|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Garai bateko dirua
Len esan det tranbeko beajea edo joan-etorria zenbat kostatzen zan garai artan, eta xentimoak esaten genituan. Baiña orain esan nai nuke zer diru klase ibiltzen genduan emen, orain larogei urte.
36-ko gerra mingarri ura piztu zanean, soldadu joan bear izan nuan, Pamplonara lenengo; eta, kuartelean nenbillela, gaixotu egin nintzan. Paperak izeneko gaitza izan nuan, eta Alfonso Carlos izena zuan ospitalera eraman ninduten.
Etxe aundi bat zan ospital au, eta bertan berrogei bat egun pasa ondoren, medikuaren aginduz, gaitza pixka bat menderatu nuanean, jeiki eta poliki-poliki ibiltzen asi nintzan.
Dalako ospital au moro zaurituz betea zegoan. Ni zer ikusi etxe guztian ibiltzen nintzan aruntz eta onuntz; eta ibiltzeko moduan ziran moroak, jokoan aritzen ziran, lurrean exerita, eta zebilkiten diru dana xentimoak izaten ziran, kobrezkoak.
Orregatik eman nai nuke nik ezagutu dedan diruaren berri: xentimoak, bost xentimokoa, amar xentimokoa, kobrezkoak; bi errealeko zillarra, pezetako zillarra, bi pezetako zillarra, duroko edo bost pezetako zillarra, paperezko bost durokoa, paperezko amar durokoa, paperezko ogei durokoa, paperezko bosteun pezetakoa, paperezko milla pezetakoa eta ontzako urrea.
Beingo batez Ernanin ikusi nuan zerbait esan nai nuke orain. Nik sei bat urte izango nituan; orain irurogei ta amalau urte, oker aundirik gabe.
Oraintxe egiten dan bezelaxe, ostegunez peria egiten zan; eta, garai artan Errenterian bizi giñanez, nere osaba batek esan zidan:
Xaixtientxo, joan nai al dezu nerekin Ernanira? An erosiko ditugu karameloak.
Eta nik:
Bai, osaba. Pozik joango naiz bedorrekin.
Gogoan det oraindik nola Errenterian tranbe zurian sartuta Donostiara etorri giñan, eta emendik beste tranbean Ernanira. Nik uste nuan gutxienez mila kilometro pasa genituala; eta, oso beldurturik galdetzen nion nere osaba Antoniori -au nere amaren anaia zan, Antonio Yarzabal, berrogei ta amar urte zituana-:
Osaba, gero gure etxea billatuko al degu?
Eta berak:
Bai, umea. Nik badakit nundik joaten dan etxera.
Ernanira iritxi giñanean, bereala erosi zizkidan karameloak, eta baita alpargata txuriak ere. Ura poza nerea! Egun artan etzan ni baiño aberatsagorik Ernani guztian.
Etxera joan giñanean, amak bi musu eman zizkidan. Ondoren:
-Zer moduz ibili zera osabarekin?
Eta nik:
Oso ondo, ama. Ara zer erosi dizkiten osabak.
Papera kendu eta erakutsi nizkion karameloak eta alpargata txuriak. Eta amak:
Zer politak diran! Auek zikindu gabe jaso egin bear dira.
Eta nik:
Bai, ama. Bedorren kuartoko armarioan jasoko ditut.
Garai artan gaur Plaza Berri deitzen diogun lekuan egiten zan Ernanin ganadu larrien peria: idiak, beiak, zekorrak, zaldiak eta astoak. Baziran bertan zugaitz aundi batzuk plantanoak izenekoak, eta ganaduak aieri lotzen zizkioten. Eta txerriak, landareak, arropak eta kinkilleroak, gaur Atzietaz izeneko kalean jartzen ziran salgai.
Eta orain dator gertakizun xelebrea. Gu, osaba eta biok, arratsaldean ordubiak aldera inguratu giñan peri aldera. Txerriak zeuden lekura joan giñanean, oso jende gutxi zebillen artean, eta baserritar andre bat etorri zan asto-karroan, bost txerrikume saltzeko zituala.
Beste gizon bat, baserritarra au ere, txerrikume bat erosi asmoz joan zan, eta txerri-jabea eta biak asi dira tratuan, eta gizon erostunak galdera:
Txerri auetako batek zer balio du, etxekoandre?
Andreak:
Ez dakit, ba, zenbatean ari diran, oraintxe etorri naiz ta.
Gizonak:
Nik presa det, ba. Etxera joan nai nuke azkar, belarrak bildu bearrak dauzkagu meta egiteko eta.
Andreak:
Zure kontzientzira egingo degu, nai badezu.
Gizonak:
Bueno, ontzako bat pagatuko dizut, nai badezu.
Andreak:
Ontzako bat? Ez, ez. Ezta pentsatu ere! Txerri au gaur emendik eraman nai duanak, amasei duro pagatu bearko ditu.
Saltzallea eta erostuna biak gauza bera esaten ari ziran, ontzako urreak amasei duro balio baizuan; eta ori etzekian nunbait saltzalleak. Ai zer bi jakintsu alkartu ziran egun artan Ernaniko perian!
|