|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Barbotegi
Barbotegi sagardotegia Donostian, Ulia mendira goazela, kamioaren ertzean ezker aldetik dago, eguzki epelak eta aizeak ondo jotzen dutela. Urte asko dituana edo antziñakoa degu bera.
Bertako nagusia, Joxe Dorronsoro, ogibidez igeltsero zana, garai artan, orain berrogei ta geiago urte. Bere kontura lana egiten zuanez, astoa bere karroarekin izaten zuan obrako materiala eraman-ekarrirako; eta, urte batzuk ola jarraitu ondoren, astoa eta karroa utzi eta kamioneta koskor bat erosi zuan.
Baiña bere orrekin asi ta bereala, andre bat il zuan kamionetarekin jota; eta Dorronsorok, bera urte askoren jabe zanez, utzi egin zuan igeltsero-lan ori, eta etxean tabernako lanak egiten jardun zuan, mundu ontatik bestera joan zan arte.
Urte askoan sagardoa egiten jardun ondoren, sagardoa egiteari utzi eta taberna edo ostatua jarri zuten bertan, eta gaur ere ostatua edo jatetxea dago etxe ortan. Donostiatik edo beste nunaitik ere ain eroso dagoanez, jende asko joaten da bertara; eta, norbaitek esan didanez, jaten ondo ematen omen dute.
Nik neronek ere gaztetxo nintzala asita ikasi nuan baserri ortara bidea, orain dala irurogei ta amar urte, oker aundi gabe. Orduan amar bat urte neuzkan nik, eta joan izan naiz Barbotegi sagardotegira sagardoa edatera. Eta badet arrazoirik zertaz joan izan naizen esateko ere.
Garai artan, ni Lezoko partean dagoan Gabiria izeneko baserrian nengoan morroi. Gaztetxoa nintzala gurasoak il zitzaizkidan, eta baserriak izan ziran neretzat ikastolak edo ikastetxeak, eta nere gazte denbora guztia etxe oietantxe pasea det morrontzan, gero 36-ko anaiarteko gerra negargarri artara joateko.
Baiña Barbotegi sagardotegiarekin ari naizenez, Joxe Agirrek, Gabirian bertako nagusia zanak, ukuilluan ganaduentzat azpitarako izaten dan zakardegi aundi bat ibiltzen zuan Ulia mendian, Tiro de Pichón kiroldegiaren azpiko aldetik, itxas aldera.
Nagusiaren bi seme, Bixente eta Fermin, bost edo sei egunetan antxe jardungo ziran, egun guztian asko gelditu gabe, zakarra edo ganaduaren azpigaia ebaki eta ebaki. Eurak eramaten zuten etxetik bear zuten janaria eta edaria.
Ebaten zuten zakar ori antxe egoten zan egun batzuetan legortzen edo arintzen, eta gero nagusi Joxe eta biok joaten giñan ganaduak eta gurdiarekin eske. Bezperan esango zidan:
I, Sebastian: biar goizean goiz joan bear diagu Ulia mendira zakar eske. Goizeko iruretan atera bear diagu etxetik. Ni joango nauk aurretik zakarra bildu edo prestatzera, eta i etorriko aiz ondotik ganaduekin axkar-axkar. Badakik lantokia urruti daukagula; eta zenbat eta azkarrago ibili, guretzat obe.
Baziran amabi edo amairu kilometro joateko, eta beste ainbeste etortzeko. Nagusia bera bide lasterrez joaten zan lantegira.
Baiña nik, ganaduak eta gurdiarekin, kamioz joan bear izaten nuan, farol-argia eskuan nuala, Barbotegi baserriaren ingurutik gora, goiko gaillurreraiño; eta emendik beera itxas ertzeraño. Ederki nekatuta irixten nintzan kargalekura, oin azpiak minberatzeraiño. Iñoiz beatz tarteak odoldu ere bai. Eta nik nere gisa esaten nuan:
Jesukristo gure Jaunak asko sufritu zuala? Nik ere sufrituta irabazi bear badet zerua, onezkero ederki irabazita zeukat.
Nagusia, sasoiko gizona zanez, ni ganaduak eta gurdiarekin joaterako, zakar pilla aundiak edukitzen zituan bilduta; eta, ni goseak auldurik nengoan arren, segituan asten giñan gurdia kargatzen.
Nik ganaduen burutan edo uztarri gaiñean eramaten nituan beti etxean jartzen zizkidaten jatekoa eta edaria. Baiña astirik ez gendualako, arratsaldeko ordubiak edo ordubi t’erdiak arte ez genduan ezertxo ere artzen.
Bide aldapatsua eta luzea zalako, iru beajetan ateratzen genduan beeko arroka ingurutik goiko Tiro de Pichón kiroldegi gaiñera; eta an leku berdiña edo patxaratsua zegoanez, bertan kargatzen genduan gurdia, eta jartzen genituan lurrean zeuden zakar danak, atzera eta aurrera luzatuz eta zabalduz, ganaduak zakarpean estaltzeraiño.
Barko aundi oietako bat zirudian gure gurdiak. Meta aundi bat egiteko ainbat zakar eramaten genduan aldiko. Baiña etzan jolasa izaten Ulia menditik Gabiria baserrira zakarra eramatea. Gaur ez luke noski iñork artuko lan ori, ala obea ere ta.
Gurdia bear bezela kargatu eta sokaz ondo lotuta jartzen genduanean, esango zuan nagusiak:
Bueno, orain jan egin bear diagu. Ni goseak netxegok.
Nik:
Oraintxe neroni ere erortzeko zorian nago, ba, auleriaren auleriz.
Eta gosaldu eta bazkaldu biak batera egiten genituan.
Gogoan det oraindik, jaten ari nintzala nola aur batek bezelaxe lo artzen nuan. Baiña etzegoan lo egiterik, etxea urruti geneukala pentsaturik.
Menditik kamiora irteten giñan gurdi zakarrarekin. Baiña ni gurdian zakar gaiñean jartzen ninduan nagusiak, ikusirik oiñak odoldurik neuzkala, ibili ezin nintzan moduan.
Beerakoan, Barbotegi sagardotegia kamio ertzean eroso zegoanez, sagardo ederra bertan edaten genduan. Eta etxekoandreak, neri oiñetara begiratuz:
Zer dezu, mutiko, oiñetan? Miña al daukazu?
Eta nik:
Bai, nekatu egin naiz ta.
Baiña nola etzegoan luzaro sagardotegian egoterik, bereala Errenteri aldeko kamioa artuko genduan; eta, emendik Lezora edo etxera. Pasai Antxora inguratzen giñanean, nagusiak esango zidan:
To amar xentimo tranbeko beajea pagatzeko. Errenterin jetxi eta joan adi azkar etxera; eta uztartu beiak eta etorri adi beera puntakoa egiteko.
Bide aldapatsua baigenduan etxera igotzeko. Eta noizbait, ez nik nai ordu, illunduta etxeratzen giñan. Eta nik, apaltzeko premia neukan arren, danak utzi eta lotara joaten nintzan azkar, eta ez nuan izaten seaskari eragin bearrik lo artzeko.
Probatu ez duanak ez daki aurtzaroan guraso gabe gelditzea zeiñen tristea dan. Ez diot iñori opa.
Len esan det amar xentimo ematen zizkidala nagusiak tranbeko beajea ordaintzeko. Garai artan, orain irurogei ta amar urte, prezio auek izaten baiziran Donostiako tranbe zurian ibili bear zuanarentzat: Errenteritik Pasaira, amar xentimo; Ategorrietara, ogei xentimo; eta Donostiara, ogei ta amar xentimo. Eta etzan, ba, beste munduko gauz bat. Baiña askotan aiek ere izan ez patrikan. Beartsuari, esaera dan bezela, ez baizaio bein ere alkandora ipurdira irixten.
Ganaduekin kamioan ibiltzeko ere etzan gaur daukagun eromenik edo eragozpenik izaten. Tranbea kamioaren bi ertzetatik, aldizka pasako zan kotxe edo kamioi zaarren bat, eta garai artan kamioa itzaientzat izaten zan, eta alaxe ibiltzen giñan.
Andik egun gutxira, eguraldi ona bazan, berriro ere Ulia mendi aldera begira jarriko giñan. Nagusiak bezperan esango zidan:
Biar goizean ere goiz atera bear diagu etxetik.
Nik:
Biar ere Kalbario mendira joateko eguna al degu? Beste nekaldi bat geiago! Nere oiñak ez dira, ba, ondo sendatu.
Eta berak:
Motell, motell, ori ez dek ezer!
Eta beldurrez joaten nintzan lotara. Olaxe ibiltzen giñan urte guztirako zakarra edo ganaduen azpigaia etxeratu arte. Meta-illara luzea jartzen genduan etxe inguruan.
Ganadua ere asko edukitzen zuten baserri ortan: idiak, bederatzi edo amar bei, beste zortzi bat zekor, oillo-mordo bat eta konta ezin ainbat konejo ere bai; eta izaten genduan galtzak bete lan.
Ikusten dezutenez, gazterik ikasi nuan gurutze astuna eramaten. Eta gaur ere, larogei ta bat urteren jabe izan arren, emen daramakit sorbalda gaiñean ain astuna dan gurutze arantzadun ori. Azken une samingarri onetara iritxi naizen arren, ez daukat bizitzeko ere pozik. Badet neure etxea, badet emaztea eta baditut seme-alabak ere; baiña ez banitu bezelaxe aurkitzen naiz. Ez didate aurpegira begiratzen. Eta ni emen, Ernaniko zaarren Egoitzan, bizi naiz. Auxe izango da noski nere azken ostatua.
Badet Barbotegi sagardotegiari buruz zerbait geiago ere esan bearra. Au gertatu zala izango dira berrogei bat urte, oker aundirik gabe.
Igandea zan. Len sagardotegia zan bezela, garai artan taberna zan Barbotegi baserrian, gaur dan bezelaxe. Eta lagunarteko umorea, alkarri broman gezurrak esatea, txisteak kontatzea, edo bertso zaar eta berri kantatzea, sagardotegietakoa edo tabernetakoa izaten zan garai artan.
Baiña egun artan bertako giroa une batetik bestera zearo aldatu zan; onetik txarrera alegia. Len pake santu ederrean ain umoretsu geundenak, beldurgarrizko burrukaldi bat ikustera beartuak izan giñan.
Baziran bi lagun. Bat ezagutzen nuan; bestea ez. Bat kale-garbitzaillea edo barrenderoa zan; igeltseroa bestea.
Bertako etxekoandreak esan zigunez, egun guztia bertan paseak ziran jaten eta edaten. Edan geiago noski jan baiño, an giñanak ikusi genduanez. Alako ondorenak izan ziran gero.
Ni arratsaldean joan nintzan, lagun batzuekin meriendatu asmoz; eta, otordua egin genduanean, beti bezela nere lagunak asiko zitzaizkidan zirikaka:
Zer? Gaur ez al degu bertsorik, ala? Ik badakizkik, ba, Sebastian, Txirritak eta Pello Errotak alkarri kantatuak bertso eder askoak!
Eta, pakerik izango bazan, ekin bear izaten nion kantatzeari, bertso zaar eta berri, jendearen naia egitearren.
Alaxe, danok umore ederrean geundela, illunabarrean, zortzirak alde ortan, aserretu ziran, ba, eguna jan-edanean pasa zuten bi lagun aiek, alkarri itz gogorrak eta itxusiak esanez; eta azkenean, zearo berotu edo euren onetik atera ziranez, ekin zioten biak burruka, eta saio latza egin.
Ondoren, kale-garbitzailleak atera zuan patrikatik labana aundi bat, eta ekin zion zist eta zast. Ez genduan ikusi zenbat bider sartu zion sabeletik; baiña etzan bereala aspertu. Gustora jardun zan, txikiatzaille baten gisa.
An erori zan lurrera igeltsero gizarajoa; eta, zutitu nai eta ezin, naiko lan bazeukan berekin.
Gu ere joan giñan, ba, berari lagundu asmoz, eta or ikusten ditugu lurrean egoardian bazkaltzen jan zituzten arkumea eta illarrak.
Bereala aldegin zuan lasterka kale-garbitzaiIleak, eta eraman zuten igeltseroa ere Klinika San Inaziora.
Nunbaitik ere agertu zan aldi luzean goseak zebillen zakur oietako bat, eta berak jan zituan sabeletik atera berriak ziran arkume pusketak. An etzan ezer alperrik galdu.
Baiña illarrak ziran lurrean aruntz eta onuntz zebiltzanak, eta batek baiño geiagok oinpean ere artzen zituan, eta ala dio agure erdeldun batek:
¡Mantenga limpia la ciudad!
Une artan etxekoandrea mostradorean zegoanez, entzun zuan agure erdeldunak esan zuana, eta bereala bialdu zuan neskatxa eskoba eta palarekin. Kosta zitzaion ederki illarrak biltzen, baiña bildu zituan beintzat. Ikusi genduan nola txerriaren ontzira bota zituan, eta urrengo egunean txerriak jango zituan, eta kito. Esan bezela, an etzan ezer alperrik galdu.
Gero joan giñan, ba, len geunden maira; eta, artean ain berandu etzanez, zortzi t’erdiak aldea izango zan, berriro ere umoreari jarraitu genion. Jende geiagok ere nai zuan nik zerbait kantatzea, eta nere lagunak zioten:
Sebastian, gertakizun onek merezi likek bertso bat kantatzea!
Etzidaten pakean uzten eta onelatsu izan zan une artan kantatu nuana:
Ain umoretsu gaude gu emen
baiña aztu dira parrak,
mingaña zuten len indarrean
eta gero atzaparrak.
Lanak aguro egiten daki
txikiatzalle azkarrak,
nunbait odolak irakin dio,
orren suak eta garrak,
usu arraio atera dizka
arkumea ta illarrak.
|
Nik bertsoa kantatzen bukatu bezin laster, etorri zan etxekoandrea sukaldetik lasterka eta esan zigun:
Naiago nuke, mesedez, ixilik egongo baziñate, poliziak etortzekoak dira ta.
Eta andik aurrera gauz onik etzala pentsaturik, ixildu egin giñan eta jendea asi zan tabernatik kanpora irteten. Eta guk ere alkarri esan genion:
Obeko diagu emengo umorea aztu eta etxe alderako bidea artzea.
Eta, zer gerta ere:
Agur, etxekoak! Gabon pasa! -esan da aldegin genduan.
Urrengo egunean norbaitek ekarri zuan egunkaria gure etxera, eta bertan irakurri nuan bezperan Barbotegi ostatuan gertatu zan funtzioaren berri. Ala zion dalako egunkari ark:
Kale-garbitzaillea poliziak arrapatu eta kartzelan sartu zuala; eta sendagilleak lanik asko izan zutela. Operatu egin bear zala igeltsero zauritua, eta anestesia ematen asi ziran. Baiña nola ardo eta patar alkool asko zeukan bere barruan, ezin zuan bear zuan lanik egin anestesiak. Eta batere kordea kendu gabe operatu omen zuten.
Pasako zituan bereak eta bi. Eta, luzaro klinikan egon ondoren, sendatu ta etxerako moduan jarri zutenean, eman omen zion medikuak alta.
Baiña orain dator ixtori polita. Garai artan ez baizan gaur daukagun dalako Seguridad Social ori, eta gaixoaldia edo operazioa nork bere patrikatik ordaindu bear izaten zuan, sendagilleak alta eman zionean, operazioa zenbat kosta zan txartela ere eman omen zion: amasei milla pezeta. Naiko gutxi. Anestesia eman izan baliote, potoloagoa izango zan txartela.
Baiña igeltsero gizarajoak nola etzuan xentimorik, poliziak, medikuaren aginduz, artu aurrean eta espetxera eraman omen zuan, eta antxe kale-garbitzaillea eta biak berriro ere alkarrekin...
|