Urresti-azpi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Urresti-azpi

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak



Urresti-azpi



Urresti-azpi eta Urresti-gain bi baserri dira Donostian, Ibaeta baillaran edo auzoan kokaturik daudenak. Gutxi gorabeera, kilometro baten tartea egongo da baserri auetako batetik bestera.

Errezago ulertzeko, Urresti-azpi baserriko gertakizunak idatzi nai nituzke lenengo.

Gaur baserri ortan ez da saltzeko sagardorik egiten. Baiņa garai batean sona aundiko sagardotegia izan zan Urresti-azpi baserria.

Joxe Mari Erkizia bertako nagusia. Urte asko dira emaztea il zitzaiola, eta bera ere aspaldi xamar il zan.

Sei seme-alaba izan zituzten. Auetatik iru illak dira: Txomin, Mikel eta Markos. Zeruan bezate atseden. Orain iru bizi dira: Iņazi, Ramona eta Martin.

Famili zintzoa eta langillea benetan, euren gurasoak ziran bezelaxe. Biotz onekoak eta leialak. Zeukatenetik eskeintzeko borondate onekoak.

Eiztariak izan dira geienak. Eiza ere orain baiņo ugariago izaten zan garai artan, orain dala irurogei ta bederatzi bat urte, oker aundirik gabe. Negu partean beintzat, inguru aietan eiztariak izaten zuten gozamena: oillagorrak zirala, istingorrak, basoilloak, kuartzak, antzarrak, egaberak, frankoliņak, usoak, erbiak, xoxo ta birigarro... Danetik aukera.

Sukalde aundia dute baserri ortan. Baiņa geienetan goi-sapaitik zintzilik sekulako egazti-mordoa ikusi zitekean bertan. Ura zan, ura, edertasuna! Begira jarri eta etzan aspertu ere egiten bat.

Ni baserri ortatik gertu nola bizi bainintzan, Artola baserrian morrontzan alegia, noiznai joaten nintzan bertara nere lagunetara. Negua zalarik, eguraldi bustia edo otza izaten zan geienetan, eta sukaldera igo erazten ninduten, eta jateko edo edateko, zeukatenetik zerbait eskeiņi ere bai: sagardorik onenetik, eta ogi tartekoa ere bai.

Joxe Mari bertako nagusiak azkar esango zion bere alabari:

Inazi, jarri ezaiozu Sebastiani oillagor bat kaxuelan.

Nik:

Neri oillagorra? Ez ezertan ibili!

Joxe Marik:

Zuri ez ematekotan, zeiņi eman bear diogu, ba?

Eta Inazik, ain sukaldari txukuna eta egokia danez, bereala prestatuko zidan kaxuela goxo askoa.

Bere seme bat banintz bezelaxe artzen bainindun Joxe Marik; eta bere seme-alabak, berriz, euren anai bat bezelatsu maite ninduten; eta nik ere berdin, ain borondate oneko familia izanik.

Erkiziatarrak, gazteak beintzat, geienak nere kirakoak ziran. Anai zaarrena, Txomin, eta ni kinta berekoak giņan; 36-ko anai arteko gerra beldurgarri artan alkarrekin mendian tiroka jardunak, naiz eta gero zauriturik biok bizirik etxeratu bagiņan ere, zoritxarrez millaka asko ilda mendian gelditurik, eta konta ezin ainbat zaurituak ospital danak gaiņezka beterik. Negargarria benetan!

Urresti-azpi baserri ortan geienetan sagardo txinpartatsuak edo jendearen gogozkoak egiten zituztelarik, sagardozale giņanok errez aurkitzen genduan bertaratzeko bidea.

Nik aspalditxoan gutxi edaten badet ere, oso sagardozalea izan naiz, mutil koskorra nintzanetik, jakiņa. Errenterian Sagasti baserrian gurasoekin bizi giņala, sagardoa egiten baigenduan etxerako eta saltzeko ere, eta ortik nunbait nere zaletasuna.

Nik izan dedan edari gogozkoena sagardoa izan da beti, eta nere lagun geienak ere alaxe izan dira,

Igandeetan edo jai-egunetan alkartuko giņan bost edo sei lagun, eta ez giņan luzaro egongo nora joan pentsatzen. Donostian, Loiola auzoan, kokaturik dagoan Txomin-enea tabernan erromeria izaten zan, eta bertara joko genduan lenengo.

Arratsaldeko irurak aldera asiko zan soiņujole bat bere auspoa astintzen, eta an etzegoan geldirik egoterik. Neska ta mutil, oiņetakoak urratzeraiņo, jo ta ke dantzan.

Ia lanean baiņo geiago nekatu, baiņa ajola gutxi guri. Sasoi ortan ez baigenekigun nekea zer zan ere.

An aspertzen giņanean, ez genduan galdezka jardun bearrik nora joan bear genduan. Sagardotegi bateko bidea izango zan artuko genduana; eta lenengo, beintzat, ain legorturik geneuzkan eztarriak busti.

Ondoren, patrikako kutxa bero xamarra baldin bazegoan, merienda pixka bat egin; eta, kutxa otza baldin bazegoan, etxera azkar belarriak kuxkurtuta.

Astelenetik asita, aste guztian lanean, bururik jaso gabe, berriro ere igandea etortzeko irrikitzen. Orrelaxe zan gure gazte denborako bizimodua.

Barrikoteak egiteko ere oitura aundia zan garai artan. Norbaitek galde lezake barrikotea egiteak zer esan nai duan. Ba, au adierazten erreza da.

Barrikotea izaten da eun edo berreun litro sagardo kabitzen dituan barrika koxkor bat. Sagardo berria egiten dan garaian, sagardoz bete eta tolare azpian txoko batean jarri; eta, edateko puntuan dagoanean, lagun-talde bat osatu, eguna aukeratu eta apari-merienda eder bat egiņez barrika ortako sagardotik edateari esaten zaio barrikotea.

Au sagardotegi batean baiņo geiagotan egiņa nago, eta badet jakiteko arrazoirik edo jakiteko motiborik.

Baiņa geienbat Urresti-azpi sagardotegian ibilia izango naiz barrikotean, anaiarteko gerra beldurgarri aren aurretik asita. Gero, gerra ondorenean ere bai. Bi garai eta giro ezberdiņak ziran aiek.

Gerra aurrean, barrikote bat edo otordu bereziren bat egin nai bazan, ez genduan baimenik bear izaten. Baiņa bai gerra ondorenean. Sei lagunetik gora baldin bagiņan, baimen berezia bear izaten zan, orrelako lagunarteko billera bat egingo bazan; eta eginkizun ori geienetan nere gain izaten zan.

Donostian, Okendo kalean, gaur Hacienda-ren etxe aundi ori dagoan leku berean zan garai artan Gobernu Zibilla; eta bertara joan bear izaten nuan baimenaren eske.

An esaten zidaten agintariak baimen-eskaria nun eta nola egin bear nuan: zein egunetan eta ordutan egiteko asmoa genduan lagunarteko billera ori; zein sagardotegitan; zenbat laguneko taldea giņan; danon izen-abizenak paper batean idatzita eramateko zortzi egun aurretik. Noiznai bildu izan gera ogei ta amar, ogei ta amabost eta baita berrogei ta geiago ere.

Egun batzuk lenago joango ziran poliziak Urresti-azpi baserrira, Joxe Mari bertako nagusiari galde egitera zer moduko jendea giņan, esandako egun ortan bilduko giņanak.

Eta Joxe Marik, ez estututzeko; inguru artako baserritarrak giņala, Francorekin gerran ibiliak geienak; eta aldizka-aldizka orrelako billerak egiteko oitura genduala. Eta orduan ematen ziguten baimen-agiria.

Baiņa ala ta guztiz ere, guk barrikotea egin bear genduan egunean, apari-merienda egiten asi aurretik, an etorriko ziran bi polizi paisano-jantzian.

An asiko zan ain borondate oneko Inazi sukaldari txukun eta iaioa, lapa zoparekin prestaturik zeuzkan kazuela aundiak mai gaiņetara ekartzen. Asten giņan jaten, eta arriturik galdetzen ziguten poliziak ea kazuela aiek danak ustuko genituan.

Guk baietz, eta beste zerbait geiago ere bai.

Joxe Mari nagusiari esaten zioten umorean jarriko giņala ainbeste sagardo edanda. Joxe Marik baietz, umoretsuak giņala geienok, eta bertsolariak ere bazirala taldean. Eta kantatzeko zioten poliziak.

Xepai bertsolari trebea gurekin zanez, jendea azkar asi zitzaion oiuka:

Ea, Xepai, kanta akiotek bertso bat ire lagun oiei!

Ez baizituan begi onez ikusten Francoren aldeko jende ori. Eta jateari utzi eta or kantatu zioten ondoren irakurriko dezuten bertso au:

Urresti-azpin bildu gera gaur
lengo soldadu lagunak,
geiago ere badira baiņa
ez ditugu ezagunak;
gizon koxkor bi agertu dira,
gaiņera bibotedunak;
begiratuan ezagun dute
ez dirala euskaldunak.


Urte asko dira bertso au entzun nuala; baiņa gogoan izaten det, gaur goizean kantatua balitz bezelaxe .

Polizi aiek nola etzuten ulertu Xepaik bere bertsoan zer esan nai zuan, txalo beroak jo zizkioten, eta etzan ezer ere pasa. Baiņa ulertu izan balute, Ondarretako Otelean izango genduan gau artako aparia. Aztuko ziran ederki Urresti-azpiko sagardoa eta txuletak. Garai artan Donostian Ondarretan baizan gaur Martutene baillaran dagon espetxe edo kartzela.

Ez det uste Basarrik eta Uztapidek olamoduzko bertsorik kantatu ziotenik polizi bibotedunei. Baiņa olakoxea baizan Xepai, bertsoa zetorkion bezela kantatzen zuana.

Jarraitu dezadan barrikotearekin. Lapa-zoparen ondoren, garai artan gaur baiņo aukera obea eta merkeago izaten zan eta bixiguak erreta, baratxuri eta olio-binagrearekin, eta pipermin pixka batekin ere bai, ederki asko prestatuak.

Artatik naikoa jan ondoren, idi gaillegoaren txuletak, egur ikatzarekin egindako su-brasetan ederki erreta. Ondoren, sagardotegietan oitura danez, intxaurrak eta gazta. Eta andik aurrera barrikoteari bixita maiz.

Poliziei esaten genien jateko. Baiņa etzuten jaten. Zigarroa erre bai galanki: bat erre ordu, bestea piztu. Sagardoa, berriz, gurekin egon ziran denbora guztian, baxo erdi bana edango zuten, kafea artzen dan bezela, txurrut eta txurrut. Aspertu ziranean, oso aurpegi alaiz agurtu ginduzten; eta an joan ziran arriturik, guk nola jaten genduan ikusita.

Gu, euskaldunok, ez baigera, aiek bezela, azeitunak piper binagretakoak eta barkilloak janda bizi. Bakoitzak oitura duan bizimodua egiten du.

Polizi aiek gu utzita gustora joango ziran, joan bear zuten lekura; eta gu ere pozez gelditu giņan, bibotedunak aldegin zutenean.

Geure eginkizunari jarraitu genion. Basoak eskuetan ditugula, tolare azpiko barrikoteari berriro ere bixitatxo bat egin.

Ondoren, Inazi sukaldari prestua bezin leiala danontzat kafe beroarekin agertuko zan, kopak eta puroak ere aztu gabe. Ekarriko zituan puroak geienok piztuko genituan. Baiņa naiago izaten genduan basoa, kopa baiņo; eta berriro ere tolare azpiko iturritxora begira jarriko giņan. Antxe baizegoan gure edari maitagarria.

Barrikoteari ustualdi bat edo arindu bat emandakoan, pentsatuko genduan jan da edateari uzteko garaia zala; eta, ain alkartasun eder eta paketsuan, bertso eta txiste kontari gau atsegin bat pasa ondoren, alkar agurtuko genduan, esanez:

Beste aldi bat arte!

Etxerako bidea artuko genduan, eta an joango giņan umore ederrean, gaueko ordu txikiak entzuten genituala, alkarri onela esanez:

Urrengoan goizago erretiratuko gaituk.

Frantzes-Txikia bertsolariak bertso batean bere emazteari esan zion bezela, alegia. Nunbait parranda pixkaren bat egiņa izango zan; eta, etxera joan zanean, atea itxita zegoala ikusirik, bertso baten bidez aitortu zion bere pekatua, eta eskatu zion ain premizko zitzaion mesedea:

Amaika t’erdik dira,
oraindikan goiz-ta,
atia iriki zazu,
nere andre maistra;
berez okerra dana
zuzendutzen gaitz-ta,
urrengoan goizago
etorriko naiz ta.


Guk artean ez genduan emazterik, baiņa etxera joatean orixe bera esango genduan: urrengoan goizago etorriko giņala, alegia.



Urresti-azpi baserriko beste bi gizon ere aitatu nai nituzke, bertako berri ematen asi naizen ezkero. Bat, Roke Erkizia, bertako nagusi Joxe Mariren anaia, gizon jatorra eta alaia benetan. Osaba Roke esaten zioten danak. Ezkongabea edo mutilzaarra zan.

Donostiako udalarentzat egiten zuan lana, kamiņero. Zapatari deritzaion auzotik eta Ibaeta baillara dana, bere etxe aurretik igaroaz, Usurbilko mugan dauden Azpita eta Barrenetxe baserrietako lurretan zuan elmuga. Bi kilometro ta erdi, oker aundirik gabe. Langillea zan. Kamio baztarrak txukun eta garbi edukitzea gustatzen zitzaion.

Barrikotea egin bear genduanean ere, taldeko izaten genduan, Urresti-azpiko famili guztia bezelaxe.

Bertsozaleak ziran danak, eta oraindik bizi dan bertako Martiņek ere oso ondo daki bertsoak kantatzen. Amaika umore eder igaro izan degu alkarrekin, gazteak giņala.

Eta beste gizon jator bat ere aitatu nai nuke: Patxi Txikia esaten dioguna. Mutil koxkorra zala asita, urte askoan Urresti-azpi baserrian bizi izan da.

Sendagilletzarako egin zituan bere ikasketak, eta Donostian, Arantzazuko Amaren eritetxean, izaten ditu bere eginkizunak. Mundu guztiari laguntzeko beti prest dagoana. Biotza eskuan daramaten oietakoa.

Ni iztarretik operatu nindutenean ere, izan nuan bere laguntzaren premi. Bere anai bat banintz bezelaxe lagundu izan dit beti; eta berari eta operatu nindun Blázquez sendagille ospetsuari esker irten ziran gauzak oso ondo, eta geroztik nere iztarrak ez daki miņa zer dan. Badet gizon oiekin bein ere bear bezela ordainduko ez dieten zorra.

Patxi Txikia sagardozalea izan da beti. Mutil koxkor bat dirudien arren, gizon aundi batek bezela edaten du, eta ez det bein ere balantzaka ikusi. Espaloitik errez ibiltzeko moduan beti. Makiņa bat aldiz izan gera alkarrekin sagardotegian; baiņa bera etzan lenengo abiatuko etxera.

Goazen, Patxi!

Eta berak:

Bai, beste baso bat edanda!

Sendagille jaunak edari gutxi edan bear dala esaten digute; baiņa eurak gogozkoa dute. Ondo baidakite berbenen ura baiņo obea dala sagardoa. Egia esateagatik ez al zaizkit aserretuko noski!

Gerrateak geienak izango dira noski tristeak eta negargarriak; eta guk emen izan genduana ere alaxe izan zan. Samingarria eta luzea gaiņera, iru urtean iraun zuana. Gerrak utzi zizkigun ondorenak etziran nolanaikoak izan.

Agintariak ziotenez, alemanak eta italianoak etorri bear izan zuten Espaņira, Francok gerra irabaziko bazuan, laguntzera; eta arrigarrizko zorrak egin omen ziran.

Zor oiek ordaintzeko, guk emen bizitzeko bearrezko genituan gauza guztiak atzerritar oientzat izan ziran: garia bazan, patata, arroza, olioa, azukrea, oiņetakoak, kontserba gauzak, arropak, tabakoak, ganaduak, egaztiak, edariak, egurra, burnia... Itz batean esateko, Espaņian arrapatu zuten dana eraman zuten; eta gu emen goseak amorratzen, alkar jan bearrean. Zer nai dezute gauza negargarriagorik?

Urte aietan etzegoan gerrikoa estutzeko ministroak agindu bearrik. Ministroa baiņo aitona aundiagoak estutu erazten zigun gerrikoa, eta ez genduan sendagilleak agindu bearrik izaten flakatu edo argaldu egin bear genduala.

Neskatxa lirain baten pareko jartzen zan gizon-emakumerik lodiena ere. Errez aurkitu zitezkean berrogei ta amar kilo galdutako agure potoloak, zirkoko pailazoak bezela euren txamarra aundia lurra jotzeraiņo txintxilik zutela. An etzegoan geiegizko gizentasunez gantzak alkar jotzeko beldurrik edo arrixkurik. Kiroletarako prestaturik zegoan jendea zirudian.

Geroago, urteak zijoazen bezela, asi zan janaria zerbait ugaritzen eta gosea aztutzen.



Orain konturatzen naiz beste egun gogoangarri bat ere badegula Urresti-azpi sagardotegian pasea: 1939-garren urteko apirillaren bata, ain zuzen. Espaņian izan genduan anaiarteko gerra negargarria bukatu zan eguna.

Nik garai artan Donostian udaletxearentzat egiten nuan lana, jardiņetako guarda edo lorezain; eta udaletxeko agintari jaunak berri pozgarri au eman ziguten bertako langille giņan danori: gerra bukatu zala, alegia, eta egun artan jai egin bear genduala; nai zuanak nai zuan lekura joan baimena ematen zigutela; eta, naiago bagenduan kamioietan joan, bazeudela.

Batzuek Martutene aldera jo zuten; beste batzuek, berriz, Astigarragako sagardotegiren batera. Udaletxeak beti izan duan bezela kamioi-aukera zegoanez, gu, euskaldun-talde aundi bat, Markos Eziolaza txoperrak ibiltzen zuan kamioiarekin joan giņan; eta, bi bider pentsatzen egon gabe, Urresti-azpirako bidea artu genduan.

Aurrez bagenekigun sagardo ona zegoala. Tarteka bixitak egiten baigenituan. Gaiņera, egunkarian ere irakurtzen baigenduan garai artan sagardorik onenak nun zeuden.

Ala zion La Voz de Espaņa zeritzaion egunkariak: sagardorik onenak, Ibaeta baillaran, Urresti-azpi baserrian; Lugaritz baillaran, Flores baserrian; eta Aiete baillaran, Munto baserrian zeudela.

Garai artan iru egunkariren izenak zebiltzen Donostian. Goizez El Diario Vasco eta La Voz de Espaņa. “Uno miente y el otro engaņa” esaten zuan jendeak. Eta illunabarrean Unidad izenekoa kaleratuko zan.

Iru egunkari auetako bi ezkutatu egin ziran, eta beste bi auek kaleratu goizez: Egin eta Deia. Illunabarreko Unidad ere ezkutatu egin zan. Eta gaur len aitatu ditudan beste iru auek eta Egunkaria dauzkagu.

Egunkariz, aldizkariz eta liburuz aukera daukagu; baiņa, zoritxarrez, irakurle geiegirik ez. Samingarria da benetan euskaldunen artean gertatzen dana. Zinea, fubola, sala de fiestas eta orrelakoak zaizkigu atsegin.

Ala, goizetik asi eta egun osoa pasa genduan jan da edan, eta umorea nagusi. Eta goiz partetik zale asko bildu bagiņan ere, arratsaldez etzan gutxiago. Berreun lagunetik gora izango giņan; eta ez langille jendea bakarrik. Korbatadun edo goi-maillako jauntxo-jendea ere asko urbildu zan bertara.

Arratsaldean, bostak alde ortan, bertaratu zitzaigun gizon bat, baiņa korbatarik gabe: Xepai bertsolaria zan. Arraiak ura bezelaxe maite baitzuan Xepaik ere sagardoa.

Kaixo, jaunak! Arratsalde on dizuela Jainkoak -esanez, gonbidatu gindun kupelera.

Eta, edandakoan, basoari musu ematen zion:

Au dek mama, au!

Xepaik, garai artan, Antigua baillaran zegoan Teodoro Kutz izeneko zerbeza-fabrikan egiten zuan lana: eta Konporta zeritzaion etxean apopilo bezela bere anai Joxerekin. Konporta zerbeza-fabrikatik Urresti-azpi aldera, irureun bat metro dago; eta bere anaiak taberna zeukan bertan.

Nik ondo ezagutzen nuan taberna ori. Askotan alkartu izan giņan bertan Xepai eta biok, eta beste lagun geiago ere bai.

Aurrez esaten dedan bezela, 1939-ko apirillaren batean etorri zan Urresti-azpi sagardotegira; atera zuan txaketaren patrikatik ogitartekoa, jan zuan eta ala zion:

Len baiņo okerrago gelditu nauk. Goseak amorratzen bizi gaituk. Gobernuko agintariak bai bapo. Eurak naikoa jan da gu emen jango gendukenean.

Eta jendeak:

I, Xepai: kanta akiotek bertso bat goi-maillako agintari oiei, esanez gutxiago bialtzeko atzerrira eta gure artean banatzeko ogi pixka bat geixeago!

Ala, sagardoz ase zanean, urbildu zan Xepai neregana eta, bizkarretik elduaz, or ekin zidan bertsotan. Eta nik ere garai artan bat-batean zerbait jarduten nintzan, eta biok egin genduan saioa. Onelatsu ziran jaulki genituanak.

Xepaik:

Urresti-azpin zabaldu dana
albiste zoragarria:
aitona batek eman dit gerra
bukatu dala berria.
Esan dutenez gaurko au degu
egun gogoangarria,
ea poztutzen zaigun negarrez
daukagun Euskal Erria.
Nik:

Iru bat urte inguru dira
gerra piztu zitzaigula,
uztaillaren emezortzia
etzait aztutzen sekula.
Ta ikusirik premizko gendun
pakea egin zaigula,
iruditzen zait lortu deguna
ondo merezi degula.


Xepaik:

Poz geiegirik ez du ematen
egiten dan justiziak,
gobernu onek dauzkan legeak
izanik ain itxusiak.
Atzerritarrak daramazkite
gure janari guziak,
gerra bukatu dala diote
baiņa erria gosiak.
Nik:

Denbora pasa iņoiz joaten naiz
Pasaiko portu berrira,
ta egoten naiz ontzia nola
betetzen duten begira.
Italirako barko galantak
ta berdin Alemanira,
guk emen bear genduzken gauzak
aruntz eramaten dira.


Baiņa guk kantatzen genituan bertsoak etziran nunbait entzule danen gogozkoak; eta gugandik urruti xamar zegoan lagun bat etorri zitzaigun lasterka, esanez alegia an atzealde artan jendea marmarrean ari zala: gerra irabazi zutenen aurka ari giņala bertsoak kantatzen, eta merezi gendukeala espetxera eramatea.

Zer gerta ere, ixildu edo kantatzerari utzi egin genion. Garai artan ez baizan pekatu aundia egin bearrik, artu aurrean eta pekataria itzalera eramateko. Zoritxarrez, erru gabeko askotxo izan baizan otel ortatik pasea, eta ori ez izan ain pozgarria.

Ala, sagardoa edanez beste zerbaitaz mintzatzen asi giņan, pakearen izena aberatsa baita.(1)



Oharra:

(1) Liburu au inprentara bialtzeko egunetan, Urresti-azpi baserria bota egin dutela jakin det.







     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org