|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Azken-Portu
Orain irurogei ta bost urteko kontuak dira nere liburu ontan idazten ditudanak.
Azken-Portu baserria Donostian, Aiete baillaran, kamio ertzean dago: etxe txiki baju xamar bat. Bost bat laguneko famili bat bertan bizi izan zan: Juan Mari Arriaga eta bere emazte Manuela Goñi, euren iru seme-alabekin: Mariatxo, Arantxa eta Joxe. Ni ere urte askoan baserri ortan bizi izan naiz famili orrekin.
Aspaldiko etxe zaar xamarra zanez, euri asko egiten zuan gau batez, etxeko danok lotan geundela, teillatuaren erdia erori egin zan; jakiña, gu lo geunden alderdia ez, bestea baizik.
Orduan, beste baserri bat ere ibiltzen genduan, Mantulene deritzaiona, au ere kamio ertzean, Azken-Portutik Donostia aldera larogei bat metrotara. Gaur Juan Mari-enea dauka bere izena. Bertan ganaduak edukitzen genituan; eta, etxebizitza zanez, bertara aldatu giñan.
Geroztik, Juan Mari, Manuela eta Mariatxo il ziran. Jaunak berekin ditzala zeruan. Baiña famili orrek jarraitzen du Juan Mari-enea baserri ortan.
Gero erori egin zan Azken-Portu. Baserri au bere jabeak berritu egin zuan, eta sei edo zortzi famili bizi dira bertan; eta gaur ere taberna dago, Azken-Portu izenarekin.
Baserri au, antziñatik asita, sonatua izan da beti, taberna eta sagardotegia bertan izanik.
Ni urte askoan famili onekin bizi izan naizenez, zuzen eman nezake bertako gertakizunen berri.
Amar-amabi urtean jardun izan naiz ni ere sagardoa egiten Juan Mari eta bere familiarekin batera, eta sagardo on txinpartatsuak ere atera izan genituan, jendearen gogozkoak alegia; eta, Donostia inguruan sudur oneko sagardozaleak ditugunez, errez aurkitu izan dute Azken-Portura bidea.
Beste askoren artean, bazan Donostian gizon aundi bat, Iñaki Perurenaren edozein arrik ainbeste pixatzen zuana, medikua edo sendagille sonatua zana. Don Jose esaten zioten. Ez dakit nola zuan abizena. Baiña gogoan daukat traje dotorea, korbata eta sonbreroarekin ibiltzen zala.
Ain sagardozalea zanez, noiznai genduan Azken-Portun. Iñoiz aztu izan zitzaion gaixoei jartzeko termometroa. Baiña poltxikoak berekin izango zituan beti sakakortxoa edo kupela zulatzeko ginbeleta.
Baserriz baserri asko ibiltzen baizan gaixorik zeudenak sendatzen; eta bera joaten zan baserrian bertako nagusia gaixorik bazegoan, berak txoxtuko zuan kupela edo barrika, eta:
Au dek mama, au!
Ori esateko oitura zuan beti, eta baso aundia edaten zuan. Batzuetan txarrotik ere bai; eta iñoiz korbata sagardoz busti ere bai. Baiña gustora gizona.
Errezeta egiterakoan, gaixorik zeudenei sendagai berdintsua agintzen zien beti:
Zuk sagardoa edan bear dezu nai dezun guztia. Pixa asko egin bear dezu, zuk daukazun gaitzak pixean atera bear du ta.
Etzion aspirinak salduta farmaziari irabazi askorik emango.
Beste erremedio on bat ere bazuan, il bear zuan asko salbatu zituana. Bolara artan Euskal Erri osoan, bildurgarrizko gripe mingarriaren mende bizi zan jende geiena; eta Don Joseri bururatu zitzaion sangratu egin bearko zitula gaitz maltzur orren mende zeuden gaixo asko, eta alaxe egin ere. Besotik sangratzen omen zituan; eta bestela ilko ziran asko eta asko, bizirik atera.
Ortatik ere fama aundia artu omen zuan ain sagardozalea zan mediku jaun arek.
Sartu nadin arira. Goraxeago nion gaixo zeudenei sagardoa agintzen ziela; eta, gaixoarekin bere eginkizuna bukatutakoan, etzitzaion aztuko berriro ere kupelari edo barrikari bixita egitea. Tiro batekin bi txori iltzeko oitura baizuan: gaixoa eta kupela bixitatzekoa alegia.
Agur, etxekoak! Urrenarte! -esanez aldegingo zuan.
Sendagille jaun agurgarri au etzan jan da edatera bakarrik etortzen Azken-Portura. Kirola ere gogozkoa zuan, eta kirol mota edo klase askotakoak egin izan oi zituan.
Jakiña, bere barrena sagardoz pixka bat berotu arte etzan lan oietan asten, eta geienetan bertako nagusi Juan Marik eta biak egingo zituzten arrigarrizko saioak.
Lenengo, beintzat, lanik bearrezkoena egingo zuten sagardotegian zeuden kupelak edo barrika danak txoxtu; eta, “Au dek mama, au!” esanez, musu ematen zion bere gogozkoa zan kupelari, esanez:
Bejondeikela! Aurten ere portatu aiz, guk merezi ainbestean, Juan Mari! Emendik bear dizkiat nik milla botilla etxerako. Beti bezela, zaldi-karroan eramango dizkidak.
Geroxeago meriendatu egingo zuten. Obeto esan, apari-merienda izango zan: bakalloarekin egindako tortilla aundi bana, ondoren txuleta galantak jaten zituzten, eta gero postrea, gazta erdi bana intxaur mordo batekin.
Andik aurrera etzan giro izaten aien ondoan. Eta, jende-talde aundi bat bertan biltzen zanean, ekingo zioten kirolari esanez:
Galtzen duanak bion gastuak pagatzekotan!
Baiña asterako au esaten zion Don Josek Juan Mariri:
I, Juan Mari! I tranposo xamarra aiz eta emen gure artean gizon jatorrak bazeudek, eta auetako bat jarriko diagu juez.
Geienetan, Malmiztegi baserriko Migel Urrestarazuk beteko zuan eginkizun ori.
Atearen atzean egoten zan arri trakets bat, len noizbait arri-jasotzailleak erabiltzen zutena, eta arekin egiten zuten lenengo saioa.
Pesta polita ikusi ere bai beingo batez. Don Jose asi da arri orrekin burrukan; eta, bizkarreratzeko gutxi falta zuala, or erori zaio lurrera; eta, min artuko ez bazuan, ankak zabaldu egin bear gogotik, eta nun puskatzen zaizkion galtzak, lertu alajaiña, eta an agertu ziran ikusi bear etziran gauzak eta danak.
Ango jendearen gozatua! Danak parrez lertzeko zorian. Baziran bat baiño geiago ere euren galtzetan pixa egiñak. Nere ondoan zegoan batek ala zion:
Don Jose, biar emazteak izango du ordu pare bateko lana bedorren galtzak konpontzen.
Eta Don Josek:
Etzeukak beste zer egiñik. Aundiagoa dek nik artu dedan lotsa. Kaiolan ixil-ixilik zegoan txoria ere agertu dek, eta zuek danok arriturik berari begira. Ez al dezute bein ere txoririk ikusi ala? Nun dezute edukazioa?
Eta ala dio batek:
Don Jose, belearen antza geiago zuan orrek, txoriarena baiño!
Eta berriro ere jendea lertu bearrean parrez, eta nulo egin bear izan zuten arri-apustua.
Gero, zeiñek salto luzeagoa egin, arrai aundi bat eginda. Ortan biak berdintsu egin zuten.
Baiña oraindik falta zan apustu inportanteena, aari-apustua alegia, eta Juan Marik esaten zion:
Orain aari-apustua egin bear degu, Don Jose.
Eta berak:
Bai, motell. Ortan ere jokatuko diat, nai badek.
Kentzen zituzten gerriz gorako arropak, eta an agertzen ziran bi globo aundi ziruditen bi sabel edo tripa. Bat bestearengandik amar bat metrotara jarri erazten zituan juezak, eta ekingo zioten alkarri danbaka, plast!, bonba batek lertzen danean ateratzen duan soiñu ikaragarri baten antzera.
Atzeratuko ziran biak aariak bezelaxe euren arraietara; eta, juezak agintzen zienean, ekiten zioten berriro korrika, eta plast!, soiñu aundi bat nabaitzen zala, lotan zeuden aurrak eta danak esnatzeraiñokoa.
Orrelaxe jarduten ziran aldi luzean, eta bukatutzat ematen zuan juezak.
Gorputzez aundiagoa zalako-edo, geienetan mediku jauna irtengo zan garaille. Juan Marik etzuan beti ontzat artzen erabaki ori, eta bere asarrea bertsotan agertuko zion Don Joseri.
Eta, berriro ere euren eztarriak mama gozoarekin bustiaz, ekingo zioten alkarri bertsotan. Biak ere ondo zekiten kantatzen, eta or asten da Juan Mari bere asarrea agertzen. Gutxi gorabeera onelatsu kantatu zuten:
Apustu au neretzat
ez da izan fina,
juezak ez du egin
justizi berdiña.
Nik neure aldetikan
jo det alegiña,
baiña bedorrek beti
tranpa ta zikiña.
|
Don Joseren erantzuna:
Juan Mari, ikusten aut
naiko zapuztua,
galdu dekala eta
ez ago prestua.
Nik irabazi diat
ari-apustua,
orain ire gain zegok
emengo gastua.
|
Zorioneko apustua zala eta etzala, iñoiz naiko kopet illun ibili izan ziran alkarrekin. Baiña Don Josek au esaten zion beti:
Juan Mari, ez adi olakoa izan. Aztu egin bear dik orrek. Lagun bear diagu. Goazemak kupelera. Edan dezagun, penak aztutzeko ona izaten dek eta.
Zorioneko sagardoak aztu erazten zituan ikamika eta asarre danak, eta berriro ere bereala asiko ziran alkarri loreak botatzen. Azkenerako biak ere sagardoz bapo bustitzen baiziran, eta sake librean asten ziran alkarri aundi xamarrak esanez.
Ala zion Juan Marik:
Don Jose, oraintxe bertan gizon gazte bat baletor bedorrengana bere emazteak aurra egin bear duala esanez eta ea azkar joango dan mesedez, nola asiko ote litzake bedorri lanean?
Lenago ere bein baiño geiagotan esan diat nik au, Juan Mari: parto batera tientoan joaten banaiz, etzaizkidak gauzak nik nai bezin zuzen irteten; eta, zurruta puska bat eginda joaten banaiz, berriz, lan guztiak oso ondo egiten dizkiat.
Au neronek ere askotan entzun izan nion: tientoan asi ta urduri jartzen zala, emakumeak pena geiago ematen ziotelako.
Eta Juan Mari beti toreatzen ari bear zuan oietakoa zan eta or kantatzen dio Don Joseri bertsoa:
Nola baserrian da
kalean ere bai,
iñoiz andre gazteak
egiten dute ai;
aurrak jaio bear da
medikuaren zai,
ta bedorri ementxe
zurrutean lasai.
|
Don Joseren erantzuna:
Ni beti prest natxiok,
au izan kontuan,
abixurikan bada
an nauk bi saltuan;
zurruta eginda sartzen
banaiz ni kuartuan,
emakumeak ez dik
sufritzen partuan.
|
Jakiña, iñoiz etorri izan baizan une artan bere etxean medikua bear zuan norbait Azken-Portura Don Joseren galdezka. Sagardoa txotxean zegoan garaian ez baizan errez bere etxean arrapatzen. Garai artan gaur daukagun mediku aukerarik ez baizan. Konta errezak ziran gaixoak sendatzeko genituan medikuak. Esate baterako, Don Josek izango zuan bere gain Donostiaren parterik aundienetako bat, eta bere izena zan geienbat entzuten zana.
Ondoren esango dedan au ere Don Josek berak kontatua da guri egun batez. Bere emazteak galdetu omen zion:
Aizu, Joxe: nun dago Barkaiztegi sagardotegia? Zuk sagardotegi ortara joateko oitura dezu nunbait, eta gure bezero edo kliente askok deitzen didate telefonoz, esanez alegia gure etxe ontara deitzen omen dute, eta gauean berandu arte ez omen zaituzte aurkitzen; eta balekite nun dagon Barkaiztegi, bertara joango omen lirake. Neronek ere badaukat, ba, gogoa baserri ori nun dagon ikusteko; eta, eguraldi ona egiten duan batean, zurekin joan bear det.
Beti kontu berarekin ari omen zitzaion emaztea, eta Don Josek pentsatu omen zuan egun artantxe joan bear zutela paseo eder bat emanez.
Barkaiztegi Martuteneko baillaran dagoanez, Ernaniko tranbean erosoago joan zitezken. Baiña Don Jose iñoiz pikaro xamarra baizan, eta nekaldi edo aspertu bat eman nai zion nunbait bere emazteari, berriz geiago ez joatearren; eta, Donostian bizi ziranez, artu omen zuten Aiete aldeko kamioa eta Oriamendi aldean barrena ospitaletatik pasa eta Agerre baserriaren aurretik Lukasene baserrira. Gero, emendik Larrañategi sagardotegira, eta emendik Barkaiztegira.
Onera iritxi ziranean, ala dio Don Josek emazteari:
Auxe da Barkaiztegi.
Eta emazteak:
Jeeesus! Jesus! Aldean dago! Ni ez nator geiago onera!
Don Josek uraxe entzun nai zuan.
Ala dio emazteak bere aurpegi tristearekin:
Etxekoandre, silla bat emango al didazu mesedez? Asper-asper eginda nator da...
Ekarri zion silla eta:
Zerbait artu nai al dezu?
Bai. Kafesne bat ematen badidazu mesedez...
Bai; bereala. Bedorrek ere bai, Don Jose?
Ez. Neri ekarri txarro bat sagardo, egarriak ia itoan nago ta.
Geroxeago meriendatu omen zuten, eta berriro ere etxerako bidea artu bear, Donostiara alegia; eta ala dio emazteak:
Tranbean joan bearko degu, ba, Joxe, ni oso nekatuta nago ta.
Bai. An aurrean gelditzen da. Goazen azkar.
Don Josek olako deabrukeri txikiak egiten baizekian, eta geltokia baiño ondotxoz atzerago gelditu omen zan, esanez:
Ementxe gelditzen da tranbea.
Etortzen omen zan tranbea; baiña geltokian iñor etzegoala ikusirik, martxa Donostia aldera. Eta emazteak:
Utsegin degu, ba, Joxe.
Berak uraxe nai zuan.
Eta beste tranbea noiz dator?
Emendik ordu betera. Baiña ez gera aren zai egongo. Goazen azkar etxera, gu joaterako norbait egongo da nere zai eta.
Alaxe egin erazi zion joan-etorri beldurgarri ura bere emazte gaixoari. Geroztik ez omen zion geiago esan Barkaiztegira joan bear zuanik.
Ondoren esango dedan au ere Don Josek berak kontatua da. Sagardotegitik noiznai joaten omen zan etxera gauean berandu; eta, portaleko atea giltzarekin itxita bazegoan, bertsotan asten omen zan kalean aruntz eta onuntz. Indartsu kantatu ere, erri guztiak entzuteko moduan. Ez omen zuan altaboz bearrik izaten.
Eta orduan, naigabez beterik, pakean lotan zegoan bere emazteak zabaltzen omen zion atea, onela esanez:
Lotsak emangarria zu!
Berriro ere Barkaiztegitik Azken-Portura noa, Don Josek eta Juan Marik ainbat pesta eskeintzen ziguten etxe bedeinkatu artara.
Sagardoak esan erazten zituan gauz askotaz mintzatzen baizan jendea; eta Juan Marik ain gogozko zituan bere bertsoekin ariko zan beti ametsetan, eta jendeak ere parra pixka bat egin nai, eta or asten zitzaizkion:
Kanta akiok, Juan Mari, bertso bat Don Joseri.
Eta mediku jaun onek berak bezelaxe eskuak ere oso aundiak baizituan, eta esan nai zion alegia, aurra egin bear zuan emakumeari esku aundi ura sartzen bazion, min emango ziola. Eta onelatsu zan Juan Marik Don Jose medikuari kantatu zion bertsoa:
Don Jose, begiratu
kontzientziari,
lagundu aurra egin
bear duanari;
baldin sartzen badio
esku aundi ori,
miña emango dio
andre gaixoari.
|
Don Joseren erantzuna:
Sagardoz asetzean
egoten nauk trebe,
urduri ez jartzea
neretzako obe;
eskua sarturikan
xuabe-xuabe,
egiten dizkit lanak
miñik eman gabe.
|
Orain esango dedan au etzan danen gogozkoa izaten. Baiña sagardotegiak eta tabernak lege berdintsua zuten: gauean amarretan erretira egin eta ateak itxi.
Iñoiz izaten baiziran asarreak eta mutur jokak ere, naiz urrengo egunean danak berriro ere lagun, sagardotegian alkarri sagardoa eskeintzen.
Garai artan ez baizan politikari buruz itz erditxo bat ere esaten, eta ditxosozko sagardoak edo ardoak asarretu erazten zuan jendea. Baiña, zorionez, berriro ere edari maitagarri auek egin erazten zuten ain bearrezkoa degun pakea.
Baiña, badaezbada ere, egunero, len esan dedan ordu ortan, bi guarda rural etorriko ziran Aiete baillarako taberna eta sagardotegietara; eta, atea euren bastoi aundiarekin dan-dan joaz, esateko oitura zuten:
Erretira egin bear da, eta ateak itxi!
Baiña Don Jose Azken-Portun zan egunean, ateak ixten ziran, baiña danok barruan gelditzen giñala. Guardei esaten zieten:
Atozte nerekin.
Lenengo, naiko sagardoa ematen zieten kupeletik, eta gero sukaldera eraman erazi, eta:
Etxekoandre, eman gizon auei kafe konpletua nere kontura, merezia dute ta.
Eta sukaldeko atea itxi ta gu danok sagardotegira berriro ere. Don Jose errespetatu egiten zuten guardak ere. Jakiña, euskaldunak ziran eta, auek bertan ziran arte, etzuan iñork bertsorik kantatuko. Ala baizan Don Joseren ordena.
Baiña jendeak bai algara gozoak egiñez txolarte atsegiñak igaro ere. Sake librean asten baiziran Don Jose eta Juan Mari, sumatzen zituzten aundienak alkarri boteaz, eta lertzeko zorian danak parrez.
Guardak, aldi luzean sukaldean egon ondoren, irteten ziran onela esanez:
Agur, jaunak! Gabon igaro!
Gu ere erretiratu egiten giñan, eta Don Jose ere bai, itz auek esanez:
Agur, jaunak! Gabon pasa! Berriro arte!
Donostia aldera abiatuko zan, baiña ez espaloitik, kamiotik baizik. Baiña au bi gauz auengatik egiten zuan: kamioan ez baizebillen gaur ainbat kotxe; eta, bestetik, berriz, espaloitik joateko ez baizeukan bere buruarekin konfiantza geiegirik. Ondotxo bustia joaten baizan mediku jaun bertsolaria.
|