|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Donostian, Egia baillaran, eta ain zuzen Egia kalean, bazan, orain irurogei ta amar edo larogei urte, Faustinoenea izeneko baserri moduko etxe urtetsu aundi bat, eta bertan sagardotegi sonatu bat, beti jende asko ibili izan zana.
Ni neroni ere askotan izanda nago nere lagunekin sagardotegi ortan gerra aurrean, orain irurogei ta bost bat urte; eta gerra ondorenean ere bai.
Faustino Eizmendi bertako nagusia, errezildarra berez. Gizon jatorra, indartsua eta lagunartekoa edo atsegiña.
Donostian Kullasene baillaran dagoan Latxaga baserrikoa zuan emaztea. Emakume bizkorra, langille asper eziña, sukaldari aparta eta serbitzari leiala.
Bi seme izan zituzten, mutil bikaiñak eta indartsuak biak ere. Bat beintzat pestetan arri jasotzen jarduten zana zan, eta bestea ere ez motela. Aitari sagardo-lanetan laguntzeko, ai zer nolako bikotea!
Lentxeago esan det Egia kalean zala dalako sagardotegi ori. Garai artan kale ori bakarrik baizan inguru artan. Baiña gero, gerra ondorenean, Egia kalearen beste alderdian beste kale berri luze zabal eder bat egin zuten, Polloe kanposantua edo illerriaren aurretik, Ametzagaiñean barrena Altza baillara edo Intxaurrondo aldera dijoana, eta oni jarri zioten Egia izena. Eta len Egia zan kaleari, Virgen del Carmen. Gaur ere izen oietxek dauzkate kale oiek.
Faustinok bere gogozkoa zuan sagardo egite lan ori. Etxean zeuzkan tolarea eta kupelak; eta aietxek sagardoz betetzen zituanean lasaitzen zan gizona.
Jakiña, sagardoak duan lana ez da or bukatzen, naiz eta kupelak sagardoz betetzea lanik gogortxoena izan. Gero ere sagardoak baditu bere lanak. Kupela, sagardoz betetzean, andik illebete bat edo bira probatu bear izaten da, eta begiratu irakiteari utzi dion ala ez. Irakiteari utzi badio, kupelaren gaiñeko zuloa tapatu egin bear izaten da ondo, arnasik artuko ez duan moduan. Gero, bere garaian, botilletan sartu eta apaletan edo lurrean pillan jarri, eta illebete bat edo bira edateko moduan izaten da.
Faustinok gizon-sagardoak edo edari onak zekian egiten; baiña emakumeen gogozkoak egiten ere iaioa zan. Emakumeak, bitatik batean, sagardo goxoa naiago izaten baitu. Baiña, ortarako, Faustinok buruz jokatzen zuan. Kupela bat edo beste sagar gezarekin egindako sagardoz beteko zituan; eta, botilletan sartzen zuanean, aparte jarri. Eta gizon-sagardoa edo edari txinpartatsua egiteko, sagar gazia eta geza biak nastuko zituan, baiña bere neurrian, gazia geixeago zala; eta ari deitzen zitzaion gizon-sagardoa.
Faustinoren sagardotegian aste-egunetan ere beti ibiltzen zan jendea. Baiña igande eta jai-egunetan erromerira balijoazte bezela joaten zan jendea sagardotegietara. Famili osoak: larriak eta txikiak, elduak bezela gazteak ikusten ziran. Batzuek etxetik eramaten zuten bazkaria edo merienda: baiña beste askok naiago izaten zuten sagardotegiko etxekoandre sukaldari txukunak ain ederki prestaturik zeuzkan usai gozoa zerioten kaxuela aietatik jan.
Gaur famili askotan ikusi litezke kotxe bat bezela bi edo iru, eta jendea irrikitzen egoten da igandea edo jai-eguna noiz etorriko dan zai beren ibillalditxoak egiteko, eta batzuetan luzeak eta arriskutsuak ere egin bear izaten dira, eta or dijoaz beren ametsa egi biurtu asmoz, naiz iñoiz negarrez edo atsekabeturik etxeratu.
Baiña orain irurogei urte, nola ez genduan gaur daukagun kotxe aukerarik, etxetik irten eta ibilalditxo bat oiñez egiten bagenduan, konforme izaten giñan.
Orretxegatik, Faustinoren sagardotegian, eta batez ere jai egunetan, arrigarrizko jendetzak biltzen ziran. Gizonezkoak bezelaxe ikusi zitezkean emakumezkoak ere, erdeldunak geiago euskaldunak baiño. Jakiña, emakumezkoak sagardotegira joate ori gaur ez da nabarmentzen, garai artan bezela. Gaur emakume euskaldunak berdin ikusi litezke, sagardotegietan bezelaxe, tabernan eta kafetegietan ere; eta garai bateko karabineroak bezin egokiak dira zigarroa erretzen ere. Jakiña, gizonaren pareko omen dira orain, eta ez da giro gonadunekin. Gonadunekin esaten det, baiña aspaldi asi ziran gizonarentzat egiñak diran galtzak berenganatzen. Eta gaur ez da errez, kafean edo beste nunbait ikusita, emakumezkoa ala gizonezkoa dan ezagutzen.
Garai batean, buruan ille luzea ere emakumezkoak bakarrik ibiltzen zuten, eta belarritakoak ere berdin.
Ez dakit mesedegarri edo kaltegarri izango diran, baiña bapo aldatu zaizkigu Euskal Errian genituan oiturak. Garai bateko aiton-amonak begira baleude, zer esango ote luteke, gure lur paregabe onetan egin dan aldakuntza ikusita?
Ain da negargarria gure egoera tristea. Noizbait konturatuko al gera noski anaiak anaien aurka gabiltzala eta bide ortatik ez datorrela adiskidetasunik eta pakerik. Nai genduke mundu guztiaren jaun eta jabe, eta ori ez da bidezkoa. Burua makurtu bear danean, makurtzen jakin bear degu, eta merezi duanari arrazoia eman. Ori da gizalegea.
Noan berriro ere Faustinoren sagardotegira. Faustinok, naiz berak etxean sagardo asko egin, arrigarri saltzen zuan tabernetara eta baillarako beste etxe askotara, eta kanpotik edo beste sagardotegietatik ere ekarri izan zuan iñoiz, etxeko premia osatzeko.
Au neronek ikusia daukat. Ni Donostian, Aiete baillaran, Azken-Portu baserrian bizi nintzala, bertako nagusi Juan Marik sagardoak egiten zituanez saltzeko alegia, Faustino etorri izan zan bein baiño geiagotan bere lagun-talde batekin sagardoa probatzera, erosteko asmotan, eta:
Kaixo, Juan Mari. Arratsalde on.
Kaixo, jaunak. Berdin. Sagardoa bear dezu zuk, Faustino?
Bai, Juan Mari. Onak al dauzkak?
Bai, bai. Sagardo onak dauzkat nik. Probatu ditzagun.
Juan Marik, betiko oitura zuanez, etxean zeukan onenetik asiko zan kupela txoxten, eta Faustinok:
Au ona zegok.
Gero bestea.
Au ere bai. Eta orrelaxe probaketan. Baiña Juan Marik bazuan kupela bat, geienetan sagardo goxoa ateratzen zuana, aldi luzean kin-kun eta kun-kun beti irakiten egoten zana, eta ura etzan gizon-sagardoa izaten, emakume-sagardoa baizik; eta, sagardo goxo ura probatu ondoren, ala dio Faustinok:
Aizak, Juan Mari: sagardo au, goizetan gailleta batzuk janez edateko modukoa zegok.
Juan Marik:
Banekian zer esan bear zenduan. Nik ez dakit zer deabrukeri duan kupel onek. Beti edari goxoa ateratzen du.
Eta Faustinok:
Ez adi estutu, Juan Mari. Nik etxean gizon-sagardoa bezelaxe bear izaten diat emakume-sagardoa ere, eta bi kupelak artuko dizkiat.
Etzuan badaezpadako poza artu Juan Marik, au entzun zuanean. Garai artan, kupela bat sagardo erabat saltzea mirari bat bezelatsu baizan, eta bi kupela saldu zituan batera. Loteria tokatu balitzaio baiño ere poz aundiagoa banatu zan Juan Mariren biotzean. Alaxe, bi kupeletako sagardoak eraman zituan Faustinok, eta etzan asarre Juan Mari.
Gero, gelditzen ziran kupelak ere ustutzen ziran. Batzuk etxean txotxean saltzen ziran, eta besteak tabernetara eta lagunarte edo soziedade batzuetara.
Eta berriro ere neretzat gelditzen zan lana. Juan Mari gizon lodia zanez, kosta egiten zitzaion kupelaren barrura sartzea; eta, ni nola bainintzan gaztea eta mearra edo argala, erbiñudea gurdi-pertikaren kabilla-zuloan sartzen dan bezin errez sartzen nintzan kupelaren ate-leiotik barrura.
Lendabiziko lana, kupelaren barruan zegoan liga zaarra kanpora bota, urez ondo garbitu eta legortzen utzi; eta, berriro sagardoz bete bear ziranean, egun batzuk aurretik nagusi Juan Marik esango zidan:
Kupelak sagardoz betetzeko prestatu bearrak zeudek.
Eta nola geienetan neroni jarduten nintzan lan ortan, banekian zer neukan egin bearra. Trintxaren moduko erreminta batekin sego zaarra kendu kupelari, eta sego berria eman ol-tarte danetan, kupelak jariorik izan ez dezan; eta kupelaren ate-leioa ere garbi-garbi egin, sego berria eman ondo, itxi eta segidan beste kupelera. Alaxe, ontzi danak prestatu arte. Gogozko lana nuanez, gustora jarduten nintzan, bertso zaarrak kantatuz.
Berriro sagardoz bete bear ziranean, geienetan iru lagun izaten giñan. Garai artan eskuz jotzen genduan sagarra. Makina aundi xamarra zan; eta Aieten, Arostegi baserrian morroi zegoan nere lagun Xanti Lujanbio eta biok jartzen giñan makinaren alde banatatik. Nagusi Juan Marik, berriz, sagarra bota makinari, eta palarekin tolarean patsa zabaldu.
Ogei ta bost edo ogei ta amar karga sagar jotzen genituan asialdi bakoitzean, eta au ere jakin bearrekoa da: karga sagarra sei zakurekin egiten dala alegia, eta txuleta jaten baiño gustorago jarduten giñan sagardo egite lan ortan.
Oiñak ere urte guztian ibiltzen genituan garbienak orduantxe ibiltzen genituan. Gaur gomazko oiñetakoak ibiltzen dituzte tolarean. Baiña garai artan etzan gaur daukagun oiñetako aukerarik, eta oiñutsik ibiltzen giñan. Alare, etzan iñor nazkatzen. Berdin-berdin edaten genduan sagardoa.
Orain ere arrastotik aterata nabil, baiña bereala sartuko naiz irten naizen bidera: Faustinoren sagardotegira alegia.
Gero, urte askoan lantegi ortan jardun ondoren, sagardo egiteari utzi egin zion Faustinok. Urteen zama aundia ere berekin zeraman gizarajoak bizkarrean, eta aspertzea ere ez da arritzekoa.
Eta bere etxea, urtetsua edo zaarra nola baizan, bota eta kale-etxe berri aundi eder bat egin zuan bertan; eta alde batean bere semeak erreminta-denda edo ferreteri aundi eder bat jarri zuten, eta beste aldean, berriz, Kutxa Munizipalaren bulego eder dotore bat zabaldu zan. Zeiñek esan garai batean sagardotegi sonatu bat zala, gaur etxe berri eder ori dagoan lekuan?
Zoritxarrez, orrela galdu dira gure Euskal Erri maite onetan sagardotegiak eta beste oitura on asko. Negargarria da benetan gure lur paregabe onetan ezagutu degun aldakuntza. Berrizale gera, baiña ardoa ere zenbat eta zaarragoa obea da, esaerak dionez; eta ardoa bezelaxe beste gauza asko ere.
Esate baterako, etxekoandre edo sukaldaritzan ona dan batek, salda ona egin nai duanean, geienetan ganadu zaarraren aragi-ezurrak edo oillo zaarraren pusketak sartuko dizkio lapikoari.
Bestela, entzun dezagun Txirritaren bertsolari aundiaren ateraldi xelebre au. Egun batez, Txirrita joan omen zan ostatu batera, eta salda eskatu zuan Atera omen zioten katillu aundi bat; eta, ura artu zuanean, etxekoandreak:
Txirrita, saldaren gaiñean zer nai zenduke? Eta Txirritak:
Saldaren gaiñean? Izarrak -erantzun omen zion.
Izarrik gabeko salda izango zan nunbait, aula alegia.
Baiña ara orain ere noraiño joan naizen Faustinoren sagardotegitik asita.
Kontuak kontu, urte asko dira mundu ontako lanak eginda Faustino betiko agurtu zala. Larogei ta amairu urterekin eman zuan azken arnasa. Eta ondoren emazteak ere bai. Jaunak berekin ditzala zeruan.
|