|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
Donostian, Lugaritz baillaran, Eriz pasealekuan, kamio ertzean, leku patxaratsu batean dago Flores-berri izeneko baserria, eguzkiak eta aize osasungarriak gogoz maitatzen dutela. Orain irurogei ta amar bat urte egindako etxe eder bat degu bera.
Mariano Lasarte bertako nagusia, gizon ospetsua bezin jatorra. Urte askotxo dira Mariano il zala. Zeruan beza atseden.
Zer famili izan zuan seguru esateko ez dakit; baiña iru edo lau seme-alaba ote zituan errezeloa daukat, aspaldiko kontua da ta.
Seme zaarrena, Joxe Krutz. Ortaz, bai, ondo oroitzen naiz. Berak emanda askotan edan izan degu sagardoa. Mutil jatorra eta leiala zan. Ezkondu zanean, aitak etxe berria egin zion, Etxe-txuri izena duana. Au ere Lugaritz kamio ertzean, Flores-berri baserritik gertu dago.
Marianoren alaba bat ere ezagutu nuan. Maria Teresa uste det zala. Neskatxa polit askoa, bere irripar goxoarekin. Bera zan geienetan kupelaren ondoan sagardoa saltzen egoten zana; eta, jende gutxi xamar zanean, bakarrik ere egoten zan une batzuetan.
Alakoetan, ni ere joaten nintzan, sagardoa edateko aitzakian, kupelaren ondora neskatxarengana. Bera ain bertsozalea izanik, nik kantatzen nituan bertsoak entzun nai izaten zituan, eta antxe jarduten nintzan nekizkien edertxoenak berari eskeintzen.
Baiña alakoetan Mariano, bere aita, ain gizon serioa eta errespeto aundikoa izanik, egun batez auxe esan zidan:
Sebastian, nere alaba neutral dago, e?
Esan nai zidan, alegia, ni ez nintzala ondasunez neskatxaren maillakoa, famili ori ondasun askoren jabea baizan, eta ni beartsua edo pobrea izan. Maitasunez aberatsa, bai, baiña ondasunez urri. Beartsuari ez baizaio bein ere alkandora ipurdira irixten, eta ortan izaten dira komeri txarrak.
Marianok, beste sagardotegi askotan bezelaxe, sagardo on txinpartatsuak egiten zituan geienetan. Neronek irakurri izan det, orain irurogei bat urte egunkarian: “Actualmente las mejores sidras en Guipúzcoa las tenemos en las siguientes sidrerías: Urresti-azpi, Flores-berri y Munto”. Eta etzan gezurra.
Neroni ere, sagardozalea izan naizenez, bein baiño geiagotan izanda nago baserri oietan, eta badakit zerbait edari gustagarri orren berri.
Lentxeago aipatzen ditudan iru baserri oietan, gaur ez da sagardorik egiten; baiña Euskal Erriak ez ditu ain errez aztuko etxe oien izenak, beste asko eta askorenak bezelaxe. Erriaren oroimengarri bezela izango dira.
Azken urte auetan gure sagardotegiak bakandu bazaizkigu ere, bein ere baiño sagardo geiago egiten dala esango nuke, gu bizi geran lur ontan; eta gure begien aurrean daukagu gertatzen danaren arrazoia.
Len, garai batean, sagardotegi aundiak eta txikiak, danetatik genituan; baiña aspaldi asi ziran sagardotegi aundiak indartzen eta txikiak bakantzen, eta ezin esan genezake sagardotegi txikiak bakantzearekin sagardo gutxiago egiten danik, alderantziz baizik. Gaur dauzkagun sagardotegiak aukerapenez ondo osaturik dauzkagu.
Bertako sagarrarekin ondo osatzen giñala bear genduan sagardoa egiteko, baiña gaur geienbat erbestetik ekartzen da, eta sagar ona gaiñera.
Norbaitek esan lezake sagardoa edari garestia dala; baiña konturatu gaitezen bear degun sagarra emen bertan bagendu askotaz ere merkeagoa izango litzakeala ain gustagarria dan gure sagardoa. Baiña emen ain bearrezko ditugun beste gauza asko bezelaxe, sagarra ere urrutitik ekarri bear, eta orretxek garestitu erazten du merkea.
Badet beste zerbait geiago ere Flores-berri baserriari buruz esan bearra. Une guztiak etzirala, alegia, gozoak edo pozgarriak izaten; samiñak edo mikatzak ere bai aldizka, eta guk ere pasa bear izaten genituan batzuetan estuasun latzak. Oraindik ere oroitzen naiz gau batez baserri ortan pasa genduan larrialdi beldurgarria.
Gerra aurretik zan: 1934-garren urtean gutxi gorabeera. Garai artan ere, oraintxe bezelaxe, bazan Euskal Errian asmo txarreko jende biurria, pakea baiño gerra naiago zuana alegia.
Igande arratsalde batez, gu, lau edo bost lagun, beti bezela alkartu giñan; eta Flores-berrin sagardo ona zegoala eta bertara joatea pentsatu genduan, eta alaxe joan giñan, gero damutu bazitzaigun ere. Lenengoz dana arrosa kolorekoa genduan, baiña gero agertu ziran arantzak.
Gu joan giñanean, euskaldun jende paketsua zegoan, eta an ari giñan meriendatuz sagardoa edaten. Baiña illunabar aldera sartu zan etsai guztiak berekin zituzten erdeldun gazte-talde bat, eta begiratuan ezagutzen zuten jolaserako baiño burrukarako gogo geiago zeukatela. Azkenerako bapo nabarmendu ziran danak ere, eta etzan giro aien inguruan.
Gu, meriendatu genduanean, beti bezela umoretsu jarri giñan, eta nere lagunak neri ekiten zidaten, esanez:
Zer? Gaur ez al diagu bertsorik, Sebastian?
Ik badakizkik, ba, Xenpelarrek Betroiari bederatzi puntuan jarritako bertso eder askoak.
Nola memoriz nekizkian, alaxe asi nintzan kantatzen. Baiña gure umoreak denbora gutxian iraun zuan, eta etzan atsegin teillatupe artan. Ala zioten erdeldun aiek, beren mingain zikiñak astinduz: obe genduala ixildu, berak etzutela ezertxo ere ulertzen da. Eta, pakea obea zala pentsaturik, ixildu egin giñan.
Egun artan eguraldi ederra zanez, jende asko etorri zan sagardotegira, eta geienok euskaldunak, pakearen eta umore onaren aldekoak.
Baiña une batetik bestera an sortu zan beldurgarrizko burrukaldia. Orduan, gauza onik etzala pentsaturik, nere lagunak eta ni kanpora irten giñan; eta ain asmo txarreko belarrimotz aiek bereala artu zuten burutazio txarra.
Lendabizi, burruka dabiltzala sagardotegian zeuden maiak eta silla danak puskatu ondoren, ate danak itxi, jendea barruan zegoala; eta argiaren ari danak puskatu.
Azkenik, sagardoa saltzen zegoan neskatxaren maia puskatu. Ori egin zuten duroak ostutzeko asmo txarrez. Arratsalde guztiko sagardo-diruak mai artantxe baizeuzkan neskatxak. Diru danak lurrean zabaldu ziran, eta belarrimotz aiek illunpetan dirua bildu ta bildu. Neskatxak, izuturik negarrez, aitari otsegiten zion:
Aita! Aita! Etorri azkar!
Baiña bertako nagusi Marianok, buruz ain argia izanik, disimuloan telefonoz poliziei ots egin zien, eta bai azkar etorri ere.
Gu kanpora irten da bereala, etorri zan autobus aundi bat poliziz beteta, eta bereala sartu ziran sagardotegira. Linterna onak ere berekin zituzten. Gau illuna baizan. Bederatziak aldera zan gertakizun ori. Ateak itxi zituzten. Etzioten iñori irteten uzten; eta ekin zioten, gerrian zintzilik zeramazkiten berogarriak eskuetan artuta, dale bati eta dale besteari. Kupira gabe astintzen zuten berogarria, eta tristeak ziran ango oiu eta karraxiak. Saiets-ezurrak ondo berotu zizkietenean egin zuten polizi aiek gau artako pakea.
Errugabeak ere izango ziran noski tartean soldata jasotakoak. Aiek ematen zidaten neri pena eta errukia.
Dana dala, artu zituzten belarrimotzak autobusean eta joan ziran poliziak beren kuartelera. Jakiña, garai artan Donostia askoz txikiagoa nola baizan, guardias de asalto izeneko polizi aiek kuartel bat bakarra zeukaten Donostia guztirako, eta bera Inpernuan. Norbaitek galdetu lezake:
Baiña nolaz Inpernuan?
Erreza da ulertzen, eta ara emen erantzuna: Donostiari dagokion Añorga baillaran bi baserri ziran: bat Inpernua eta bestea Belen. Bietan ezagutu genduan taberna. Ni neroni bein baiño geiagotan izanda nago taberna oietan, gaztea nintzala. Biak ere aspaldi bota zituzten, kale-etxe berriak egiteko.
Baiña gaur ere Inpernua deitzen zaio inguru orri; Barrio del Infierno erderaz. Inguru ortan dago, baita ere, egin berria dan Errotaburu baillara. Dana dala, oraindik ere gogoan daukat nun zan polizi aien kuartela.
Autobus aundi luze batzuk zituzten, aurretik atzeraiño gaiña irikitzen zitzaietenak, eta poliziak autobusaren bi aldeetara saltatzen ziran, azkar asko gaiñera, eta etzan giro izaten aiekin. Sasoi betean zeuden euskaldun mutil gazte liraiñak ere bazebiltzan taldean. Au ondo ikusi genduan udaberri zan igande illunabar batez, Azken-portu baserrian.
Etxeko danak apaltzen ari giñala, ustegabean autobus oietako bat etorri zan poliziz betea, eta estu ta larri sukalderaiño sartu zitzaizkigun bost edo seiko talde bat, euskaldunak, pistolak eskuetan zituztela.
Bereala “Eskuak gora!” esan ziguten, eta guk parrari eman genion, broman ari ziralakoan. Baiña berak etzuten parrik egiten, begiratu zorrotza baizik, eta berriro:
Eskuak gora esan det!
Jateari utzi eta danok eskuak gora jaso genituan, eta ala zioten alkarri:
Ez dituk auek. Barkatu. Gabon pasa -esan da tximista baiño azkarrago aldegin zuten Ernani aldera.
Urrengo egunean jakin genduan Donostian lapurreta edo zerbait orrelako egin zutela. Baiña etziran goxoak etorri dalako guardias de asalto aiek.
Gorrotoa zien norbaitek ere bertso bat egin zien erderaz:
Mamá, yo quiero ser
guardia de asalto;
no quiero trabajar
porque me canso.
|
Lentxeago esan det garai artako polizi aiek Inpernuan zutela kuartela. Etxe aundi bat zan, Gipuzkoako Diputazioarena; eta bertan zeuzkaten almazen aundiak. Aietan sartzen zituzten gauza asko, eta gero gauza oiek danak kendu eta polizientzat kuartela jarri zuten.
Baiña nola etxe aundia zan, gerra garaian espetxea edo kartzela ere bertan jarri zuten. Esan nai det, alegia, norbaitek okerren bat egiten bazuan, polizi aiek artu eta Inpernura eramaten zuten.
Donostiak bazeukan kartzela, ain zuzen Antigua baillaran, itxaso ertzean. Ondarretako kartzela zeritzaiona. Palazio eder bat zirudian etxe aundi bat. Baiña nola gerra garaia zan, naiz etxe aundia izan, presoekin beteta zegoan beetik asi ta goraiño; eta, iñork okerrik egiten bazuan, Inpernura eramaten zituzten.
Baita elizan meza santua entzuten zegoan jendea ere poliziak artu ta Inpernura eraman izan zituzten. Neronek ezagutzen nituanak ere bai bat baiño geiago. Ez dago galdetu besterik gaur Ondarrabian komentu batean fraile dagoan Xalbador Zapirain Ataño-ri. Igande goiz batez Donostian Atotxan fraileen elizan meza santua entzuten zegoan jendea artu aurrean poliziak eta Inpernura eraman zituzten.
Zergatik uste dezute? Meza ura ildako eusko gudariengatik ixilka aterea zan, eta poliziak ori jakin eta elizako jendea eraman egin zuan, bereala libratu bazuan ere. Eta Joxe Zapirain zanak, ain bertsolari trebea zanez, bertso eder askoak jarri zituan gertakizun orri buruz, bera ere egun artan elizan izan balitz bezela.
Bertso oiek gaur ez dauzkat gogoan, baiña memoriz ikasi nituan eta iñoiz lagunartean kantatu ere bai. Ala ere, ara nola diran, Auspoa saillaren 123-4-5-garren zenbakitik artuta:
Dozen erdi bat bertso
biar ditut jarri,
denbora pasatzeko
entretenigarri,
lenguan funtziyo bat
zutelako jarri,
eta zer gertatu zan
esango det sarri:
erakutsi digute
inpernuko berri.
|
Entendimentutikan
nagola sanua,
ango pasadizua
esatera nua;
beñere etzait aztuko
orduko lan ua:
elizatik artuta
preso inpernua;
arren, libra gaitzazu,
Aita Eternua!
|
Ango pasadizua
nua esatera,
eta sinistatzia
posible ote da?
Borondatez juan giñan
meza entzutera,
barrenan giñan denak
kanpora atera,
gero preso eraman
kartzela batera.
|
Zer esatera nuan
au goguan jaso,
eta jende guziya
beldurtu zan oso:
esan dan funtziyu oi
izan dala kaso,
lagun asko giñaden
seme ta guraso,
elizan giñan danak
inpernura preso.
|
Kontatu bear ditut
orduko kasuak,
aztu gabiak dauzkit
goguan jasuak;
guziyak arrapatu
gaitu erasuak,
katolikuak eta
relijiosuak;
alare ez gaitu erre
inpernuko suak.
|
Oiek egin dituzte
orrelako lanak:
presidiyuan sartu
elizara juanak,
nola emakumiak
igual gizonak;
berexi gabetandik
gaixto eta onak,
artu aurrian eta
inpernura denak.
|
Batzuek izutu ta
bestiak beldurtu,
eta jendia zuten
oso gogor artu;
memori ona daukat
naiz pixka bat zartu,
oien aziyua iñork
ez lezake partu:
bizirikan geundela
inpernuan sartu.
|
Nunbait guztiyak igual
genduen merezi,
gaixtorik eta onik
etzuten berexi;
alako funtziyorik
nik ez det ikusi,
batzuek eskapatu
ziyoten igesi,
jakiña inpernuan
etsaia nagusi.
|
Au ere esan nai nuke, ez dakianik baldin ba jakin dezan: gerra ondoren bota zutela, alegia, Ondarretako kartzela; eta orduan egin zuten orain Martutene baillaran daukaguna.
Ara noraiño iritxi naizen Flores-berri baserritik asita. Barkatuko al didazute mesedez, irakurle maiteok, aspertu erazi bazaituztet.
|