzidaten ematen; eta antxe bultza ta bultza. Al nuan bezela bukatu nuan beintzat, bai, eta ez nintzan asarre. Gero gauean gure kupelak pagatu zuan ederki.
|