|
Sebastian Salaberria. Sagardotegiak
MUNTO baserria Donostian Aiete baillaran kamio ertzean dago, eguzkiak eta aize osasungarriak gogoz maitatzen dutela. Etxe aundi zabal bat da bera, antziņakoa, zaarra edo urtetsua. Bertako bizilagunak ziotenez, bosteun urtetik gora ditu etxe onek, eta oraindik ere zutik eta modu onean dago.
Bere inguruan ziran baserri asko bota dituzte, kale-etxe berriak egiteko. Baiņa Munto ez dute botatzen; eta, diotenez, ez dute botako. Monumento histórico bezela utziko dute.
Munto lendabizi komentua omen zan. Geroago, ospitala. Ondoren, orain urte asko, sagardotegia; eta geroago sagardotegia eta taberna. Gaur ez dute sagardorik egiten baserri ortan, eta taberna ere ez dago.
Baiņa sona aundiko sagardoak egin izan dira geienetan etxe ortan. Neronek ere gazterik ikasi nuan sagardotegi ortara bidea, nere bizitzan beti sagardozalea izan naizenez. Amalau edo amabost bat urte nituala, joaten nintzan jaietan nere lagunekin Munto baserrira.
Aietearrak ziran orduko nere lagun geienak: Erreka baserriko Ximon, Etxetxiki baserriko Joxe, Gure Pakea baserriko Rafael, Ugalde baserriko Pedro eta Donostian Anoetako Uralde baserriko Xanti.
Nere lagunak ziran aiek geienak illak dira. Jaunak berekin ditzala zeruan.
Xanti zanak, Anoetan Uralde baserrian bizi zirala, ostatua jarri zuan bertan, eta andik urte batzuetara bota bearra izan zan jatetxe ori, kirol jolasetarako obrak egin bear zirala eta.
Baiņa beste jatetxe eder bat egin zuten Anoetan bertan, Hotel Anoeta izena duana. Eta Uralde jatetxean jende asko ibiltzen bazan ere, gaur ez dago gutxiago Hotel berri ortan.
Xanti zanaren seme Joxek eta bere familiak lagun eta ezagun askorekin dituzte artu-emanak, eta danok ondo artzen gaituzte, bertara joaten geranean; eta ez ondo artu bakarrik, borondaterik onenez ondo serbitu gaiņera.
Ain sukaldari apartak diranez, bein jatetxe ortara joaten dana, berriro ere bertara joateko gogoarekin irteten da, eta orrek poza ematen du.
Munto sagardotegiko gertakizunekin ari naizenez, badet zerbait geiago ere esan bearra. Munton bertakoak ziranak, lengo zaarretakoak alegia, iru bat gizonezko ezagutu nituan: Agustin, Xanti eta Pedro Illarreta. Gizon langilleak eta zintzoak ziran baserri-lanetan, eta sagardoa egiten ondo ikasiak arreta aundiz.
Gizon auetako baten alaba Manuela Illarretarekin Fernando Urrestarazu ezkondu zan. Lau seme-alaba izan zituzten, eta, gurasoak il ziranean, seme Isidrok eraman izan ditu baserriko gorabeerak.
Garai batean, orain urte asko, Aieteko kamioa erregebidea omen zan. Madritik Donostiara edo Donostiatik Madridera joan-etorria egin bear zutenean, Aieteko kamio ortatik ibiltzen omen ziran. Erderaz camino real deitzen zioten.
Goi-maillako jaun agurgarri asko etorri izan omen da Munto baserrira. Beste askoren artean, Frantziatik Napoleon ere Espaņira zetorrenean, Donostian Munto izaten omen zuan ostatu bezela, eta bertan pasatzen omen zituan bere atseden-egunak.
Gaur Espaņian daukagun errege Juan Karlos ere, gaztea zala, Donostian egin omen zituan bere ikasketak; eta, bere lagunekin ibillalditxo bat egiņez, Muntora etortzen omen zan sagardoa edatera. Ixidro Urrestarazuk serbitzen omen zioten ain gogozkoa zuten sagardo txinpartatsua; eta, bertan egonaldi luze bat egin ondoren, Beste bat arte esanez alkar agurtzen omen zuten ikasle gazteak.
Errege Juan Karlos Donostian bizi zanez, Muntoko Ixidrok bazuan osaba bat, Ixidro bera ere, aitaren anaia, illea eta bizar-moztaillea. San Bartolome kalean zeukan bere lantokia, eta errege Juan Karlos Ixidrorengana joaten omen zan burua apaintzera.
Ikusten danez, goi-maillako jaun agurgarri asko iritxi da Munto baserri sonatuan. Juan Karlos errege onen aitona zanak ere badu bere istoria, Alfonso amairugarrena, Espaņiako erregea zanez udara partean bere atsedenaldia pasatzera Madritik Donostiara etortzen zanean, jakiņa, Antigua baillaran dagoan Palazio Real izeneko jauregi etxe ortara.
Bere ibilalditxoa egitera edo paseatzera norabait joan bear zuanean, Aiete alde ori omen zuan bere gogozkoa, eta ortxe egoten omen zan, baserritarrak baratzan lanean nola ari ziran begira. Alako batean baratzan lanean ari ziran tokira bertara joaten omen zan, eta zillarrezko duro bana ematen omen zien, esanez:
Tengan para tomar un poco de vino.
Arrazoi txar bat aiņakoa izango zan eskupeko ori, ardo pixka bat edateko irrikitzen zeuden aitona gizarajo aientzat. Galdu etzedin, azkar asko gordetzen omen zuten, paiņueloaren puntan bost edo sei korapillo eginda. Ez baizuten egunero izango olako opari dizdiratsua. Gauean, lotara joan da ere, duro zillar orrekin ibiliko ziran noski ametsetan.
Nik neronek ezagutu nituan, len esan bezela, garai artan emen gure artean ibiltzen ziran diruak. Bazebiltzan kobrezko txanponak, baiņa baita ere zillarra eta ontzako urre dizdiratsuak ere. Gaur emen esku artean darabilkigun au baiņo aberatsagoa zan garai artako dirua. Garaian garaiko kontuak.
Munto sagardotegiarekin ari naizenez, amaika umore paseak gera, bertan biltzen giņan lagunarte paketsuan. Garai artan etzan gaur daukagun alkar ikusi eziņik edo gorrotorik. Danok famili batekoak bagiņa bezelatsu giņan; eta, zerbait eztabaida edo aserrerik sortzen bazan, sagardoak egiten zuan geienetan pakea. Umore txar guztiak azturik, jendea bertsotan edo kantuan asiko zan, eta geienetan alaitasuna nagusi.
Bertsolariak ere ezagutu ditugu Aieten. Beste batzuen artean, Berabera baserriko Joxe Sorozabal eta bere seme Nikolas. Iņoiz saioak egin izan dituzte alkarrekin batean eta bestean, eta ale ederrik eskeiņi ere bai jendearen gozamenerako, Munton sagardo ederra edanez. Orain irurogei ta bost bat urteko kontuak dira auek.
Neri ere esaten zidaten iņoiz:
I, Sebastian: ik ere badakizkik, ba, bertso zaar eder askoak, Txirritarenak, Pello Errotarenak, Udarregi edo Pello Mari Otaņorenak. Kanta itzik, ik ederki kantatzen dituk eta.
Ni gaztea nintzan garai artan: amalau edo amabost urte. Baiņa nere gogozkoa zan bertso zaarrak memoriz ikasi ta lagunartean kantatzea, eta ikusten nuan jendeak gogoz entzuten zituala, eta danok alaitasun ederrean, sagardo txinpartatsua edanez.
Munton ere une guztiak etziran arrosa kolorekoak izaten. Gau batez izan zuten atsekabe galanta. Maliziz ondo orniturik zeuden gaizkille batzuek asmo txarreko azioa egin zieten.
Baserri ortan, beste baserrietan bezelaxe, edukitzen zituzten ganaduak: beiak, zekorrak, zaldia, eta egazti-talde aundi bat ere bai. Eta lapurrak, nunbaitik zerbait ostu nai duanean, geienetan burutazio gaiztoak erabiltzen ditu.
Munton ogei ta amabost edo berrogei bat oillo edukitzen zituzten, eta nolako oilloak gaiņera! Oillo gorri eder oietakoak. Egunez kanpoan belazean ibiltzen ziran, baiņa gauerako beti etxera biltzen zituzten, eta zakur ar aundi bat ere antxe egoten zan, oillo aien inguruan lotuta, etxea eta bertako gauzak zaitzeko, etxekoak bakarrik ezagutzen zituan oietakoa.
Kanpoko jendeari zaunka beldurgarriak egingo zizkion bere ortza zuriak erakutsiz; baiņa gau artan eme bat eraman omen zuten. Sarrerako atea alde batetik puskatu omen zuten, eta zakur emea bialdu arrarengana; eta, biak jostatzen zebiltzan bitarte, lapurrak oillo guztiak, eta oillar bikain askoa ere bai, danak ostu, etxekoak batere konturatu gabe. Zakur oillozaiak ez baizien zaunkarik egin.
Ederki utzi zuten Manuela etxekoandre gajoa. Oilloak arrautza gorri ederrak jartzen zizkioten, sagardotegira zetorren jendea serbitzeko, eta gero dendara joan bear erostera. Ara zer mesedeak egiten dituzten lapurrak baserrietan eta nun-nai ere.
Garai bateko ijitoen antzekoak izango ziran lapur aiek ere. Len garai batean, orain urte asko, ijitoak ere joaten omen ziran elizara aitortzera edo konfesatzera; eta apaizaren galdera:
Ezer ostu al dezu? .
Eta ijitoak:
Bai, jauna. Oillo bat badet ostua, baiņa jarri bitza kontuan bi, gaur gauean beste bat ostu bear det eta.
Damutasun ederra zeukan arek ere. Oillo kontuan ari geranez, Txirritak ere bertso baten bidez aitortu omen zion Atxukarro apaiz jaunari, Ernanin bere kuadrillarekin etxez etxe San Juan eskean zebiltzala, nola oilloak ostu izan zituzten. Onelatsu kantatu omen zuan:
Gero penetan egon ez dedin
esango diot bertatik
nola bi oillo ostu genitun
Astigarrako bentatik.
|
|