Jauregi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Jauregi

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak





Jauregi



Ernanin, Jauregi baserrian, sagardotegia ezagutu genduan. Jakiña, orain dala berrogei ta amabost edo irurogei urte.

Etxe zabal aundi eder bat da baserri au, leku patxaratsu batean, kamio ertzean dagoana, eguzkiak eta aize garbi osasungarriak gogoz besarkatzen dutela, zugaitz ederrez etxe ingurua apaindurik daukalarik. Ganaduz, baratzez eta belardiz ondo osatzen dan baserria degu bera.

Inguru ortan dan belardirik aundien eta ederrena ere bere etxe atzean dauka, ainbat eta ainbat sega-apustu sonatu jokatzen dana. Kamiotik gertu edo eroso dagoanez, jende asko bildu izan da beti bertan, sega-apusturen bat jokatzen dan bakoitzean.

Jan-edanetik ere aukera izaten da. Gose-egarriak ez da iñor irten izan Jauregi baserritik.

Sotero Etxeberria, bertako nagusia, gizon bikaiña eta gozoa edo lagunartekoa; eta, ain umoretsua zanez, amaika txolarte eder paseak gera alkarrekin. Oraindik ere aztu eziñik daukat bere irripar gozoa bezin atsegiña.

Sukalde aundia eta ederra zutenez, negu partean beintzat suaren epeltasunean bilduko giñan lagun talde-aundi bat, eta antxe danok alkar zirikatuz, sumatzen ziran xelebrekeririk aundienak batak besteari esanez. Baiña aserretu bein ere ez; eta, iñoiz taldeko norbait kopetillun xamar jartzen bazan ere, sagardoak berealaxe aztu erazten zituan aserreak, eta jendea jarri erazten zuan umoretsu.

Alaitasunezko zerbait kantatu bear zanean, geienetan neri erasoko zidan Soterok, esanez:

Ea, Sebastian: konta zaiguzu Triguillo eta Caudillo nola diran. Eta “no pintas nada”.

Nik ekingo nion bertsoak kantatzeari eta txiste kontari, eta orduak errez joaten zitzaizkigun. Esaerak dion bezela, gustoko lekuan aldaparik ez.

Urte batzuk badira Sotero il zala. Zeruan beza betiko atseden.

Bere emazte alarguna, Maria Sarasola ere, emakume bikaiña da: eta, urte askoren jabe dan arren, gordin itxurazkoa dago oraindik ere, eta lanean ere etzaio aztu. Ortxe jarduten da al duana egiten. Sasoikoa zanean ere borondaterik onenez ikusten genduan bere eginkizunak zuzen betetzen. Besteak beste, sukaldari egokia bezin serbitzari leiala izan da beti. Otordu goxorik egin izan degu, berak ederki asko prestatuta.

Lau seme-alaba izan dituzte. Gurasoak bezelaxe, zintzoak eta langilleak berak ere.

Tolare ederra eta kupelategia ere ezagutu genituan; eta, beren auzoetako baserritarrak joan izan diran bezelaxe, guk ere, Aiete baillarakoak giñanok, sagardoa egiteko garaia zanean, sagarra bertara eramaten genduan, tolarean jo eta sagardoa egiteko.

Beti izan da sonatua Jauregi baserria, eta gaur bein ere baiño sonatuagoa dala esango nuke. Len taberna, ganaduak eta baratz-lanaren bidez bizitzen ziran. Baiña urte askotxo dira ganaduak kendu zituztela. Etxe barruan eta kanpo aldetik ere obra aundiak egin dituzte eta goi-maillako jatetxe zoragarri bat degu gaur Jauregi baserria.

Sotero zanaren seme Ramon Etxeberria jauna degu bertako nagusia edo zuzendaria. Bere aita zan bezelaxe, gizon jatorra eta langille egokia edo bizkorra. Ain borondate oneko bere emazte Adelina Abad eta biak langille asper eziñak dira. Beren famili zintzoa laguntzaille dutela, alegintzen dira beren eginkizunak zuzen betetzen. Borondaterik onenez serbitzen dute bertara datorren jendea.

Noiznai aurkitu litezke Jauregi jatetxe ezagunean, aur txikien bataio-eguna dala, umeen komunio-eguna dala edo ezkontza eztaietarako bazkariak edo afariak dirala, kinto-lagunen bazkariak dirala, edo empresa edo lantegietako goi-maillako jaun agurgarriak dirala. Eta zer esan sega apusturen bat bertan jokatzen danean? Eromena izaten da, bertara datorren jendetza ikusirik.

Baiña Ramon, bertako nagusia, burutsua da, gauzak urrutira ikusten dituan oietakoa, eta dotore asko antolatzen ditu an da emen maiak, exerlekuak, janariak, edariak eta bearrezko diran serbitzariak. Eta zerbaiten premiz aurkitzen danak orixe nai izaten du.

Aspaldi asi ziran Jauregi baserriko Etxe-atzea deritzaion belardi sonatuan sega apustuak jokatzen: orain ogei ta emeretzi urte, oker aundirik gabe, 1958-ko urrillaren l8-an, eguerdiko amabietan, ain zuzen.

Bertan lenengo apustua jokatu zutenak: Migel Irazusta Polipaso, Ernanikoa, eta Fermin Zulaika, Paskualsoro, Zarauzkoa. Fermin Zulaika egun artako irabaztuna.

Belardi ortan jokatu diran apustu danen berri ematea luze joango litzaiguke, eta azkena ikusi dedanaren berri emango det, idazten ari naizen nere liburu onetan.

Ain zuzen, 1996-an, urrillaren 6-an, eguerdiko amabietan, ondoren aipatuko ditudan lau segalari auek artu zuten parte: Bengoetxea, Irungoa; Erauskin, Etxetxo, Lasartekoa; Mitxelena, Oiartzungoa; Aranalde, Gaztelukoa. Ordubeteko lana.

Irabaztuna: Mikel Aranalde, Gaztelukoa. Ebakitako belarra: 4.256 kilo. Bigarren, Bizente Mitxelena, Oiartzungoa. Ebakitako belarra: 4.093’5 kilo. Irugarren, Iñaki Bengoetxea, Irungoa; Laugarren, Antton Erauskin, Etxetxo, Lasartekoa. Esan bezela, lenengo saria, 85.000 pezetakoa, eta kopa Mikel Aranalde Gaztelukoarentzat izan ziran. Zorionak denei.

Ondoren, ondo merezitako omenaldia segalari elduei. Au da, berrogei ta amazazpi urtetik irurogei urtekoei. Gizon sonatu auek izan ziran, ain zuzen: Joxe Mari Zulaika, Zarauzkoa; Benito Otegi, Dionisio Mujika eta Jose Luiz Maioz, Asteasukoak; Leon Albeniz eta Manuel Galardi, Irungoak; Antonio Larraza, Joxe Martin Aburuza eta Joxe Amuruza, Oiartzungoak; eta Juan Joxe Itxaso, Astigarragakoa. Gizon auek ere jaso zituzten ondo merezitako esku-erakutsiak edo opariak.

Alkartasun-bazkari eder bat izan genduan Jauregi ostatu ezagunean, jendetza aundia bertan bildurik.

Eguna alaitzeko, gure artean genituan Txomin Garmendia eta Joxe Agirre bertsolariak. Saio txalogarririk eskeiñi ziguten, eta gustora egon giñan entzuten.

Trikitixari ere autsak astindu zizkioten Amenabar anaiak. Baziran nik baiño errezago oiñak jasotzen zituztenak, dantzan ederki egiten zutenak; eta gu pozez aiei begira. Olaxe da mundu ontako izaera.

Nik egun artarako bertso-izeneko bat edo beste antolatu nituan, idazten ari naizen liburu onetan agertuko diranak; eta bertako nagusi Ramonek kantatu erazi zizkidan.

Eta zer esango degu? Jaialdi eder gogoangarri bat igaro genduala Jauregi ostatu ezaguneko famili leialaren inguruan. Eta berriro ere bertara joateko zaletasunarekin etxeratu giñan.

Ona emen nere bertsoak:

1
Belardi ortan ainbat apustu
nola diran jokatuak,
bertan ikusi izan ditugu
segalari sonatuak,
desapioka jardun ondoren
gero alkar probatuak,
lan ortarako erremintarik
onenak aukeratuak;
oieri esker dituzte sari
ederrak etxeratuak.
2
Ain dizdiratsu dabiltz gaur ere
garai bateko izarrak,
argi egiten dute oraindik
Jaungoikoari eskerrak.
Aitortzen degu belar ebaten
izan dirala azkarrak,
zorion beroenak dauzkagu
aueri eman bearrak,
merezitako omena dute
lengo segalari zarrak.


3
Danok dakigu kirol politez
aukera nola daukagun,
guk euskaldunok sega-lan ori
zeiñen gogozkoa degun!
Alkar probatu ere iñoizka
ta bizkorrena txapeldun,
len sasoikoak ziranak ara
nola agertu zaizkigun,
zar da gazteak merezi dute
danak txalotu ditzagun.
4
Etxe sonatu asko dauzkagu
oraindik Euskal Errian,
urruti gabe emen daukagu
bat Ernaniko lurrian.
Ostatu bikain zoragarria
ain paraje ederrian,
sukaldaritzan onak dirala
gaude esan bearrian,
premiz dagona asetzen dute
Jauregiko baserrian.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org