|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Mendizorrotz jatetxea
|
Igeldoko Pako Kalonje eta Andoaingo Xanti Mendikute
|
Donostian, Igeldo baillaran, badira sagardotegi entzutetsu bat eta ostatu edo jatetxe sonatu bat. Biak jabe batenak dira. Pako kalonje bertako nagusia, gizon langillea bezin jatorra edo lagunartekoa. Ez nion bein ere itz gogorrik entzun izan, eta beti ondo konpondu izan giņan alkarrekin.
Nik orain irurogei bat urte ezagutu nuan. Garai artan igeltsero-lanetan jarduten zan, eta taberna edo jatetxea zeukan Igeldo errian, Mendizorrotz izenarekin. Gero, igeltserotzako lana utzi eta sagardoa egiten asi zan.
Igeldon gora Orio aldera goazela, ezker aldera dago taberna eta jatetxea, eta kamioz eskubi aldetik sagardotegia, arrigarrizko bi kupela illara bertan ikusten dirala, gizon-sagardo txinpartatsuz beteak.
Igeltsero-lanetan ona zan Pako, baiņa bai sagardo onak egiten ere. Bere gogozkoa zuan nunbait tolareko lan ori, eta sagardo apartak egiten zituan, sagardozaleen gogozkoak alegia; eta oraintxe bezelaxe jendez beteta ikusten genituan sagardotegia bezela ostatua edo jatetxea ere.
Pako Kalonje eta Xanti Mendikute andoaindarra, biak oso lagunak ziran, eta guk ere etxekoa balitz bezela genduan Xanti eta noiznai artzen genduan Igeldorako bidea.
Garai artan ni Aieten Oriamendiko ur-deposituaren arduradun nintzanez, neregana etortzen zan, eta lendabizi:
Arratsalde on, Sebastian!
Kaixo, Xanti! Berdin!
Berak:
Zer: lan asko al dago edo?
Nik:
Bai. Lanez ondo gabiltza. Zerbait nai al zenduan, Xanti?
Bai. Joateko moduan bazera, sagardo pixka bat probatuko genduke Barkaiztegin, edo Ernanin Alberronean, edo Igeldon Pakonean.
Sagardotegi batean baiņo geiagotan ibili izan geranez, Igeldorako bidea maizago artuko genduan. Arratsaldean zazpiretatik aurrera asten da jendea sagardo probaketan; baiņa gu, Xanti eta biok, seirak alderako joaten giņan.
Pako bera geienetan lan askorekin ibiltzen zan, ta sagardotegiko giltza ematen zion Xantiri, esanez:
Lan asko zeukat eta badakizute etxeko berri, ta proba itzazute sagardoak. Baiņa ez dedilla beste iņor sartu zazpirak arte.
Alaxe, sartzen giņan sagardotegian, atea ixten genduan barrengo aldetik, eta basoak artu eskuetan eta lenengo kupeletik asten giņan sagardoa probatzen. Gero bestea eta urrengoa, eta alaxe jira osoa ematen genion kupelategiari; eta, naiz kupela danetan sagardo ona egon, konturatzen giņan onentxoena zein kupeletan zegoan.
Bat oso ona izan liteke eta beste bat obea. Gauza onen berri edozeiņek daki noski. Esate baterako, arraunlari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Karga-jasotzaille bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Aizkolari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Segalari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Korrikalari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Txirrindulari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Pelotari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea. Eta bertsolari bat izan liteke oso ona, baiņa beste bat obea.
Onelaxe ditugu konta eziņak diran beste gauza asko ere, eta sagardotegi batean ere berdintsu gertatzen da: ogei edo ogei ta amar kupeletan oso sagardo ona, baiņa kupela bat edo beste nabarmendu litezke besteak baiņo edari obea daukatenak.
Mendikutek famili aundia eta konta ezin ainbat lagun eta adiskde zituanez, sagardoa aukeran edukitzen zuan etxean; eta sagardoa bezela ardo ona eta beste edari klase geienak ere.
Neri ere etxean sagardo ona edukitzea gustatzen zitzaidanez, Mendikutek eta biok artuko genituan botilla-mordo bana Igeldotik, eta gero beste batzuk Barkaiztegitik edo Ernanin Alberronetik eta orrelaxe jartzen genduan urte guztirako edaria etxean.
Xanti Mendikute Euskal Errian oso ezaguna genduan. Mendi eta basoetako lanak egiten ibiltzen zan kontratista zan. Aldi berean, mendi askotan izaten zuan lana: basoetako zugaitz urtetsuak edo zarrak bota, mendiak garbitu eta landare berriak aldatu: piņuak, aritzak, gaztaiņak lizarrak, pagoak, akaziak, makalak, plantanoak, intxaurrak eta beste zugaitz klase asko.
Gipuzkoako Diputazioa ere mendi askoren jabea danez, lan asko izaten zuan Mendikutek. Eta Donostiak Aurrezki Kutxa Munizipalak ere baditu mendi eta basoak bereak, eta oietako lanak ere Mendikutek egin izan ditu.
Xanti Mendikutek bazuan oitura on bat: lana zuan mendi bakoitzean txabola eder bat egitekoa, basomutillak bertan jan da lo egin zezaten.
Mutillak bearrezko zituzten janari eta edariak ere Xantik berak eramaten zizkieten. Etzuten gose-egarririk izaten.
Berarekin lanean ari ziran mutillak ere etziran seņoritoak izaten, lan gogorrean oitutako jendea alegia, eta geienak euskaldunak.
Erdeldunak ere izaten zituan, baiņa aiek ere baso-lanean zaildutakoak. Extremadura aldean izan bear du Navacepedilla de Corneja izeneko baillara aundi bat eta inguru aietakoak izan bear zuten.
Beren gogozko janaria emengoaren ezberdiņa izaten zuten. Mendikutek danentzat naiko janaria eta edaria aukeran jartzen zuan, baiņa belarrimotzak beren gogozko janaria etxetik ekartzen zuten. Urdaia edo zerrikia izaten baita nunbait beren paraje aietan jaten dana.
Euskaldun basomutillak zatoa estutuz ardoa edaten dute. Baiņa erdeldunak urdai-pusketa egurrezko ziri baten puntan su gaiņean jirabiraka ibili eta uraxe jaten dute gustora, eta botijotik ura edan.
Mendikutek bazuan euskaldun bat taldean, baserrietan morroi batzuetan eta urrena basomutil ibiltzen zana, Bernardo Otaņo zeritzaiona eta bertsotan ere jarduten zana. Zatoa zimurtzen zijoan bezela irteten zitzaizkion bertsoak.
Oitura alaxe zutenez, erdeldunak beren lurraldea famatzen aritzen ziran beti. Konta ezin ainbat erri, arrigarrizko algarroba-saillak, sandiak pepitak, kalabazak, azeitunak, pipermiņak, tipulak eta orrelako gauza askoren jabeak omen zirala. Eta egun batez ondorengo bertso au kantatu zuan Bernardo Otaņok:
Auentzat oso ona
dek Extremadura,
baiņa etortzen dituk
gure ingurura.
Zerrikia janari,
botijotik ura,
aurki dituk igeri
igelen modura.
|
Xanti Mendikute gizon langillea, burutsua eta leiala zan, lanean bezelaxe, otordu on bat egin bear zanean ere bere familikoekin. Goi-maillako lagun edo adiskideekin beti ondo portatu izan zan. Ni ere gonbidatzen nindun eta taldeko izaten nintzan geienetan.
Ostatuko etxekoandreak serbitzen gindun neskatxarekin maira. Bialtzen zuan txartelaren arduradun Xanti bera izaten zan beti. Biotzbera eta eskuzabala baizan danekin, makiņa bat kaxuelkada legatz eta txuleta eder janak gera Mendikuteren kontura, naiz ostatuetan eta sagardotegietan.
Erretira zintzo egiten genduan geienetan. Urrengo egunean ere goizean goiz asi bear izaten baigenduan lanean.
Telefono bidez ere lan asko egiten zuan Xantik, beste mendietan bezelaxe, Miramongo sailletan ere.
Ni Oriamendin ur-depositoaren arduradun nintzanez, noiznai deitu izan zidan goizean, bost eta erdiak alde ortan, esanez alegia ea mesedez abisatuko nien basomutillei. Txabolan izaten baiziran geienean amabi edo amalau mutil, eta beren izenez esaten zidan: olako eta olako -1au edo bost mutil- erremintak, gosariak eta zato ardoa artuta, sei ta erdietarako prest egoteko kamioan, Iruna edo beste norabait joan bear zutela lanera.
Leku askotan izaten baizuan Mendikutek lana, eta gustatzen zitzaion goizean goiz astea. Baiņa lendabizi berak utziko zion oeari oztutzen eta jarriko zan zutik.
Ni neroni ere goizean goiz lanean asteko aldekoa izan naiz beti. Goizean goiz lana mendean artzen duana or nunbait ibiltzen baita, eta eginda dagoan lanari begira gustora egoten baita bat. Gero beste zerbaitetan asteko ere poztasun geiago izaten baita.
Urte batzuk badira Xanti Mendikute il zala. Zeruan beza atseden.
Andoaiņen, bere sorterrian, Gure Babesa izena duan etxean bizitzen zanez, illeta-elizkizunak ere San Martin eliz parrokian eskeiņi zitzaizkion.
Naiz eliza ederra bezin aundia izan, bere animaren alde otoitz egin nai zuten danak etzuten elizaren barrura sartzerik izan, eta atez kanpotik jarraitu bear izan zioten elizkizunari. Arrigarrizko jendetza bildu baigiņan berari azken agurra egin asmoz. Euskal Erriaren alde askotatik etorri baizan jendea, eta apaiz jaunak meza garaian esan zituan itz samingarriak entzunda, begiak malkoz busti zitzaizkigunak ere ez giņan gutxi izan.
Aldi luzean gaitz beldurgarri baten mende egon ondoren, irurogei ta iru urte zituala eman baizuan azken arnasa. Pazientzi aundiz eraman zuan berari zegokion gurutze astuna. Alakoxea baizan Xanti Mendikute zana. Biotza eskuan daramaten oietakoa.
Geroztik, bere seme Joxe Joakiņek egiten ditu, len bere aitak egiten zituan mendi eta basoetako lanak.
Ara orain zer egin dedan. Barka zaidazute, arren, nere irakurle maiteok. Igeldoko Pakoren sagardotegitik asi eta Andoaingo nere lagun jatorra zan Xanti Mendikute zanaren zenbait berri eman gabe ezin, ba, utzi. Ala ere, berak merezi ainbat goralmen ez diot eskeintzen nere idazlan labur onetan. Jaunak berekin dezala zeruan opa diot biotzez.
Pako Kalonje Igeldokoa ere urte batzuk badira mundu onetako lanak bukatuta azken agurra egin zigula. Zeruan beza atseden.
Ostatuko edo jatetxeko eta sagardotegiko gorabeerak bere familiak egiten ditu orain. Pakoren seme-alabak ere, aita zana bezelaxe, borondate onekoak eta leialak dira. Aurpegi alaiz artzen dute bertara dijoan jendea, eta orrek poza ematen du.
|