|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Lastaola
Ernanin baziran bi sagardotegi: Lastaola eta Lizarra baserriak. Lizarra baserria, bota berria dan arren, Ereñozura goazela kamio ertzean zegoan, Ernanitik pare bat kilometrora. Lastaola, berriz, Onyimendi aldera dago, Ernanitik iru bat kilometrora.
Orain irurogei ta zazpi bat urte gertatua da orain idatziko dedan au.
Lastaola baserriko aitona Juan Martin Ugalde egun batez Lizarra baserrira sagardotegira etorri omen zan sagardoa edan asmoz; eta bertan pasa omen zituan zortzi egun, jan da lo, etxera joan gabe.
Etzan nunbait jan da sagardoa edaten bakarrik jardun. Lagunartean musean ere bai saio ederrak noski. Egun batez oilloa ere jokatu omen zuan eta galtzea tokatu.
Lizarra baserriko Joxe Garaiar, gaur irurogei ta amalau urte dauzkan arren, garai artan mutil koskorra, eta aitona Juan Martiñek bialdu omen zuan bere etxera, Lastaola baserrira, esanez:
Josetxo, joan adi gure etxera, eta esaiok nere emazte Balentinari oilloa galdu dedala jokoan eta emateko etxean dan ederrena.
Ala, joan omen zan Josetxo Garaiar mutil koskorra eta eman omen zion gertatu zanaren berri Lastaolako amonari; eta bereala oillorik ederrena il, lumatu eta txukun asko paperean bilduta jarri omen zion, eta:
Tori, Josetxo. Eraman zaiozu gaixo orrek nere senarrari.
Abiatu omen zan Josetxo oilloa xestoan artuta, eta amonak bereala otsegin omen zion:
Josetxo, atoz pixka bat mesedez! Gure gizona zortzi egun auetan arroparik aldatu gabe egongo da eta eraman zaizkiozu garbiak.
Gaurko zenbait andrek baiño geiago maite zuan arek senarra. Berriz ere joango zan aitona Juan Martin sagardotegira lasai. Alako emaztea ez da urrearekin ere pagatzen.
Gaur aztu samartu dira oitura aiek, baiña garai batean Euskal Errian ezaguna genduan auzolana. Ni neroni ere jardun izan naiz lantegi ortan, eta ondo dakit bere berri.
Auzolana izaten zan, zerbait baserri-lan egin bear bazan, auzoak alkarri lagunduz egiten ziran bide egiteak zirala, belar da garo ebateak, laiaketak, arto ereiteak eta gari jotzeak. Lan aueri auzolan deitzen zitzaien.
Arratsaldean lauetakoa edo merienda ere izaten zan: gazta, ogia eta ardoa, biotz bixigarri. Gazta eta ogia janez, jendeak gogoz estutzen zuan zatoa.
Garai aietan, lentxeago aitatu ditudan lan auetako bat amaitzen zanean, auzolanean jardun ziranak sagardotegi batera joateko oitura zan; eta bertan lasai, etxerako presarik gabe, jan da edan, bertsotan edo musean saio batzuk egin eta lo ere bai lasai asko bertan, belar ondua edo garo gaiñean etzanda, bein baiño geiagotan.
Ez dakit egia edo gezurra dan, baiña Ernanin gertatua dala entzun izan det orain kontatuko dedan au.
Egun batez, taldekoren baten soroan artoa ereiten jardun omen ziran; eta ondoren, oiturari jarraituz, sagardotegira danak presarik gabe noski. Geroxeago konturatuko zeratenez, egunak omen zeramazkiten etxeratu gabe, eta taldeko norbaitek ala dio:
Goazemazute etxera, mutillak! Onezkero gure etxean gozoak egongo dituk!
Eta beste batek:
Bai. Joan egin bearko diagu. Urrena lasaiago egongo gaituk.
Alaxe, “Agur, etxekoak!” esanda, abiatu omen ziran etxe aldera, eta or ikusten dute artoa jaioa dagoala. Etziran baso bana sagardo edanda etxeratzeko asmoan joan sagardotegira.
San Isidro elizara joaten omen zan Jaunari bere otoitzak eskeintzera, eta laborea berdin etortzen omen zitzaion soroan. Baserritar aiek ere sagardotegian zeuden bitarte, soroan artoa jaioa. Mirari bat dirudi.
Ernaniko gertakizunen berri ematen ari naizen ezkero, au ere idatzi nai nuke, ba, nere liburu onetan.
Ernanin, Portua baillaran, bizitzen zan Bernardo Zabaleta. Bernardo Enplasteroa deitzen zioten geienak. Txirrita bertsolari sonatuaren lengusua zan. Diru pixkaren baten egarriz Ameriketan izana; eta, an urte batzuk igaro eta bere ametsa egi biurtu zuanean, berriro ere Ernanira, bere errira, etorri zan, lenbizi izan zan Aldagaia baserrira.
Berrogei ta bi milla duro ekarri omen zituan; eta garai artan, jakiña, ez da atzo goizeko kontua, izan litezke irurogei ta amabost edo larogei urte au zala, eta Ernanin zan aberatsena bera omen zan.
San Juan egun batez iritxi omen zan bere errira; eta, arritzekoa ez danez, Ernani festa-giroan zegoan, erri guztia jendez gaiñezka beterik, eta umorea nagusi. Bernardo traje ederrarekin eta lastozko sonbreroarekin sartu omen zan Egañaren ostatuan.
Txirritak ere aldizka ostatu ortan egiten zituan jan da lo. Bertako etxekoandre Anttonik esan izan didanez, gaur ere Txirritaren kuartoa deitzen omen diote, berak lo egiten zuan gelari. Etxean batak besteari galdezka asten omen dira:
Alako arropa, oiñetakoak edo beste edozer gauza nun da?
Eta:
Txirritaren kuartoan.
Dana dala, sartu omen zan gure amerikanoa dalako Egañaren ostatuan. Lendabizi mostradorera joan omen zan, eta tabernariari botilla bat ardo eskatu. Urrutira ikusi omen zituan mai batean nola zeuden Txirrita, onen lengusu Saiburu eta beste jende asko, eta mai artantxe jarri omen zuan botil ardoa:
Kaixo, jaunak! ArratsaIde on! Au edan nere kontura.
Ori esanez, komunera joan omen zan pixa egitera, eta Txirritak galdetu omen zion bere lengusu Juan Joxe Lujanbio Saibururi:
Nor dek botil ardoa maira ekarri duan gizon ori?
Saiburuk:
Ez al dek ezagutzen? Ameriketan zan gure lengusu Bernardo.
Eta maian norbaitek au esan omen zion Txirritari:
Bertso bat kantatzea merezi luke orrek, Joxe Manuel.
Garai artan ez baizuan edozeiñek eskeintzen botilla bat ardo.
Txirritak ondo omen zekian bere lengusuak Ameriketan nolatsu egiña zuan dirua. Bernardok bere lantegia edo eginkizuna oteletara esnea partitzea omen zuan. Auxe zuan eguneroko lan jakiña, eta etziran izango litro bat edo bi. Auskalo zer esne-putzuak banatu bearko zituan jatetxe aundi oietan, eta disimuloan ixilka ura botatzen omen zion. Bere ametsa egi biurtu zuan aberasturik, eta Txirritak gai oni buruz kantatu omen zion bertso au bere lengusu Bernardori, komunetik etorri zanean:
Ameriketan ere
badira listuak,
len pobreak ziranak
gaur aberastuak.
Esnea eta ura
alkarri nastuak,
enpatxua kentzeko
ez dituk gaixtuak.
|
Urte asko dira Bernardo il zala. Zeruan beza atseden.
Nik ere ezagutu nuan gizon au, eta artu-emanak izan genituan alkarrekin. Jakiña, nik ezagutu nuanerako ere naiko zaartua zegoan gizarajoa.
Egun batez, bere illoba Agustin eta irurok alkartu giñan, eta ala esan zidaten: asto bat erosteko zebiltzala. Ain zuzen, nik baneukan etxean asto bat, oso txintxoa eta umilla gaiñera. Ala, ikusi zuten, gustatu zitzaien, tratua egin genduan eta eraman zuten. Nik alperrik bezelatsu neukan etxean eta berentzat ondo etorri zan.
Nik iñoiz izaten nuan Ernanira etorri bearra, eta emen ikusten nuan nere lagun Bernardo bere astoarekin nola zebillen kalez kale, tabernetan txerri jana biltzen. Iñoiz baxoerdi bana edo beste ere edaten genduan, kontu zaarrak esanez; eta bere lanean jarraitzen zuan, eta nik ere izaten nituan nere eginkizunak. Olaxe ibiltzen giñan.
Ameriketatik etorri eta gero, Esparza Donostiako kontratista sonatuaren deia izan omen zuan Bernardok, obran enkargatuaren eginkizuna betetzera ea joango zan, eta baietz erantzun omen zion. Asi omen zan lanean eta nagusiak, Esparza jaunak:
Argiñak bear ditugu, Bernardo. Zuk bai al dakizu argiñen bat lanik gabe nunbait badagoan?
Eta Bemardok:
Bai; badakit. Nere lengusu bat argiña da eta, esan didatenez, lanik gabe dago.
Ala, abixatu omen zion Txirritari, eta bereala erremintak artu ta joan omen zan lanera.
Añarbe alde ortan izan bear zuan paretak egiten lan puska bat. Lanean ondo asi omen zan Txirrita, baiña bai parrandak egiten ere maiz. Eta egun batez Bernardo enkargatuak esan omen zion:
Begira, primo: neretzat lotsakizuna dek i orrela parrandan ibiltzea, lanera etorri gabe; eta ni ere nagusiak estu artzen niok. Ez baaiz egunero lanera etortzen, bialdu egingo aut.
Eta Txirritak:
Ez. Ez nakela bialdu. Neroni joango nauk. Iñor lantegitik bialtzea fama txarra dek.
Eta alaxe aldegin omen zuan, erremintak artuta, beste norabait.
Portua baillaran baserrian bizi da Bernardoren illoba Agustin. Biok aspaldiko lagun zaarrak gera. Gizon jator bat bezela portatu izan da beti.
Saldu-erosian edo ganadu-tratuan ibili izan da geienean. Nerekin ere bein baiño geiagotan egin izan ditu tratuak. Nik txekorrak azi egin ditut; eta, il-tokira edo mataderara eramateko moduan gizentzen ziranean, arakiñari bezela saltzen nizkion nere lagun Agustineri ere, eta beti ondo konpondu izan gera alkarrekin.
Jakiña, urteak dijoazen bezela, lanerako ere moteldu egiten da bat, eta Agustin gizarajoa aspalditxoan gaixo antzean dabil. Bere denboran langillea izan bada ere, gaur ez da len bezela baliatzen eta etxe alde bizi da.
Beste gertakizun au ere, Jose Egañaren alaba Anttonik kontatu izan didanez, Txirritari gertatua omen da.
Danok dakigunez, Txirrita bere erritik urruti xamar ere bein baiño geiagotan ibilia zan, argintza dala, bertso saioak dirala eta abar. Baiña nundik edo andik San Juan pestetarako beti bildu izan zan bere errira, bertso arrigarrien bidez erritarrak eta erbestetik zetozenak poztu edo alaitzera.
Bere taldekoekin San Juan eskean ere urtero ibiltzen zan, bertso eta kopla ederrak kantatuz.
Erriko sagardotegi eta ostatu danetan ibiltzen zan arren, Egañarena zuan nunbait gogozkoena, eta bertan pasatzen zituan amabost bat egun, jan da edan eta bertsoak kantatu. Eta, diruak aitzen zitzaizkionean, lanera berriro ere. Orrelaxe ibiltzen zan.
Dana dala, garai aietan, beste ostatuetan bezelaxe, Egañaenean ere komuna bajua omen zuten; eta Joxe Egañaren emazte Juanitak pentsatu omen zuan erriko pestak zetozela, eta Txirrita ere zaartua eta naiko baldarturik zegoala; eta, makurtu eziñik ibili gabe, komuna berria altua, gaur dauzkagun auetakoa, jarri bear zutela. Alaxe egin omen zuten: komuna berria patxarakoa jarri.
Iritxi omen ziran San Juan pestak; etorri omen zan, beti bezela, Txirrita; eta, komunera beartu zanean, joan omen zan eta ez omen zan ateratzen, Jendea asi omen zan marmarrean:
Txirritari komuna berria gustatu zaiok. Ez dek ateratzen. Gustora zegok nunbait.
Baiña andik puska batera or asten da Txirrita oiu larri batzuk egiñez:
Atozte azkar, mutillak! Atozte azkar!
Jendeak pentsatu omen zuan ondoeza egingo zitzaiola; eta, larriturik, lasterka joan omen ziran lau bat mutil gazte indartsuak, eta:
Zer dezu, Txirrita? Ez al zaude ondo?
Eta berak:
Ondo nagoan galdetzen al didazute? Ondo egon banintz, ez nian iñoren bearrik. Ipurdia sartu zaidak komunean eta ezin nauk atera! Ea pixka bat laguntzen didazuten!
Ala, batzuek tiratzen omen zioten alde batera eta besteak bestera; eta alaxe, tiraka eta bultzaka ari dirala, or puskatu dute komuna, eta ango komeriak!
Arritzekoa ez danez, goxoa jarri omen zan Joxe Egañaren emazte Juanita, esanez alegia:
Obe bearrez erriko pestetarako komuna berria jarri orrenbeste pagatuta, eta bereala puskatu! Utsa litzake, beste berri bat ekartzea balego! Pestetan gaudelako, dendak ere itxiak daude, eta ostatu dana jendez gaiñezka betea!
Eta Txirritak:
Ez estutu, etxekoandre. Ez dezu nik pasa dedan larritasuna pasa. Argiña naiz eta karaitzarekin neronek egingo dizut berria.
Txirrita serio edo kopetillun omen zegoan, pasa zuan estuasunagatik; eta jende guztia parrez lertu bearrean.
Orain kontatuko dedan gertakizun au ere Txirritarena da. Onen arreba, Axentxi, Bizente Mendizabal kontratista sonatuarekin ezkondu zan.
Elizara joateko eguna aukeratu zutenean, gonbidatu omen zituzten familikoak, lengusuak, lagunak edo adiskideak, eta Mendizabal jaunaren koiñadu izango zan Txirrita aundia ezin, ba, utzi aztuta. Abixatu omen zioten ea maia alaitzera joango zan eta ez omen zuan bi bider esan bearrik izan.
Trajea ere bai omen zeukan etxean, gero noizbait pagatzekotan egiña, eta bere ura jantzita dotore asko agertu omen zan jendearen aurrean.
Apaiza ere konturatu omen zan egun artan etzala blusa beltxarekin joan, eta:
Kaixo, Txirrita! Dotore etorri zera traje berria jantzita.
Bai, jauna. Aurreko astelen batez Tolosan izan nintzan perian, eta antxe artua det subastan.
Ezkonberriak elizako beren eginkizuna bukatu zutenean, ostatu batera joan omen ziran danak amaiketakoa egitera, eta etzan izango umore faltarik. Txirritaren inguruan izango zan bertsoa eta alaitasuna. Jendeari naiko parra egin eraziko zion.
Arratsaldeko orduak ere aurrera omen zijoazen. Ezkonberriak egun batzuetarako Donostiari agur egin bearra zeukatenez, Norteko estaziora edo geltokira joan bearra zeukaten, eta gonbidatuak ere orixe pentsatu zuten: Mendizabal jauna eta bere emaztea agurtu bear zituztela.
An omen zeuden geltokian danak trena noiz etorriko zai; eta On Bixentek, koiñadu egin berria zan Txirritari:
Bertso bat kanta ezak, koiñadu.
Eta Txirritak:
Bertso bat kantatzeko esaten al didak, len gutxi kantatu dizkiat eta?
Bai. Kantatu dek makiña bat, eta entzun diagu ederrik. Baiña trena oraindik etzetorrek, eta bitartean nai nikek bertso bat kantatzea, baiña gogoan izateko modukoa.
Eta Txirritak au kantatu omen zion:
Nere arrebak orain badizkik
oi ta bost urte pasiak,
ori ez dik, ez, ikaratuko
elurrak eta aiziak.
Portatzen baaiz emango dizkik
eskatze’izkaken klasiak,
ai, motell, ori bizi dan arte
i ez au ilko gosiak.
|
Jende guztia txaloka eskuak puskatu bearrean. Alaxe alkar agurtu omen zuten danak, eta ezkonberriak trenean joan omen ziran.
Txirritak bazekian nunbait Errera baillaran Matxainen sagardotegian sagardo ona zegoala eta arako bidea artu omen zuan.
Txirritari norbaitek galdetu omen zion ea zer moduz aurkitzen zan, eta ondorengo bertso auen bidez eman omen zion bere berri:
Irurogei ta amalau urte
badaduzkat bizkarrian,
kargamenturik txarrena au da:
ezin utzi baztarrian.
Anka batetik kojoka nabil,
reuma daukat iztarrian,
baiña baditut laguntzalliak,
ez nago modu txarrian.
|
Jakiña, bertso onetan garbi adierazten du Txirritak bazituala laguntzailleak. Etzegoala ain modu txarrean. Mendizabal jaunarekin ezkondu zan bere arrebak jarri baizion, zaar saridun bezela, eguneko amar pezeta. Garai aietan laguntza istimagarria izango zan ori; eta Txirritak, bere arreba eta koiñaduari esker, azken urteetan etzuan diru faltarik izaten.
Ondorengo gertakizun onen berri ere eman nai nuke, ez dakianik baldin bada jakin dezan.
Santo Tomas egun batez, Txirritak eta Artzai-Txikia bertsolariak bertso saio eder bat egin omen zuten Donostian Antzoki Zaarrean; eta, entzun izan dedanez, aurkezle edo gai jartzaille Ernaniko Antonino Pagola izan bear zuan. Gaietako bat ondorengo au omen zuten:
Txirrita, zu belar-soroak dituzun baserritar bat zaitugu. Eta zu, Artzai-Txikiya, artzaia zaitugu. Biok kantatu bear dezute bertso bana, Txirrita asita.
Ala, Txirritak:
Artzai-Txikiya, emango dizkit
lau bat arrazoi fuertiak,
ire ardiyak nere soroan
egin dizkitek kaltiak.
Iru lau aldiz eman zizkatek
punta berriai kortiak,
ik azienda oik erretira itzik,
nik itxiko’izkit atiak.
|
Eta Artzai-Txikiak:
Joxe Manuel, emango’izkizut
lau bat arrazoi klaruak,
gauz ori zuri sinistekotan
bearko dute txoruak.
Ez nago oso seguru baiña
ala ematen dit goguak:
Artzai-Txikiak ardik bezela
ditu Txirritak soruak.
|
Jakiña, Txirrita baserritarra zan, baiña etzuan bere belar-sororik; eta Artzai-Txikiak, naiz bere ogibidez artzaia izan, etzuan ardirik. Baiña ori zan bakoitzari jarri zioten gaia, eta ematen dioten gaiari buruz kantatu bear izaten du bertsolariak. Entzuten zegoan jendeak naiko parra egingo zuan, eta kito.
Beste bertso polit bat ere bada Txirritak kantatua. Euskal Errian bat baiño geiago izan litezke bertso onen berri ez dakitenak, eta nik adieraztearekin ez det uste iñori kalterik egingo diotenik.
Txirrita eta Fermin Imaz bertsolaria, biak oso lagun izan baziran ere, gogor aserretuak izan bear zuten, itz itxusiak alkarri esaten zizkiotela, eta bertso mikatzak jarri ere bai batak besteari. Ortxe dauzka Aita Zabalak Auspoa saillean argitaratuak, nai dituanak irakurri.
Txirritak Astoa deitzen zion Fermiñi; eta, jakiña, Txirrita nola baizan askotaz aundiagoa, Mandoa deitzen zion Fermiñek.
Egun batean, Txirrita ostatu batean zegoala, or sartu da Fermin Imaz, eta ondorengo bertso au kantatu zion Txirritak. Negua izan bear zuan; ala du itxura bertsoak:
Soiñean jantzirikan
iru elastiko,
tabernara sartu da
atsalde guztiko.
Mandoak jotzen badu
Astoa ostiko,
ez dik geio muturrik
ardotan bustiko.
|
Ondorenean, jendearen parrak eta txaloak ez omen zuten azkenik.
Entzun izan det ondorengo bertso au ere Txirritak kantatua dala, orain larogei bat urte gutxi gorabeera.
Igande arratsalde batez, Txirrita sagardotegi batean bertsotan ari dala, mutil gazte batzuk sartu omen ziran. Adarra jotzearren, Txirrita toreatzen asi omen ziran, eta taldeko batek:
Kaixo, Txirrita! Zer egiten dezu emen, andregaiarengana joan gabe? Ni baiño elduxeagoa zera zu, eta onezkero ezkonduta egon bear zenduan zuk.
Txirritak:
Bai. Nik etxean esaten diat ezkontzea pentsatzen dedala, baiña gure amak ezetz esaten zidak. Oraindik gaztea naizela; eta, gaiñera, ezkontzeko lendabizi dirua aurreratu bear izaten dala, parrandak egiteari utzita eta abar.
Mutillak:
Ez dakit, ba, Etzaitugu bein ere andregaiarekin paseatzen ikusten da...
Eta Txirritak:
Nere andregaia ostatu batean zegok neskame serbitzen. Ain zuzen, Errenterin, Pannier Fleury ostatu sonatuan. Jaietan ere lana izaten dik, eta ez dek ain errez gu paseatzen ikustea. Baiña gure ezkontzari buruz zerbait itz eginda gaudek, eta neskatxak esan omen ziok etxekoandreari beste neskame bat billatu bearko duala. Etxekoandreak, berriz, esan omen ziok, ezkondu ondoren lengo tokira joan nai badu, antxe daukala bere lantokia; eta berak eta senarrak irabazten duanarekin ondo bizi gindezkeala, eta orrelako kontuak. Baiña gure amak ez dik entzun nai ezkontza-konturik, eta ez dek giro gure etxean.
Mutillak:
Zuk kontua ugari darabilkizu, Txirrita. Baiña nik ez dizkizut danak sinisten. Ni, bai, banoa orain ere andregaiarengana, eta zu inbiritan egongo zera.
Eta Txirritak:
Ik baiño suerte obea izango diat nik. Ezkontzen banaiz, andreak naiko dirua ekarriko dik etxera, eta ni ondo nizi nitekek, lanik egin gabe ere. Baiña, ik jango badek, lanera joan bearko dek.
Eta ondoren kantatu omen zion bertso au mutillari:
Andregaiarengana
biakela juan,
ez aiz abiatutzen
berealakuan.
Txarren bat artzen badek
ona dalakuan,
eskarmentatuko aiz
probatutakuan.
|
Ondoren bai omen zan txalo-zaparrada ederrik, eta alaxe agurtu omen zuten alkar Txirritak eta gazteak.
Beste gertakizun au ere xelebrea da. Txirritak bai omen zuan neska ezagun bat Frantzian neskame edo serbitzera joana, eta urte batzuk an pasata etorri omen zan errira. Jakiña, bera bakarrik joan omen zan emendik, baiña gero iru etorri omen ziran. Erriak jakingo zuan noski gertatu zanaren berri, baiña jendeari Txirrita zirikatzea gustatzen zitzaion, eta egun batez sagardotegi batean norbaitek galdetu omen zion:
Kaixo, Txirrita. Frantzian zegoan neskatxa ura etorri omen zan. Bai bi landare eder ekarri ere berekin. Ezkondu al zan?
Txrritak:
Ez, bada.
Eta ondoren kantatu omen zuan bertso au:
Neskatxa ori etorri zaiguk
lengo batean Paristik,
berebiziko erregaliak
andikan ekarri dizkik:
bi mutil koskor ille gorristak
ematen dutenak bixkik;
lan oiek egin erazi’izkanak
abildadiak badizkik.
|
Eta jendeak:
Ori, ori! Bejondaizula, Txirrita! Orrek trago bat mereziko du! Goazen, edan dezagun!
Eta danak kupelera.
Txirritari eta sagardoari buruz idazten ari naizenez, au ere esan bear det.
Len, garai batean, pitarra izaten zan baserrietako edaria. Norbaitek galdetu lezake zer izaten dan pitarra. Bada, pitarra izaten da sagarra tolarean jo eta ura bota izan zaio patsari. Pisoiarekin zapaltzen dan sagarrari deitzen zaio patsa.
Sagardo mustioa egin bear danean, etzaio urik botatzen. Baiña bai pitarra egin bear danean. Eta, ura bota bear danean, ez du neurri jakiñik izaten. Sagar-urte ona danean, ura gutxiago botatzen zaio. Eta, sagar-urte ona ez danean, geiago.
Ez naiz oroitzen zein baserritan; baiña, sagar-urte txarra zan batean, zazpi zaku sagarrarekin emezortzi kargako kupela bete omen zuten. Morroiak egun osoa pasa omen zuan errekatik ur karraio.
Txirritak, berriz, oitura auxe zuan, baserri baten ingurutik pasatzen zanean:
Txarro bat pitar emango al didazute faborez? Baserri danetan ematen zioten txarro bat, eta bi ere bai. Baiña egun artan bat naikoa zuala esan omen zioten, eta abiarakoan:
Pitar onek bazeuzkak bi gauza, onak: bata, ontatik edaten duana ez dek mozkortuko; eta, bestea, badezutela pixka bateko edaria. Aio, jaunak! Eskerrik asko! Urrenarte!
Baiña ez omen zan urte artan geiago baserri artara joan.
|