Oiartzungo sagardotegi batean


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Oiartzungo sagardotegi batean

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak



Oiartzungo sagardotegi batean



AMAIKA ibillaldi xelebre egiņak gera gazte denboran gure sagardotegietan. Orain urte askoko gertaera da esatera nijoan au.

Udaberri aldera jakiten genduan sagardo onak saltzen asi zirala an da emen, eta norbaitek or esan digu Oiartzun alde ortan, mendi aldeko baserri oietako batean, oso sagardo ona jarri zutela saltzen.

Gaur baiņo sasoi obea genduan; ez gindun aldapak eta gau illunak asko beldurtzen, eta bi lagun, Oriamendi baserriko Xegundo eta biok, atera giņan igande batez Donostiari dagokion Aiete baillaratik, eta jo degu Oiartzun aldera.

Bide trakets aldapatsu batean gora, egun argiz giņan eta oiņak nuntsu jartzen genituan ere ikusten genduan, eta alkarri esaten genion:

Or goien izango dek sagardotegi ori.

Noizbait iritxi giņan baserri ortara. Bere izena nola zan esan ziguten, baiņa orain ez naiz oroitzen. Oiartzundik Irun aldera goazela, Aldako esaten dioten baserri baten ondotik pasa eta ezkerretako bidean gora, beste baserri batzuen ingurutik pasa eta nik ez dakit nun barrena ibili giņan.

Baiņa oroitzen naiz lenengo ongi etorria zakur zaar lotsagabe batek egin zigula. Berez mutur beltza zan arren, ortza zuriak erakutsi zizkigun. Itzegiten etzekian, baiņa inguru artan berak agintzen zuala esan nai zigun alegia, eta kontuz ibiltzeko; eta etzuan arrazoi faltarik.

Nere lagun Xegundok, eskuan zeramakin makillarekin jotzeko keiņu egin zion. Baiņa bai ortza zuriekin azkar kendu ere, eta bera egin zan makillaren jabe.

Egarriak geundenez, sagardotegira sartu giņan mama gozoa edatera. Egun artan etzuan euririk egin; baiņa baziran bapo bustita zeuden sagardozale batzuk: sagardoa edan eta alkarri bertsoa bota. Gu sartu giņanean, beintzat, alaxe ari ziran; eta, gutxi gorabeera, onelatsu kantatu zuan batek:

Noiz ibili bear dek
gizona bezela?
Bart arratsean ere
bildu dek epela.
Or abil gerrikoa
zintzilik dekela,
ta nun deken jakin ez
buruko txapela.


Erantzuna:

Zertan ari aiz emen
neri kargu artzen?
Zer entzun bear deken
ez al dek pentsatzen?
Edorren pekaturik
ik ez dek aitortzen:
nik ez dit mozkortzean
emazterik jotzen.


Naiko kopetillun jarri ziran biak ere, alkarri itz gogor xamarrak esanez. Baiņa bereala baretu ziran, eta illunbistan aldegin zuten, etxera zijoazela esanda. Euren lagunak ere bide beretik joan zirala uste det.

Gero, sagardotegian gelditu zan jendea marmarrean jardun zan, esanez alegia, senarra sagardotegira joaten zan egunean, emaztea ganbarara joaten zala lotara, gizonak bizkarra berotuko zion beldurrez.

Emakume gajo ura ere etxekoandrea izango zan; baiņa neskame batek bezin arlote bizi bearko zuan, senar biotz gogorraren mende.

Kontuak kontu, lentxeago nion egun artan etzuala euririk egin, baiņa bazirala sagardotegi artan bapo bustita zebiltzanak.

Baiņa guk ere ase genituan, ba, legorteak. Gustora jardun giņan edan da edan.

Baiņa ondoren zetorrenak etzigun poz aundirik ematen. Etxeratuko bagiņan, bide kaskarrari ekin bearra baigeneukan.

Une artantxe bururatu zitzaidan Gaztelu eta Udarregi bertsolariak Igeldo bidean kantatu zuten bertso au. Jakiņa, gaur Igeldo bidean, eta nun-nai ere, kamio ederrak dauzkagun arren, garai aietan bide kaskarrak izango ziran.

Kontuak kontu, egun batez, Udarregi eta Gaztelu Donostiara etorri omen ziran; eta, eguna bertan pasa ondoren, gauez abiatu omen ziran euren etxeetara, bata Usurbilla eta bestea Aginagara.

Igeldo bidean gora jo bear eta, Mendizorrotz ingurura iritxi ziranean, ekin omen zioten alkarri bertsotan; eta alako batean puntu au jarri omen zion Gazteluk Udarregiri:

Gaiņak artu ditugu
laster gera bian.

Udarregik:

Estrepozoka nator
beldurrak aidian.

Gazteluk:

Ez dakit bide auek
nork egiņak dian.

Udarregik:

Paseatu izan det
paraje obian.


Bi bertsolari auek aitatu ditudan ezkero, euren zenbait pasadizo edo bertso ere aitatu nai nituzke liburu onetan. Udarregirekin asiko naiz.

Bein lagun-talde bat sagardotegian meriendatzen ari zirala, famili kontua berritu omen zuten: batek ez dakit zenbat seme-alaba zituala; besteak danak semeak zituala; eta beste batek zion, berriz, egiņalak egiten zituztela, baiņa, ezin zutela aurrik lortu...

Taldeko norbaitek esan omen zion Udarregiri ea bertso batean esango zuan, alegia, zer famili zuan; eta onela kantatu omen zuan:

Iru alaba ditut,
irurak gaztiak,
zarrenak zortzi urte,
sei ta lau bestiak.
Seme bat bear dala
dio emaztiak,
atarramentu txarra
jartzen dit tristiak.


Eta alaba aiek azten zijoazen bezela, iruretako bat senargaia edo nobioarekin jaietan paseatzen asi ere bai, eta bere garaian ezkontzea pentsatu zuten. Euren bigarren pregoiko igandea izan bear zuan. Neskatxak esan omen zion mutillari:

Datorren igande-arratsaldean ni siestan egongo naiz. Etorri zaitez gure etxeraņo. Laster ezkondu bear degu eta ezagutu bear dituzu nere gurasoak, eta aiek ere ezagutu bear zaituzte zu nor zeran.

Ala, joan omen zan, esan bezela, mutil ori baserri ortara, eta atea jo omen zuan. Udarregik berak zabaldu omen zion atea, eta mutillak:

Arratsalde on Jainkoak.

Garai artan errespeto aundiz mintzatzen baiziran gazteak guraso baten aurrean.

Eta Udarregik:

Zu al zera gure sui izan bear dezuna?

Bai, jauna. Ala esaten dute.

Sukaldea beean zutenez, bertara pasa erazi zuten mutilla, eta kafe beroa eskeiņi omen zion, geroxeago bere amagiarreba izango zan Udarregiren emazteak, bertsolaria bera ere.

Bereala asi omen zan gora deika Udarregi:

Pepita! Ea! Atoz azkar jeikita!

Emazteak:

Utzi akiozu, berak ere badaki ta!

Eta Udarregik:

Ez dakit, ba, mutilla ola edukitzea ez da egoki ta!

Pepita etzan une artan lo egongo noski, erbia bezin erne baizik.



Ondoren esango dedan gertakizun au ere Udarregirena dala entzun izan det. Garai artan atzerritarrak agintzen omen zuten emen, eta egun batez bildu omen ziran ostatu sonatu oietako batean, bazkaldu edo otordu bereziren bat egin asmoz, goi-maillako agintari-talde bat.

Udarregi ere gonbidatu omen zuten, pentsaturik maia alaitzeko ere beste edozein ainbestean moldatuko zala; eta, otordua egin ondoren, asi omen zan bertsotan. Baiņa etziran nunbait ain pozgarriak kantatzen zituan bertsoak, eta agintari jaun oietako bat urbildu omen zitzaion eta au esan omen zion:

Juan Jose, badirudi bertsotan beldurrez ari zerala. Baiņa gaur nai dezuna esateko badaukazu eskubidea.

Eta orduan kantatu omen zuan ondorengo bertso au:

Aurrean ikusten det
makiņa bat jende,
aberats eta pobre,
markes eta konde;
ez genduke esango
beldurrez bageunde:
zertan bizi beagu
erdeldunen mende?


Berriro urbildu omen zitzaion lengo agintari jaun ura, eta itz auek esan omen zizkion:

Juan Jose, ez kantatu geiago.

Nunbait bertso orrekin min eman zien agintari jaun aiei.



Orain Gaztelu aginagatarraren bertso bat dakarkit orrialde onetara. Gaztelu noizbait andregaiarekin paseatzen ibilia izango zan; baiņa egun edo une guztiak etziran neskatxaren gogozkoak izango garai artan. Bertsolariak parrandero xamarrak zirala entzun izan det, eta ez dakit neskatxari pazientzia aitu edo, aizea artzera bialdu omen zuan nobioa, eta Gazteluk bertso au kantatu:

Esan zenidan nekazaritzan
etzenduala etsiko,
denda koxkor bat ipiņi eta
biok giņala biziko;
zazpi ministrok beartuta ere
ez ninduzula utziko,
kariņo piņa artu zidazun
baiņa denbora gutxiko.




Barkatu mesedez. Oiartzun aldeko berriak ematen asi naiz; eta, batere uste gabe, Usurbil aldera pasa. Baiņa banator berriro ere len utzi dedan bideari jarraitzera. Gogoz ari giņala nion, alegia, sagardoa edan eta edan. Merienda ere oso ona eskeiņi baiziguten tortilla bakalloarekin egiņa; ondoren naiko aragi errea, eta kupelera maiz bixita.

Baiņa azkenerako kankarrekoa erantsi zigun disimulo ederrean, eta esan nion nere lagunari:

Bueno, motell: poliki-poliki abiatu bearko diagu aldapa ortan beera.

Bai? Beste baso bana edan da joango gaituk.

Pena ere ematen zigun ain sagardo gustagarria utzita aldegiteak. Baiņa gu bizi giņan etxeak urruti zeudela pentsaturik, Xegundok Oriamendira eta nik Azken-Portu baserrira etorri bear baigenduan:

Agur! Urrenarte! Gabon pasa! -esanez ekin genion bide trakets artan beera.

Ain zuzen, gau artan illargia ere gu baiņo zintzoago erretiratua izango zan nunbait, eta beldur giņan karobi-zuloren batera amilduko ote giņan. Illunaren illunez ez baigenduan ikusten oiņak nun jartzen genituan ere.

Ez dakit sagardoaren txinpartak edo zerk egiten zigun; baiņa uste gabeko erorkada batzuk ere egiten genituan. Ala ere, aztarrika batzuen ondoren, zutitu berriro ere eta segi, mutillak, aurrera!

Meriendatzen sobratu zan aragia ere artu genduan paperean bilduta poltxikoan, urrengo egunean gosaltzen jango genduala, eta txakurrarentzat ezurrak ere bai. Baiņa danak an galdu genituan.

Aiek al ziran, ba, bideak? Auntza bera ere etzan zutik egongo. Baiņa, kontuak kontu, noizbait, edo obetogo esateko nolabait, etxeratu giņan, bai, eta ez giņan asarre.

Alkar agurtzerakoan, batek besteari esan genion urrengo igandean ere joan bear genduala Oiartzun aldera; baiņa bakoitzak bere linterna eramatekotan.

Iritxi zan, ba, ez guk nai baiņo len urrengo igandea ere. Etxean esan genduan Ernanira goazela; baiņa gu Oiartzun aldera begira jarri eta bai zuzen asko joan ere.

“Gustoko lekuan aldaparik ez” dio esaerak. Baiņa berriro pasa bear izan genduan oso gogozkoa etzan aldapa trakets bildurgarri ura, sagardoa edango bagenduan; eta noizbait iritxi giņan beintzat baserri ortara.

Arrigarrizko jendetza zan bertan zurrutean ari zana; eta, norbaitek esan zigunez, egoarte artan ustu omen zan lengo kupela. Nagusiak kanilla sartu omen zion beste kupelari, eta an ari ziran eztabaidan lengo kupeleko sagardoa obea zala eta etzala.

Guk ere geure iritzia eman nai genduan, eta esan genien kupela berrikoa sagardo obea zegoala.

Lengo kupelekoak jo egiten baizuan, eta azkenerako bai berriak ere. Ala zion jendeak:

Sagardo onek badik deabrukeriren bat. Nik, beintzat, atzo baiņo gutxiago edan diat, eta sekulako kankarra arrapatu diat; eta emen nabillek zutik ezin egonik.

Beste batzuk, berriz, buruari eldu eta maian lo.

Beste bat, etxearen atzekaldean zegoan zugaitz baten azpian, oiuka:

Gizon baldin baaiz, etorri adi onera! Nik kenduko dizkiat muturreko otzak!

Bazirudian bertan zegoala Iberduero-ren indar-etxea edo zentrala. Ura-zan, ura, sasoia jendearena! Baiņa bitartean zutik ezin egon.

Guk ere bagenduan galtzak bete lan disimulatu nai eta ezin.

Gu abiatzeko aurrean, sartu zan aitona blusadun bat, bera ere naiko bustia:

Kaixo, jaunak! -esan zuan.

Ekin zion bereala sagardoa edateari, eta onela esaten zuan:

Au dek mama, au!

Ark etzuan iņor gonbidatzen. Norbaitek eskeintzen bazion, edan, bai. Kupelaren ondoan jarri eta tragoa maiz. Bera ere beste asko bezela jarri zan, ba, indarrean. Asi zan desapioka, onela esanez:

Nai duanari jokatuko niokek amar kilometro korrika zeiņek lenago pasa, eta lau orduan zeiņek belar geiago ebaki!

Urte askoren jabe zan batek esan zion:

Neronek jokatuko dizut, nai badezu.

Aitonak:

Bai, bai; konforme! Bota siņaleak!

Baiņa an etzuan iņork patrikatik dirurik ateratzen, eta aitonak:

Ik mingaiņa luzea, baiņa diru gutxi!

Nik diru gutxi? -zion besteak-. Jokatuko dizut zeiņek geiago .

Aitonak:

Nik etzeukat diru-pantesi aundirik. Baiņa joaten baldin baaiz gure etxera, nere emazteak cinco bi zerorekin asko zeuzkak, koltxoiaren azpian gordeta.

Eta ala zion besteak:

Emazteak bearko! Zureak kontatzen errezak izango dira noski!

Ikusirik orduak aurrera zijoazela, etxe aldera abiatzea pentsatu genduan; eta aitona ere, “Gabon pasa!” esanda, gurekin batera abiatu zan.

Bide kaskar artan beera goazela, berak kontatu zigun, esanez:

Zuek ez dezute jakingo baserri ortako sagardoaren miraria zer dan. Nagusiak berak esan zidan neri Jainkoagatik ez iņori esateko, baiņa zer martingala edo deabrukeri egiten zien kupelei: sagardoz bete aurretik, botilla bat edo beste pattar, koiņaka alegia, astintzen zizkion pristi-prasta kupelari, barruko jira guztian, eta gero sagardoz bete, eta edari txinpartatsua edo indar arrigarrizkoa atera izan zuan geienetan. Sagardozaleak batere konturatu gabe, ankaz gora botatzen zituan oietakoa.

Eta nik batere uste gabe egin det, ba, pekatu. Aitona malizi gabe arek esan baizigun ez iņori esateko. Baiņa orrengatik ez al naiz noski inpernura joango; eta, joaten banaiz ere, an aurkituko det aitona itz-jario ura, ni bezin errudun baita bera ere, guri esateagatik.

Kontu kontari goazela, bidegurutz batean agurtu gindun, esanez:

Nik emendik joan bear det.

Eta gu bide trakets artan beera, al genduan bezela. Antxe konturatu giņan linternak etxean utzi genitula aztuta, eta illargia ere bere garaian ezkutatua izango zan noski.

Izarrak maiz xamar ikusten genituan, eta ez zeru aldean, gertuago baizik, zugaitz-adarrak begiondoan jotzen giņunean. Logaleak zegoana esnatu erazten zuten aiek disimulo ederrean.

Alako batean or dijoa nere laguna amilka goitik beera, sasi mordo aundi batean ezkutatzeraiņo. Ala zion:

Amildu egin nauk. Etzekiat nola aterako naizen.

Nik goitik esaten nion:

Miņik artu al dek?

Berak:

Orain ez diat sentitzen. Biar izango dituk kontuak. Aurpegiko eta eskuetako arantzak ateratzen bazeukat egun erdi bateko lana.

Eta, ez bat eta ez bi, or asten da sasi tartean bertsotan. Onelatsu kantatu zidan:

Goitikan bera amildu niok
sagardoaren indarrak,
ongi etorri egin zidatek
emen otiak ta larrak,
aurpegi dana zauriturikan,
baita ere atzaparrak;
arantza zorrotz asko zeuzkat
nik biar atera bearrak.


Garai artan neroni ere, trebeago nintzalako-edo, bat-batean bertsoak kantatzen zerbait jarduten nintzan, eta nik ere nolabait eman nion nere erantzuna:

Zurruta maite duanarekin
edariak agintzen du,
batere uste gabean jo ta
ankaz gora botatzen du.
Auxe da emen gertatu dana:
guk nai baiņo len illundu;
etziņan beko zulora joango
linterna izan bazendu.


Ederki kostata baiņa noizbait atera zan, ba, sasi tartetik gora nere lagun Xegundo, eta nolabait jetxi giņan bide trakets artan beera.

Urrutira ikusten genduan Aldako baserriaren argia piztuta zegoala; eta, bertara urbildu giņanean, ez giņan asarre. Andik aurrerakoa errezago egin genduan, bidea ere obexeagoa zegoan eta noizbait edo nolabait etxeratu giņan beintzat, eta kito.

Ala zion nere lagunak bere eskuei begiratuz:

Ni ez netorrek sagardotegi ontara berriz, kamio berriren bat bertara egin arte!









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org