Pedro Leizaola


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Pedro Leizaola

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak



Pedro Leizaola



Pedro Leizaolak Donostian, Grosen, Sagues baillaran zuan sagardotegia. Urte batzuk badira il zala. Zeruan beza atseden.

Gizon onek konta ezin ainbat istori duan arren, nik dakizkidanak jarriko ditut liburu onetan.

Leizaola gizon bikaiña zan, eta umoretsua. Blusa beltza jantzi ezkero, esan zitekean Txirrita bertsolaria zala. Kiloz ere ortxe-ortxe izango zan bera ainbeste.

Alkar ezagutzen genduan, eta itz egin ere bai makiña bat aldiz. Askotan joan izan naiz bere sagardotegira nere lagunekin, eta sagardo eder txinpartatsua edan ere bai, jendea bertsotan edo kantari jarri erazten zuana.

Oraindik ere gogoan daukat nolatsu zan etxe ura. Sagues baillaran, itxas aldetik zuan sarrera sagardotegi orrek. An bertan zeuzkan tolarea eta kupelak; baiña eskalera luzea zeukan, Zemoria izeneko goiko kalera igotzeko, eta an janari-denda eta estankoa zeuzkan.

Sagardo onak egiten zituan, eta sagardozale asko joaten zan bertara eztarria bustitzera.

Ez dakit Leizaolak zer famili zuan. Bere alaba bat ezagutu nuan, orain dala berrogei bat urte. Berak ogei bat izango zituan. Aita bezelaxe, lodi-lodia zan, eta ara nolaz ezagutu nuan.

Bere ogibidez comadrona edo aurra egin bear duten emakumeei laguntzen ibiltzen zana zan. Donostiako Residentzian edo Eritetxean egiten zuan lana. Gure auzoko baserri batean, Laxtuenen ain zuzen, San Jose egun batez, bertako etxekoandre Inaxik aurra egin bear zuan, eta Benta baserriko Pedrok bere motoan ekarri zuan eritetxetik comadrona zan neska ori. Jaiotza ura zala medio ezagutu nuan. Gaur irurogei bat urte inguru izango ditu.

Leizaolak bazuan kotxea edo automobil zaar bat, oso zaarra, noiznai aberiatu eta bidean gelditzen zitzaiona; baiña bere arekin egiten zituan iñoiz deabrukeri batzuk.

Esate baterako, egun batez bere lagun batzuk Getarira txakoliña edatera joatea pentsatu zuten, eta or esan diote:

Aizu, Pedro: eramango al gaituzu zure kotxean Getarira?

Eta berak:

Bai, bai. Joango gaituk. Neronek ere bazeukat gogoa txakolin pixka bat edateko. Nik bazekiat zeiñek daukan txakolin ona.

Goiz batez atera dira Donostiatik iru edo lau lagun; eta, bidean kotxearen aberiak konponduz, noizbait iritxi omen ziran Getarira.

Ekin omen zioten bixigu errea jan da txakoliña edan. Eguna bertan pasa ondoren, danak ere bapo jarri ziranean, abiatu omen ziran Donostia aldera, etxeratzeko asmoan. Eta danak ere bai noski, baiña Leizaola loak tentatzen omen zuan; eta, berak nai zuanean gelditzen baizuan kotxe zaar ura aberia zuala esanez, begietan lanbroa bezela jartzen omen zitzaion, eta bidea ez ondo ikusten.

Usurbil aldera iritxi ziranean, disimuloan zerbait egin omen zion kotxeari, eta kamio ertzean baztertu eta au esan omen zien bere lagunei:

Mutillak, kotxe onek aberia dik eta denbora puska bat bearko diat nik au konpontzeko; eta zuek bitartean or aurrean ikusten dan taberna ortan artu ezazute kafe bana edo zerbait.

Ala, lendabizi, zaku zaar aundi bat bota omen zuan kotxe azpira, eta ondoren konta ezin ainbat erreminta ere bai. Bera sartu omen zan nolabait kotxe azpira, eta etzuan seaskari eragin bearrik izango noski lo artzeko.

Bere lagunak kafea artu eta musean saio ederra egin ondoren, joan omen ziran kotxea zegoan lekura, eta:

Kaixo, Pedro. Konpondu al dezu kotxea?

Berak:

Bai. Lanik asko eman zidak, baiña konpondu diat beintzat. Goazemazute azkar etxe aldera. Lagun batzuk etortzekoak dizkiat afaltzera, eta onezkero zai egongo dituk.

Alaxe etorri omen ziran Donostiara. Siesta ederra egin omen zuan eta bapo Leizaola.

Beste egun batez, azio xelebrea egin zion bere lagun bati, Martutene baillarako Aingelu baserriko Joxeri ain zuzen.

Diodan Joxe au, goiz batez eguraldi ederra omen zegoan eta trajea eta alpargatak jantzi eta Donostiara joan omen zan bere lagun baten illetara. Antxe alkartu Leizaola eta biak, eta eguna alkarrekin pasa omen zuten jan da edan eta kontu kontari.

Arratsalderako eguraldia txartu edo zearo biurritu omen zuan. Euria goian-beean gogotik, eta gauean bederatziak aldera Joxek esan omen zion Leizaolari:

Bueno, Pedro: nik etxera joan bear diat Ernaniko tranbean.

Eta Pedrok:

Egon adi lasai, euria erruz ari dik eta. Nik eramango aut kotxean.

Sartu dira biak kotxe zaar artan, abiatu dira Martutene aldera, eta Urbieta kalean sartu eta bereala or gelditu da kotxea ez aurrera eta ez atzera, eta ala dio Pedrok Joxeri:

Ik pixka bat bultzatzen badiok, jarriko dek martxan.

Pedro kotxearen barruan ederki zijoan batere busti gabe; baiña Joxe zearo busti eta alaxe joan omen zan Amararaiño, Urbieta kale guztian bultzaka, euria galanki ari zuala, eta izerdi patsetan, leer gaizto eginda.

Noizbait jarri omen zan martxan kotxe zaarra. Jakiña, Leizaolak nai zuanean egiten omen zuan ori, iñoren kontura par pixka bat egitearren noski. Noizbait iritxi dira Martutenera, eta gelditu gabe aurrera Astigarraga aldera, eta Joxek:

Gelditu, Pedro, gelditu! Ni iritxi nauk etxera eta.

Eta Pedrok:

Etzekiat gaur zer duan kotxe onek. Leen ezin asi eta orain ezin gelditu.

Ala, or joan dira Santiomendiraiño, Ermaña baserrira, sagardotegira, eta antxe gelditu. Sagardoa edanez, Leizaolak kontatu omen zion jendeari zer nolako ibillerak egin zituzten Aingeluko Joxek eta biak, eta naiko par egin omen zuten an zeuden sagardozaleak.

Ondoren esango dedan astakeri au ere Leizaolak egiña omen da. Naiko sagardoa edan da etxera abiarakoan, garai artako kotxeak, eta kamioiak ere bai, radiadorea izaten zuten, eta radiadoreak ura bear izaten zuan, ez berotzearren. Eta Leizaolak:

Etxekoandre, ura emango al didazu mesedez, kotxeari botatzeko?

Ez daukagu, ba, tanto bat ere, Pedro. Beeko errekatik urrutitik ekartzen degu, eta batere gabe gelditu gera; eta orain, giro onekin, nor joango da errekara ur billa?

Bueno, ez estutu, etxekoandre. Ekaitzu botella pare bat sagardo.

Eta, urik etzegoalako, sagardoa bota omen zion kotxeari, eta oso ondo etxeratu zan Pedro Leizaola. Kotxeak ere sagardoa naiago nunbait, ura baiño.

Leizaolak jende guztiarekin zituan artu-emanak, eta iñoiz ikusten genduan goi-maillako jauntxoekin ere. Egun batez bazirudian antzerkia edo teatroa egiten ari zala.

Donostian, Elkano kalean, badago ostatu bat Valentin Lasarte izena zuana. Gertakizun au izango zan orain irurogei bat urte. Garai artan izen bera zuan ostatu orrek.

Donostian sonatuak izan dira Lasartetarrak. Beste anai batek, Joxek, Puerto kalean zuan ostatua. Anai zaarrenak, berriz, Marianok, Lugaritz baillaran Flores-berri baserrian zuan sagardotegi eder bat, sagardo onak egiten zituana.

Sartu nadin irten naizen bidera eta esan dezadan Elkano kalean gertatua. Gau batez ostatu ortan bildu zan lagun-talde aundi bat, eta talde ortan zan, baita ere, Donostiako alkatea zan On Antonio Pagoaga jauna, eta Leizaola ere bai bere kotxe zaarrarekin.

Or sortu dute eztabaida gogor bat, azkenean apustua egiteraiño. Garai artan Donostian, Bulebarrean, San Jeronimo kalearekin kantoi egiten zuala, bazan Café Oriental izeneko ostatu bat, eta taldeko norbaitek esan dio Leizaolari:

Aizu, Pedro: danontzat kafea jokatuko dizut ni oiñez korrika eta zu zure kotxearekin zein lenago joan, orain gauden ostatu ontatik Café Oriental-era.

Eta Leizaolak:

Bai. Jokatuko diat. Ik ez didak gaur neri irabaziko.

Egin dute apustua eta kotxe zaar artan sartu dira lagun batzuk, alkate jauna ere bai, eta ekin diote biak batera, oiñezkoa korrika kamioz Bretxan barrena, baiña Leizaola Bulebarko arbola tartean barrena. Eta gaueko serenoak etorri omen ziran lasterka, esanez:

¡Alto! ¡Alto! Ez al dakizu emendik pasatzea debekatua dagoala?

Leizaolak:

Zer? Txoratu egin al zerate edo zer pasatzen da emen orrenbeste buillarekin? Nik apustua det eta utzi neri pakean.

Serenoak:

Ezetz, ba, ezetz! Ez dagoala emendik pasatzerik! Munta pagatu bearko dezu. Utzi bertan kotxea.

Eta Leizaolak:

Munta pagatu dezala atzean dijoan orrek. Berak esan dit segitzeko emendik zuzenean.

Gezurra esango zuan noski; baiña serenoak begiratu omen zuten kotxe barrura eta or ikusten dute alkate jauna. Serenoak, beldurturik, ala omen zioten:

Barkatu, mesedez. Segi, segi lasai.

Ala, Leizaolak errez irabazi omen zuan apustua; eta, oiñezkoa iritxi zanerako, maian omen zeuden kafea artzeko prest. Eta gero betikoa: alkarrekin ikamika, tranpa egin zuala, ori ez dala gizon bezela jokatzea, eta abar eta abar.

Nik ez det pagatuko! Zuk, garbi jokatzeko, ni etorri naizen bidetik etorri bear zenduan.

Baiña ala omen zion alkate jaunak: pakea bear zala. Berak berdindu omen zituan ango kroxkak, eta berriz ere danak lagun.

Beste egun batez, au Donostian, Aiete baillaran, Azken-Portu sagardotegian gertatu zan. Ni ere garai artan baserri ortan bizitzen nintzan.

Leizaola, ain sagardozalea zanez, noiznai genduan Azken-Portun. Tragoxka maiz xamar gustatzen zitzaion, eta an jardun giñan arratsalde guztian, kupela batetik txurrut eta bestetik txurrut, bertako nagusi Juan Mari, bere koñadu Patxi Leizaola eta ni.

Jakiña, Pedrok guk baiño ondotxoz geiago betetzen zuan basoa, eta azkenerako neurritik pasatzeraiño edan zuan gizarajoak. Meriendatu genduan ederki tortilla bakailloarekin, naiko txuleta errea, eta tragoa maiz. Gero ziran komeriak. Gauean amarrak aldean etxera joan bear zuala eta ala zion:

Gonbidatzen zaituztet kafea artzera. Aieten, Gasparren tabernan artuko diagu lasai.

Juan Marik eta Patxik etzuten joan nai, bidean baztarren bat jo ta min artuko zuten beldurrez.

Asi zan, ba, bere kotxe zaar artan sartzen eta ezin zan iñolako moduz sartu. Ain gizon aundia, eta arrapatu zuan legatza ere berekin zeraman.

Baiña danon artean lagunduz, sartu genduan beintzat exerlekuraiño, bolanteari eldu zion eta etzuan berak nai ordu martxan jarri.

Gaiñera, Leizaolak artean lanik zaillena egiteko zeukan. Donostiatik Azken-Portura etorri zanean, bere kotxe zaarra Ernani aldera begira utzia zuan kamio ertzean; eta, berriro Donostia aldera begira jartzeko, maniobrak zeuzkan egin bearrak.

Azken-Portun etxe ondoan urtetan an egon zan idi demak jokatzeko arri aundi oietako bat, bi milla eta zazpireun kilo pixatzen zituana. Maniobra egiten asita, arri uraxe jotzen zuan kotxearen atzekaldearekin, eta ni ari nintzaion erakusten:

Ez, Pedro! Beste aldera!

Urrena, berriz, etxe-kantoia danba! jotzen zuan. Kosta zitzaion ederki. Konta ezin ainbat maniobra egin zituan, baiña azkenean beintzat nolabait jarri zuan bere kotxe zaarra Donostia aldera begira, eta ez giñan asarre.

Kotxe zaarrak artu zituan beintzat kanketako galantak, arria eta etxe-kantoia jota. Urrengo egunean txapistak izango zuan lanik asko txapa zaarrak zuzentzen.

Dana dala, asi zan oiuka:

Goazen, mutillak, kafea artzera!

Juan Mari eta Patxi jarri ziran kotxe ondoan, eta atearekin soiñua atera ere bai iriki eta itxi.

Barrenen al zerate?

Bai, Pedro! Segi lasai!

Leizaolak usteko zuan besteak kotxe barruan zirala: baiña nola etziran sartu, Gasparren tabernan berak bakarrik artuko zuan kafea.

Urrena Azken-Portura etorri zanean, ala zion:

Zer pasa zitzaizuen aurreko gauean? Uste nian kotxe barruan ziñatela, ta beldur geiago nian bidean galdu ote ziñaten.

Juan Marik:

Bai! Denborarik edo astirik eman al ziguzun? Bereala aldegin zenduan, da gu lotara joan giñan.

Eta Leizaolak:

Lotara joan ziñatela? Ederki egin zenduten. Nik kotxean egin nian loaldi ederra, bidea ez nian ondo ikusten da.

Leizaolak, janari-denda zuanez, egunero izaten zuan lana kotxearekin dendetara eta tabernetara ogia partitzen; eta, kotxe zaarrak noiznai aberia zuanez bizikleta zaar kaxkar bat ere bazuan, eta bere arekin ibiltzen zan Grosen kalez kale, zaku ogia bizkarrean zuala. Eta jende guztia arriturik berari begira, ainbesteraiñoko gizon puska bizikleta kaxkar baten gaiñean ikusita.

Alakoxea zan Pedro Leizaola zana. Zeruan beza atseden.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org