|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Oriamendi
ORIAMENDI baserria Aiete baillaran, Donostiatik Ernani aldera goazela, kamio ertzean dago, eguzkiak eta aizeak ondo jotzen dutela. Aspaldikoa edo antziņakoa da bera.
Joxe Martin Kalonje zana zan bertako nagusia, urte askoren jabe zana. Aspaldi xamar il zan. Eta bere emazte Frantziska Ezeiza ere bai. Zeruan bezate atseden.
Orain baserri ortan Joxe Martiņen erraiņa alarguna dan Konsuelo Otxoteko eta bere seme-alabak bizi dira.
Joxe Martin eta Pantxikak sei seme-alaba izan zituzten. Auetatik bost illak dira. Alaba bat, une onetan ez naiz oroitzen nola zan bere izena, Donostian, San Bartolome komentuan, urte asko moja pasa ondoren il zana; Xegundo, Andres, Joxe Leon eta Anizeto. Au Konsuelo Otxotekoren senarra zana. Jaunak berekin ditzala zeruan. Orain, lengoetatik, Julia bizi da bere jaiotetxea dan Oriamendi baserrian.
Baserri au sonatua izan da sagardotegi bezela, Ni orain dala irurogei ta zazpi urte etorri nintzan Aiete baillarako Azken-Portu baserrira morroi, 1929-garren urtean, oker aundirik gabe; eta garai artan, eta geroago ere bai, gizon-sagardoak egiten ziran Oriamendi baserrian. Txinpartatsuak edo jendearen gogozkoak, alegia.
Naiz bidean ibiltzeko oraingo erreztasunik izan ez, nola Donostia aldetik, Aņorgatik, Ernanitik edo Astigarragatik ikusi izan genduan nola zetorren jendea Oriamendi baserrira, euren eztarriak busti asmoz.
Neroni ere sagardozalea izan naizenez, gaztetxoa nintzala asita, makiņa bat sagardo eder edana nago etxe ortan.
Baserri ortan bazan besteetatik berezia zan Juan Kutx deitzen zioten kupel bat, jende guztia arriturik uzten zuana. Ain zan edari gustagarria bertatik edaten genduan mama gozoa. Pekatu txiki bat zuan kupel onek: guk nai baiņo lenago agortzen zala, alegia, ain maitea genduan iturritxoa.
Baiņa bereala sartuko zioten kanilla beste kupel bati. Eta jendeak azkar esango zuan:
Au ere Juan Kutx-en senidea dek! Au dek mama, au!
Onek esan nai du, alegia, baserri ortan etzala sagardo txarrik egiten, eta etzala iņor egarriak irteten sagardotegi sonatu artatik.
Donostia aldeko arrantzale jendea ere sagardozalea zanez, errez aurkitzen zuan Oriamendi baserrirako bidea; eta noiznai etorriko ziran txardiņak edo bixigu frexkoak artuta, onela esanez:
Kaixo, Joxe Martin! Zer moduz zerate? Juan Kutx-ek zer dio?
Joxe Martiņek:
Juan Kutx agortu berria degu; baiņa badegu beste bat asi berria, sukalde ondoko kupela esaten dioguna.
Arrantzaleak:
Ori ere ez da, ba, txarra egongo. Ea, probatu dezagun!
Eta edandakoan:
Au dek edaria, au! Lenago ere sagardo ederra atera izan dik kupel onek, eta orain ere etzeukak aitzaki aundirik.
Jarriko zituzten egur ikatzarekin egindako su-brasa ederrean txardiņak eta bixiguak erretzen, eta beroiek janez kupelari bixita maiz egingo zioten.
Arrantzale auek danak, euskaldunak ziranez, bertsozaleak ziran geienak, eta bazekiten bertako nagusi Joxe Martin bertsolaria zala, eta an asten zitzaizkion zirikaka:
Joxe Martin, kanta akiguzu bertso bat.
Eta pentsatzen luzaro egon gabe kantatzen zion. Ara egun batean jaulki zitzaiona:
Etxearen azpiko
gure sagastia
txertokitikan gora
bete da guztia;
beti onen inbiriz
dago Donostia,
aurten bada txardiņak
zerekin bustia.
|
Eta arrantzaleak eurak ere kantatzen zituzten, bertsolaria zan mariņelen batek noizbait jarritako bertsoak:
1
Bertso berri batzuek
nai nituzke para,
aditu nai duanik
iņor baldin bada;
legorrez aspertuta
itxasoetara,
irureun lagun
guaz Montevideora.
|
2
Deklaratu nai nuke
dakidan euskaran,
Pasaitik irten giņan
San Migel bezperan;
jendiari aditzera
nai nioke eman
kanpo zabal oietan
nola bizi geran.
|
3
Ilbeltzaren zortziyan
seņalamente zan,
geren buruz etsita
txit estu gebiltzan:
denborale txarrakin
alako tristezan,
sokorritu naiagatik
auzorikan etzan.
|
4
Barku sinple batian
onenbeste lagun,
ez dakit zer biaje
atera biagun;
kubiertan legorrik ez,
bodegan txit illun,
guretzako gauza onik
etzeguan iņun.
|
5
Orizonte onetan
sartu giņanean,
aizerik ez genduben
zortzi egunean;
jendia aspertu zan
geldi egonean,
eguzkiak erretzen
kubierta gaņean.
|
6
Berrogei egunean
linean igaro,
txit aize gustokuak
jo ginduzen gero;
gure Jaungoikuagandik
degula espero,
ondo allegatuko
gera onezkero.
|
7
Gizon konsejerua
genduben Juanes,
beņere kontenturik
ez digu eman janez;
guk eskatubagatik
ark guri eman ez,
diruba bazan baņa
bentarik iņun ez.
|
8
Barku sinple onetan
irureun persona,
txoruak sinistatu
falsuen esana;
beti abundoso da
urrutiko sona,
jan geiegik ez digu
galdu osasuna.
|
9
Bakallo usaiduna,
ustela sardiņa,
urdaiare zeguan
ill zanian fiņa;
ura ere ez naikua,
dena arrak egiņa,
urruti botatzen zun
usaia zikiņa.
|
10
Frantziatikan urre
Manis Donostiyan,
arrek engaņatuta
joan giņan ontziyan;
bera parako nuke
nik nere tokiyan,
ez dezan engaņatu
iņor probintziyan.
|
11
Orra bertso berriak
barkutikan jarri,
aditzera emateko
mundu guztiyari;
abisatzen diotet
bati eta biri,
abitua damutu
zaiola amaikari.
|
12
Orra amabi bertsoak
egiak kantatu,
gauza pasatakuak
nai ditut kontatu;
iņork jakin nai badu
zer zaigun gertatu,
orra paperak eta
txanpon banan artu.
|
Eta jan da edan bapo egindakoak, an joango ziran gure arrantzale zintzo eta jator aiek Donostia aldera, onela esanez:
Gabon pasa, etxekoak! Urrena arte!
Garai artan gaur baiņo ugariago ziran baserriz baserri morrontzan ibiltzen ziran mutilzaarrak ere. Baserri bat baiņo geiagotan ezagutu ditugu bi morroitaraiņo. Aiete aldean, beintzat, bazan garai artan mutilzaarretik aukera. Bazirudian Aiete inguruan zegoala morroi zaarren Mixerikordia edo Erruki-etxea.
Azken-Portun, sagardoa saltzen zegoala, ezagututa gaude: eguraldi txarra egiten zuan igande batez, konta errezak ziran Azken-Portura etorri ziran benetako sagardozaleak, eta aiek, ain eguraldi txarra zegoanez, illunabarrean garaiz aldegin zuten etxera.
Sagardotegian gelditu ziranak amairu morroi izan ziran. Gaueko guardak amarrak aldean etorri ziranean, ateak itxi eta erretira egin bear zala esanez, danak batera irten ziran kanpora; eta an egonaldi bat egin zuten kontu kontari.
Ni Azken-Portun bizi nintzanez, gelako leiotik entzuten egon nintzan batak besteari nola egiten zion galde:
Ik illean zenbat irabazten dek baserri ortan?
Nik zenbat irabazten dedan? Alpargata pare bat ematen zidatek, eta orixe izaten dek nere soldata.
Eta iri zenbat ematen ditek?
Ba, neri urtean galtza pare bat eta alkandora, eta orixe izaten dek nere soldata. Etxeko anaiak noizik bein zerbait ematen zidak, eta alaxe bizi nauk.
Beste batek:
Iri zenbat ematen ditek?
Neri bi pezeta illean.
Beste batek:
Iri asko xamar emango ditek? Oraindik gaztea edo sasoikoa ago ta lan asko egingo dek baserri ortan.
Bai; illean duro bat agindu zidak nagusiak. Baiņa urtean bein eramaten omen dik txekor bat mataderara, eta orduan egingo ditugula kontuak esaten zidak. Nere lengusu batek aldizka zerbait ematen zidak, eta olaxe bizi nauk.
Besteari:
I ixilik ago. Ez diguk ezer esaten.
Eta taldeko batek:
Bai. Au maltzur xamarra dek. Besterenak jakin nai izaten dizkik onek, eta bereak ixilik gorde.
Ba, esango dizuet garbi. Neri etxekoandreak igandeetan, nagusiaren ixilka, bi erreal edo pezeta bat ematen zizkidak, goizetan ukuillura joaten naizenean esneari ur pixka bat botatzeagatik. Gajoak nolabait osatu nai izaten dizkik esne artzalleentzat bear ditun litroak, eta naiko komeri ibiltzen dik bere esne orrekin. Jakiņa, au etxekoandreak eta nik bakarrik zekiagu. Ala esaten baitit beti: Jainkoagatik ez iņori esateko esneari ura botatzen diotenik. Zuei konfiantzan esaten dizuet. Baiņa deskuido santuan gure nagusiak baleki, artu aurrean eta bialduko netxiokek etxetik; eta ori ere etzaidak komeni, ez neri eta ez etxekoandreari ere. Faborez, zuek ez beintzat esan iņori.
Orrelaxe jardun ziran amairu mutilzaar aiek.
Bazituzten euren izengoitiak ere. Batek Itxua, gutxi ikusten zualako; Frantzesa, Joakin Landa, Pipas, Patxi Kokotz, Arto bi anaiak, Kostel, Norte, Abarkax, Patxi Lixar; eta taldean bazuten beste mutilzaar bat oso zuzena etzana: Joxe Beltxa eta Galarretako Beltxiņa esaten ziotena, beste asko bezelaxe baserriz baserri morrontzan ibiltzen zana.
Deabrukeri pranko egiņa zan batean eta bestean. Baserrietan gauean kanpoan freskatzen zeuden marmita esneak irauli edo ankaz gora bota. Baiņa lendabizi naiko esnea edandakoan egingo zuan ori. Eta beste baserriren batean etxe ondoan gurdia ikusten bazuan, artu eta aldapan beera bota.
Azio koxkor auek geienean gauez egiten zituan. Eta urrengo egunean gurdi-jabea egun guztian gurdi billa erotu bearrean, ezin aurkiturik:
Zein demoniok eraman ote dik gure gurdia? Nik ikusi izan banu, kenduko nizkioan mutur ezurreko otzak! -esanez.
Noizbait aurkitu omen zuan gurdi ori, baiņa eiztari batek eizean zebillela ikusi zualako non zegoan. Gurdi billa zebillen baserritar orren adiskide bat omen zebillen oillagorretan, eta ari galdetu gurdiren bat ikusi al zuan. Eta eiztariak:
Gurdia? Bai. Or beeko zulo ortan ikusi det sasi tartean sartuta dagoala.
Eskerrik asko.
Ori esan ta joan omen zan gurdi jabea eiztariak esandako erreka-zulo ortara, eta an omen zegoan gurdi ori, pertika puskatuta, kurpilla bat falta, ardatza zearo okertua, saietsetako olak ere puskatuak. Pilarmonika zaar bat omen zirudian.
Baserritar orrek, jakiņik Joxe Beltxa biurri xamarra zala, aren juzku egin zezakean. Baiņa garai artan bai-baiziran olamoduzko deabrukeriak egiten zituztenak geiago ere, nola asmatu pekataria nor zan?
Bere amarekin ere beti asarre eta errietan jarduten zan Joxe Beltxa. Ala esaten zion:
Zuk etxeko arrautza guztiak dendako andreari saltzen dizkiozu, eta sardin zaarrak ekarri etxera. Arrautzak ez dira txarrak etxerako ere.
Eta amak:
Bai. Ogia edo etxean bear diran gauzak ekarriko baditugu, zerbait eraman bearko diagu.
Beti orrelaxe jarduten ziran ama-semeak; eta gau batez Joxe Beltxa sagardotegitik bapo bustita joan omen zan etxera; eta, etxekoak lo zeudela, artu omen zuan eskuan itaia eta an dijoa oillotokira, eta oillarra utzi eta oillo ta oillanda danei lepoak moztu eta martxa meta azpira lotara. Eta urrengo egunean ere berriro sagardotegira txintxurra bustitzera.
Orrelaxe ibiltzen zana zan Galarretako Beltxiņa. Amari ere, bera lo zegoala, disimulo ederrean miatzen omen zion mantalaren patrika. Baiņa ama konturatu zanean lapurra zebillela etxean, andik aurrera koltxoiaren azpian gordetzen omen zuan mantala.
Sagardotegia zuan bere gogozko lekua. Baiņa sagardoa bezelaxe gustatzen zitzaizkion ardoa, txanpaiņa, kafea eta kopak ere.
Noiznai joaten zan Oriamendi baserrira. An biar pagatzekotan ematen baizioten sagardoa. Eta kankar aundia bereganatu zuan egun batez, pixa egin bear zuala eta kanpora atera zan; eta, etxearen azpiko aldean aldapa bizi-bizia danez, an joan zan bueltaka beeko zuloraiņo, eta antxe gelditu loitan sartuta, altxa ezin zala. Eta Joxe Martin goitik begira zegoanez, bertso au kantatu zion:
Zu ikusita urrikaltzen naiz,
Galarretako Beltxiņa,
goitikan bera amildu eta
loitan or zaude etziņa.
Zartu ezkero jakiņa dezu
iņork ikusi eziņa,
obe zenduke konpesatuta
lenbailen ilko baziņa.
|
Ondoren adierazi nai nukean gertakizun au 36-ko gerra garaikoa da. Militarrak gerra garaian, eta noiznai ere bai, lagun urkoaren gauzekin eurak agintzen dute edo jabe egiten dira. Francoren soldaduak Donostia eta inguruko erri eta errixka guztiak berenganatu zituztenean, Ernani aldetik Aiete aldera sekulako mando pillak zetozten.
Benta baserriko belardi eta baratzetan zeuden belar eta barazki guztiak, militar oienak balira bezela, jan edo ondatu zituzten; eta Joxe Martiņek ondorengo bertso au kantatu:
Goseak amorratzen
orrenbeste mando,
Gobierno batentzat
ez derizkat ondo:
berak ez baluteke
obetogo jango,
neskak kortejatzera
ez lirake joango.
|
Joxe Martin gizon jatorra eta langillea zan. Lan egokia edo artetsua gogozkoa zuan, baserri-langintza, naiz ganaduan eta soro-lanetan.
Baiņa bazuan besteetatik aparte apizio aundia zuan beste eginkizun bat: sagar-landarea zuan bere maitea, eta sagar motarik onenak aukeratu eta landatzen aleginduko zan geienbat. Orretxegatik izaten zituzten sona aundiko sagardoak Oriamendi baserrian.
Gogoan det: 36-ko gerra ondorenean sagar-urte ikusgarria izan zan. Baiņa Joxe Martin urte askoren jabe zana, almenak urritzen zijoazkion, eta giza indar gutxi etxean.
Semeak, geienak, ezkontza bidez irtenak ziran etxetik. Gazteena, Anizeto, soldadutzan. Emakumeak, berriz, izaten zuten lanik asko baratzan, eta gizarajoa bakar samar aurkitzen zan.
Ni auzorik aldeenekoa izanik, neregana etortzen zan, laguntzera joango al nintzan mesedez esanez. Eta, ain biotz oneko gizona zala jakiņik, bi bider pentsatzen egon gabe ematen nion nere baiezkoa, eta biok oso ondo moldatu izan giņan beti.
Sagastian sagar-zakuekin gurdia kargatu eta tolarean bear ziran lekuan jartzen nizkion nik.
Laguntza au ez nion egiten diruz ordaintzeagatik, borondaterik onenez baizik. Baiņa etzitzaion aztuko eskupekoa ematea. Ezta ere, sagardoa egiten zuanean, barrika koxkor bat, sagardoz beteta, gure etxera ekartzea, esanez:
Edan ezazute au familian.
Nik garai artan ganadu gutxi neukan ukuilluan, eta baratzez ondo osatzen nintzan. Baiņa ongarri edo simaurrez urri antxean. Eta goiz batez or ikusten det Joxe Martin gurdikada aundi bat simaurrarekin, gure baratzan ustutzen ari dala.
Esan nion:
Zer ari zera, Joxe Martin, gure baratzan simaurra ustutzen?
Eta berak:
Bai; gizona zera ta.
Sagar-urte arrigarri bat izan zan urte batez, eta gizarajoak izan zuan naigaberik asko. Sagar-zugaitza ain maitea zuanez, eta sagarra adarretatik zintzilik austeko zorian, eta adar auek puskatu ez zitezen, urtxilloak azpitik gora jartzen zeramazkin egunak.
Baiņa eginkizun au bukatu xamar zuala, laiņo beltz itxusiak estali zuten zeru aldea. Asi ziran tximistak eta trumoi ots izugarriak, eta arratsaldeko laurak alde ortan or etorri da sekulako arri-erasoa, eta sagar guztiak txiki-txiki eginda utzi.
Errosarioa santua errezatuz etorriko zan noski Joxe Martin gizarajoa etxe aldera, eta auzoko batzuek adarra jotzearren:
Arria egin digu, Joxe Martin!
Eta berak:
Bai; eta grazi ederrean gaiņera!
Badet beste zerbait ere esan bearra Oriamendi baserrian gertatua. Joxe Martin eta bere emazte Pantxika, biak ere urtez aberatsak ziranez, lenengo Pantxika gaixotu eta guztiok agurturik zerura joan zan.
Ni baserri ortan asko ibiltzen nintzanez, pertsona bat iltzen danean egin bear izaten diran gauzak neronek egin nituan. Au da, lenengo sendagilleari adierazi edo gertatu danaren berri eman. Ondoren Artzai Onaren edo Buen Pastor-ko elizara joan eta apaiz jaunak esango zidan noiz edo zein ordutan izango zan illeta edo elizkizuna. Ondoren, il-kutxaren gorabeera egin eta urrengo egunean izaten zan gorputza Polloe il-errira eramatea. Lau gizonen arte bizkarrez eramaten zan Donostian, Urumea ibaiaren gaiņean egiņa dagon Santa Katalina izeneko zubiraiņo, eta emendik zaldi-kotxean Polloeraiņo, gaur gauzak aldatu diran arren.
Etzion Joxe Martiņi on egingo emaztea iltzeak. Emaztea il da andik iru bat illebetera gaixotu egin baizan bera ere; eta gaixotasuna indartzen zijoan bezela, bera makaltzen zijoala ikusten genduan.
Oean etzanda zegoala larritasuna nabaitzen zuan. Orduan guk, bere seme Andresek eta nik, exertzen laguntzen genion, eta asko ixtimatzen zuan. Oearen egalean oiņak kanpora zituala egoten zan aldi luzean; baiņa beti umoretsu eta aurpegi alaiz ikusten genduan.
Aldizka bertsoren bat kantatuko zuan. Baiņa abotsa gutxitzen zijoakion, eta guk ezin ulertu zer esaten zuan, Ala ere, Andresek bazituan aitari, eriotzean zegoala, entzundako bertso bat baiņo geiago paperean idatziak. Baiņa Andres bera ere il zan, eta orain ez dakit nun izango diran bertsopaper aiek.
Nik neronek ere gogoan artu nion bat, eriotz une larri artan kantatu zuana. Onelatsu da oker aundirik gabe:
Agur egin bearra
nago munduari,
otoitzean eskatu
diot Jainkoari,
komeni baldin bada
emateko neri
asko kostata eindako
zeru eder ori.
|
Andik laster il zan gizarajoa. Zeruan beza atseden.
Bere emazte zana il zanean eskeiņi nion laguntza bera eskeiņi nion Joxe Martiņi ere. Au da, elizako eta gaiņontzeko egin bearrak zuzendu eta, oitura zan bezela, urrengo egunean gorputza eraman Santa Katalina zubiraiņo.
Baiņa aurrez eman nai nuke Oriamendi baserrian une artan gertatu zanaren berri.
Bazan Aiete auzoan, Paraiso izena duan baserrian bizi zan gizon bat, Deabrua esaten ziotena. Ni geien arritzen naizena Deabrua nolaz joan zan Paraiso-ra bizitzera. Dana dala, Oriamendi baserrikoak asarre izaten ziran gizon onekin.
Joxe Martiņen gorputza il-kutxan jarririk zegoan; eta, apaiza etorri zanean, agindu zuan gorputza beera jeixteko. Une artan iru semek artu zuten aidean. Baiņa lau lagun bear ziranez, eta ni, beste jende geiago bezela, beean sotoan nengoanez, Andresek otsegin zidan, esanez:
Sebastian, igoko al aiz, mesedez, aita beera jeixten laguntzera?
Eta nik:
Bai. Banetorrek bereala.
Artu genduan Joxe Martiņen gorputza zegoan il-kutxa ori; eta, eskailleretan beera gatozela, or sartzen da Deabrua il-kutxaren azpira. Berak ere lagundu asmoz egingo zuan noski.
Eraman genduan, ba, Joxe Martin gizarajoa, esan bezela, Santa Katalinako zubiraiņo; eta, apaizak bere otoitzak egin ondoren, zaldi-kotxearen zai gaudela, Joxe Martiņen semeetako batek, Joxe Leonek, au esaten dio bere osaba Linori:
Gure aita bere denboran lur zalea izan bada ere, oraintxe izango du, ba, aukera.
Osaba Linok:
Bai; eta uste diat nere anai au zuzen-zuzenean zerura joango dala.
Joxe Leonek:
Ala iruditzen al zaio, osaba?
Bai. Etxetik ateratzerako, deabrua azpian artu dik eta...
Oriamendi baserrian, lengo belaunaldietako Kalonjetarrak bertsolariak izan ziran.
Joxe Martin bertsolari zuzena eta egokia zan. Baiņa bera baiņo ondotxoz obeagoa zan bere anai Lino zana. Bertsoa errez etortzen zitzaion, eta oso kantari ona zan. Gustora egon izan giņan berari entzuten.
Joxe Martiņen semeak ere bertsolari onak izan dira. Andres eta Joxe Leonek etorri ona zuten. Aldizka kantatu izan genduan alkarrekin. Anai gazteenak, Anizetok, etzuan kirol ortarako apiziorik. Baiņa besteetatik ondotxo nabarmentzen zana, Xegundo, anaietan zaarrena, izan zan, naiz bat-batean kantatzen, eta baita ere bertsoak paperean idazten. Bertso-jarrialdi bat baiņo geiago baditu sarituak.
Martutene baillarako jaiak ziran egun batez, izan genduan deia: bertako jaiak zirala eta ea mesedez bertsotara joango giņan. Neri deitu zidan telefonoz jai oien ardura zuanak: Joxek, Aingelu baserriko nagusiak; eta ni joan nintzan Oriamendi baserrira Xegundori abixatzera.
Ala zion berak:
Bai. Ez dek abixu txarra. Baiņa andregaiarengana joan bearrean nauk.
Nik:
Motell, utzi akiok egun batengatik andregaiarengana joateari.
Eta berak:
Bueno, bueno. Esaiok Joxeri joango gerala.
Ama Birjiņa Mesedetakoaren egunez ospatzen dituzte Martutenen bertako jai nagusiak. Au da; iraillaren 24-an. Alaxe joan giņan, eta bi saio egin genituan, bat eguerdian eta illunabarrean bestea. Eta, gazteak dantzarako irrikitzen zeudenez, trikitixa eta panderoa astintzen asi ziran, eta danak dantzan jo ta kea.
Gero, urteak zijoazkion bezela, gaixotu egin zan nere lagun Xegundo gizarajoa; eta gau batez, 1986-ko otsaillaren 4-an, derrepente edo bat-batean, irurogei ta amabost urte zituala, il zan.
Egunkarian beraren izena zetorren eskela irakurri nuanean, biotza minberatu zitzaidan, sinistu ezin litekean moduan; eta ondoren, andik egun gutxi barru, eskeiņi nizkion bertso auek, irakurle, zure gogozko badira irakurri ditzazun.
1
Egunkarian agertu zaigu
berri negargarrizkoa,
irakurri det nola il zaigun
Xegundo Irolakoa.
Len irriparrez geundenok orain
begietatik malkoa,
naigabeturik utzi gaituzu,
lagun zar biotzekoa.
|
2
Udaberrian txorien gisa
gogoz abesten zenduan,
alaitasuna nabaitzen gendun,
Xegundo, zure onduan.
Guk ez daukagu geiago alkar
ikusterikan munduan,
baiņa arnasik dedan artean
izango zaitut goguan.
|
3
Amaika bertso eder botea
zera zu lagunartean,
bai makiņa bat idatzi ere
zure gelara joatean.
Argitaratu bearko dira
danak liburu batean,
Aita Zabalak bera bizi dan
etxera eramatean.
|
4
Orain bost urte egin zioten
oin batetik ebakuntza,
baiņa geroztik ondo zebillen,
zintzo zaindurik gorputza.
Uste gabean etorri zaio
bat-batean eriotza,
luzaro gaixo tristea baiņa
au ere ez al da motza?
|
5
Ezin uxatu zendualako
zeure oiņeko miņikan,
operatu ta or egon ziņan
luzaro Poliklinikan.
Bixitatzera joaten nintzan zu
lagun on bat izanikan,
alkar agurtu gabe il bear
ez daukat beste penikan.
|
6
Orain berriro amets egin det
zu gurekin zabiltzala,
Euskal Errian premizko gendun
oraindik zure itzala.
Zer naigabea esan bearra
lagun Xegundo il zala!
Otoitzen bidez opa dizut nik
Jaunak berekin zaitzala.
|
|