|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Oiarbide baserriko Jabier Sarasolaren sagardotegia Astigarragan dago.
Ernanitik Astigarraga aldera goazela, Ergobia baillara baiño lentxeago eskubi aldera artuta, Sagardoaren ibilbidea degu, edo Paseo de la Sidra erderaz. Kamio ortan gora goazela, ezker aldera artu ta goi xamarrean, Santiomendi aldean, dago Oiarbide baserria.
Etxe aundi eder bat da bera, eguzkiak eta aize osasungarriak gogoz maitatzen dutela, zugaitz ederrez apaindurik, kamio ertzean dagoana.
Lurrez, ganaduz, belazez, sagastiz, egurrez eta urez ondo osatzen dan baserria da Sarasola jaunak darabilkiana. Bearrak erakusten duala da esaera, eta Jabier Sarasola ere gazterik gelditu zan guraso gabe, eta gogor ekin bear izan zion baserri lanari. Uste det izango zuala eskua nora luzatua.
Beste baserri askotan izaten ziran bezelaxe, izango ziran Oiarbiden ere zorrak edo an edo emen pagatu bearrak, eta olakoetan izaten da naiko buruauste. Garai artan iñor gutxi joaten zan libretarekin Aurrezki Kutxara dirua ateratzera, aterako bada aurrez sartu egin bear izaten baita, eta ortan izaten ziran komeri latzak. Beste jokabide baten bidez etxeratzen ziran txanponak: lana galanki egiñez, alegia.
Baserriko eginkizunez aparte ere, jardun izan da Jabier batean eta bestean lanarekin borroka. Amabi-amairu urte zituala, itzantzan idiak eta gurdiarekin arri karraio Ermaña aldeko arrobitik, Ernaniko Florida baillaran fabrikak eta etxe berriak egiten ari ziran obretara.
Baita ere luzaro lanean jarduna da Ernanin gaur Txirrita kalea dan obrak egin ziranean ere.
Basomutil ere ibilia da Astigarragako Markesaren basoetan, moztu bear ziran zugaitzak moztu eta mendiak garbitzen eta txukuntzen. Danetara oitu bearra baitago, emen bizimoduak alaxe erakusten dualako .
Ernaniko Mendia jaunaren Papeleran ere urte askoan lanean jarduna da.
Baiña, naiz kanpoan lanean ibili, baserriko eginkizunak al duan modurik onenean egiten saiatu izan da beti.
Bere garaian ezkontzea ere pentsatu zuan Jabierrek. Etxean ondo etortzen baita emakume baten laguntza: otordua prestatzea dala, erropa garbitzea dala eta konta ezin ainbat lan sortzen zaio emakumeari edozein etxetan dala ere, eta baserri batean ez gutxiago.
Maitasunik gozoenez ezkondurik alkarganatu ziran gaur bere emazte leiala dan Maria Jesus Mujika eta biak. Borondaterik onenez alkarri lagunduz txoriak udaberrian bezin alaitsu bizi dira, eta osasuntsu eta alaitasunik ederrenean orrelaxe jarraitu dezatela urte on askotan opa diet biotzez.
Jabier Sarasolaren sagardotegia beti izan da sonatua, eta gaur ez gutxiago. Oiarbide baserrian beti izango zan familirako sagardoa, baiña urte asko dira saltzeko sagardoa egiten duala, eta ez det uste damutu zaionik. Gogozko lantegia du nunbait tolareko lana, eta bein ere baiño sagardo geiago egiten du eta urtean baiño urtean obeagoak irteten zaizkio.
Nik galdetu izan diot iñoiz:
Nolaz egiten dituzute, Jabier, ain sagardo onak, eta orrenbeste sari eder etxeratu?
Eta au izaten da bere erantzuna:
Sagardo ona nai bada, sagar onarekin egin bear izaten da. Garestixeago irteten da, baiña ori da joko segurua. Lapikoak, zer janari sartzen zaion, ala erantzuten du; eta kupelak ere berdin. Ni ez naiz merke zurri ibiltzen -esaten dit Jabierrek-. Geixeago pagatu bear dala, pagatu; baiña sagardozaleei gogozko zaien edaria eskeiñi. Ori da noski, nere ustez, propagandarik onena. Aspalditik konturatuta gaude gure etxeko telefonoaren zenbakia askotxok dakiala memoriz. Eta Euskal Erriaren alde askotatik izaten degu deia. Batek onenbeste botilla bear dituala, besteak ez dakit zenbat, Udazkenean, sagardoa egiten asten geranean, kupela asko betetzen ditugu ustez. Baiña banatzen asten geranean, konturatzerako bat ere gabe gelditzen gera. Lenago ere sagardozale asko etorri izan da gure sagardotegira, eta gaur ez dator gutxiago. Edozein lantegi dala ere, borondaterik onenez lanean ari danak orixe nai izaten du: egiten ari dan lan ura izan dedilla jendearen gogozkoa.
Jabier Sarasola gizon burutsua eta azkarra da. Lanean aspertzen ez dan oietakoa. Arrigarrizko obrak eta estalpeak dauzka bere etxe ondoan egiñak, eta estalpe aien barruan dauzka tolare bikaiñak eta konta ezin ainbat kupela eder dotoreak, batzuk zurezkoak, eta txapazkoak edo inoxidable diranak besteak.
Ontzi oiek sagardoz betetzen dituanean lasaitzen da gizona, sagardoak izaten duan lanik gogortxoena eginda dagoala ikusirik.
Baiña sagardoz beteta dauden kupel oiek izaten dute begiratu bearra. Sarasolak maiz egingo die bixita ea kortxoak ondo dauzkaten eta jariorik edo itoterik daukaten ikustera.
Eta udazkenean, egiten dan sagardo ori botilletan sartzeko garaia datorrenean ere, ematen du bere buruaustea. Kupeletan dagoan sagardoa probatu bear izaten da maiz, eta sagardorik elduena edo botilletan sartzeko moduan dagoanari ekiten zaio lenengo, eta gero bestea: eta orrelaxe kupelak danak ustu arte.
Sagardoa botilletan sartzeak ere badu bere lana. Gizon-talde bat bear izaten da ortarako ere. Bat jarduten da botillak utsak zintaren ondora eramaten. Beste bat botilla uts oiek zintari jartzen. Beste bat makinarekin kortxoa sartzen. Beste bat zintari botilla beteak kentzen. Beste bat karretillarekin bear dan lekura eramaten. Eta beste bat edo bi pillan txukun jartzen. Zortzi-amar gizonentzat izaten da eskua nora luzatua.
Lan ortarako ere lendik oituta dagoan jendea obea izaten da. Eta orrelako lagun jatorrez ondo osatzen da Jabier. Goizean goiz etortzen zaizkio borondaterik onenez laguntzera, nola bere anai Luis, koiñadu eta gaiñontzekoak. Joxe Mari Salaberria ere, mekanikoa danez, zintzo etortzen zaio makinari begiratzera.
Eta sukaldari txukuna bezin serbitzari leiala dan Jabierren emazte Maria Jesus ortxe jarduten da sagardoarekin burruka, lanean ari diran gizon oientzat gosari goxoa prestatzen; eta, gosaria bezelaxe, gaiñontzeko otorduak. Bere eginkizunak zuzentzen ez da gelditu ere egiten. Ez da barrunbe oietan zikinkeri askorik ikusten. Baztarrak txukun edukitzea gustatzen zaio, eta poza ematen du olako etxe batean sartzeak.
Oiarbide sagardotegira dijoana ez da baraurik irtengo, aseta baizik. Eta lanera joaten diran lagun jator oiek ere ez dituzte ezer eman gabe utziko. Borondaterik onenez emango die daukatenetik. Biotzbera bezin eskuzabala baita Jabier, eta bere emazte Maria Jesus ere berdin.
Sebastian Salaberria eta Luis Mari Loinaz
Neri asko laguntzen didate. Badira lau bat urte, eskubiko iztarretik operatu edo ebakuntza egin zidatela. Sendagillearen kontsultara askotan joan bear izaten nuan, eta Oiarbide baserriko famili leial onek eraman eta ekartzen ninduten kotxean.
Donostian, Eritetxean edo Hospital Aránzazu-n berrogei eta zortzi egun pasa nituan. Egunero etortzen zitzaizkidan ikustalditxoa egitera, eta etziran esku utsik etortzen. Badakite ni frutazalea naizela, eta ez nuan fruta faltarik izan, eritetxean egon nintzan egunetan. Egunkaria ere ekartzen zidaten, eta jakiten nuan gertakizunen berri.
Badiet Oiarbidekoei bein ere bear bezela pagatuko ez dieten zorra.
Ni ere aldizka joaten naiz Oiarbidera, Sarasolaren sagardotegira. Len garai batean baiño gutxiago edaten det. Baiña sagardoa izan da nere edari maitagarriena beti. Lagun jator askorekin joan izan naiz sagardotegietara, eta auetako bat da Luis Mari Loinaz.
Gizon jator eta leial au Donostian, Aiete baillaran, Oriamendi deritzaion ur-depositoaren arduraduna degu, eta borondaterik onenez bera prestatzen da kotxearekin ni noranai eraman eta ekartzeko. Gizon prestu onekin ere beti zorretan nago.
A!... Ia aztu zitzaidan. Bada beste gizon jator bat ere, Sarasola jaunari laguntzera etortzen dana bere familiarekin. Anoeta erri politean bizitzen dan Manuel Odriozola jauna da bera.
Neri ere asko lagundu izan didan gizon leial bat da au. Esan bezela, orain lau bat urte, 1993-an, eskubiko iztarretik oiñazetan luzaro egon ondoren, operatu nindun Blázquez sendagille jaun ospetsuak. Baiña ortarako aurrez pauso asko eman bear izan zuan nere lagun Manuel Odriozola jaunak, adieraziz berak aspalditik ain konfiantza aundiko laguna duan Blázquez sendagille jaunari ni nor naizen eta, mesedez, al zuan modurik onenean egiteko neri egin bear zidan ebakuntza.
Arretaz entzun zion sendagille jaunak. Bere familiko bat banintz bezelatsu artu nindun, eta operazio edo ebakuntza bat ez dago obekiago irteterik. Nere iztarrak itz egin al baleza, esango luke zerbait. Gaur, sendagille ospetsu oni esker, miña zer dan ez dakidala bizi naiz. Eskerrik beroenez istimatzen diot Blázquez sendagille jaunari ain borondate onez egin zidan arrigarrizko mesedea.
Beste askori ere entzun izan diet esku oneko sendagillea dala bera, eta poza ematen du olako gizon leial batengana joateak.
Anoeta erri politean bizitzen dan Manuel Odriozola jauna aitatu dedan ezkero, badet berari buruz zerbait esan bearra. Bere bizitzan eginkizun asko izan ditu, lana bere gogozkoa duan gizon leial onek.
Aldizka biltzen gera alkarrengana, eta berak ain borondate onez egindako lan txalogarri askoren berri eman izan dit.
Orain ogei bat urte, sei urte luzez bera izan omen zan Anoeta erri polit ortako alkate, eta garai artan gauza asko omen zeuden zuzendu bearrak errian: illerri edo kanposantu berria egin leku polit batean, eta bertara joateko kamio berria; uraren tuberi berria jarri bertara; errian ain premizkoa zan ur-deposito berria egin; len etzegoan pelota plaza berri estalia egin...
Amairu urte egin omen zituan Cámara Sindical Agraria-ko gorabeerak zuzentzen iru erri auetan: Ernialde, Irura eta Anoetan. Seguro Social-a eta Familia Numerosa zuteneri beren pentsioak kobratzen lagundu. Eta zaarsaridun edo jubilatu bear zuteneri ere bere laguntza eskeiñi.
Beste eginkizun txalogarri bat bazuan Odriozola jaunak, 1973-garren urtean asi eta oraindik ere jarraitzen diona: Anoetako eliz torreko erlejuari astero-astero manibela aundi baten laguntzaren bidez kuerda ematea.
Manuel Odriozola alkate izendatu zuten egunean. Ezkerretik: Ramon Murua, erriko erretorea. Manuel Odriozola, alkate berria, X. Santibáñez jauna eta Inazio Uzkudun, kargua uzten zuan alkatea.
Berreun da amabi urte omen ditu dalako eliz torreko erleju orrek; eta, lanean naiko nekatua dagoalarik, aberiatuta zortzi illabetean egon omen zan geldirik. Baiña garai artan Anoetako erretore zegoan On Ramon Murua jaunak eskaritxo bat egin omen zion Manuel Odriozola jaunari: mesedez erlejua martxan jartzeko. Baiña erriak atzera egin omen zuan. Eta ain erleju langillea eta zuzena geldituta ikusirik, pena ematen omen zion Odriozola jaunari, eta berak egin omen zuan konpondu eta martxan jartzeko modua.
Eta orain ere, esan bezela, astero-astero berak ematen omen dio erleju urtetsu orri kuerda. Ori da biotz oneko gizona izatea. Olakoxea da nere eta beste askoren lagun jator eta leiala dan Manuel Odriozola jauna.
Eta auxe ere esan nai nuke, ba, Oiarbide sagardotegiari buruz idazten ari naizen ezkero. Nere anai Kasimiro zanak Beasaingo Garin baillarako baserri batekoa zuan lendabiziko emaztea: Martina Odriozola. Ezkondu eta urte batzuetan alkarrekin bizi ondoren il egin zan Martina. Zeruan beza atseden.
Andik urte batzuetara nere anai Kasimiro zana berriro ezkondu zan. Oiarbide baserrikoa zuan bigarren emaztea: Gregori Sarasola, Jabier Sarasolaren izeba. Ezkondu eta andik urte batzuetara gaixoturik il zan Kasimiro zana, eta geroago il zan bere emazte Gregori. Jaunak berekin ditzala zeruan.
|