Aduritz


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Aduritz

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak



Aduritz



Auxe da nere sorterria dan Oiartzungo udalak 1984-garren urtean artu zuan asmo ona: erriko seme bati omenaldi gisa liburu edo zerbait eskeiņi bear zitzaiola alegia.

Ala, egun batez nitaz oroiturik, udal onetako kontzejala zan Iņaki Arbelaitz jauna, Aita Zabala eta ni irurok bildu giņan alkarrizketa bat egiteko asmoz. Gizon auek esan zidaten nik bertso asko neuzkala an da emen banaturik, eta bertso auek danak bildu ta liburu eder bat egin bear gendukeala.

Alaxe osatua det Nere soroko emaitzak izeneko liburua; eta bere aurkezpena edo argitaratzea 1984-garren urteko garagarrillaren 1-ean ostiralez egin zan, Oiartzungo Udaletxean, Iņaki Irigoien jauna alkate zalarik.

Baita ere egun ortan bertan eta ordu berean, arratsaldeko seiretan, erri guztiaren izenean, udalak bertako seme kutun eta agurgarritzat autatu zuan ain bertsolari goi-maillakoa bezin zuzena zan Manuel Olaizola Uztapide zana.

Antxe gure artean genduan bere emazte naigabetua ere, eta berari eman zizkioten ain ondo mereziak zituan esku-erakutsiak, txalo-ots arrigarri bat entzuten zala.

Txistulariak ere, berak ain ondo dakiten bezela, borondaterik onenez bete zuten beren egitekoa.

Ezkerretik: Martzelino Manterola, Sebastian Salaberria, On Manuel Lekuona, Iņaki Arbelaitz eta Mariano Ostolaitz zana, 1984-an.



Joxe Joakin Mitxelenak eta Koxme Lizasok ere bertso-saio ederra eskeiņi ziguten, kantatu zituzten bertso biotz ikuigarrien bidez emazte alargunari beren samin-agurra eskeiņiz.

Ardo zaar urtetsuarekin ogitarteko goxoak ere eskeiņi zizkiguten.

Emen liburu onetan ikusiko dituzutenez, argazki bat edo beste ere atera zizkiguten; eta txolarte polita pasa genduala esan bear.

Urrengo egunean, illaren 2-an, larunbata, Aduritz sagardotegian, lagunarteko afari goxo baten ondoren bertsolari-txapelketa bat ospatu zan, sagardotegia jendez gaiņezka beterik zala, bigarren maillako bertsolariak bertan parte artu zutelarik. Amar gizonek osatu zuten taldea. Jexux Oiartzabal Xamoa II garaille edo txapeldun gertatu zan.

On Manuel Lekuona apaiz jaun agurgarriak, bertsolari-jai artan partaide zanez, berak ezarri zion txapela buruan irabaztunari, txalo zaparrada aundi bat entzuten zala.

Gai-jartzaille eta txapelketaren arduradun Juan Krutz Ezeiza Kaxka .

Epaimaia ondorengo auek osatu genduan: Antonio Lekuona Aranburu, Martzelino Manterola, Mariano Ostolaitz, Koxme Lizaso eta Sebastian Salaberria.

Garagarrillaren 3-an, igandea, Madalen-soro pelotalekuan, bertsolari gazteen saioa edo jaialdia. Garagarrillaren 10-ean, Bertso-Aste 84-ko bertsolari jaialdi nagusia Madalen-soro pelotalekuan.

Onenbestez amaitu ziran gure erriko jaialdi atsegin auek. Danak ere jaialdi bikaiņak edo jendearen gogozkoak zirala esan bear.

Gero, urte artan bertan, uztaillaren 10-ean, Euskadi Irratitik izan nuan deia, Nere soroko emaitzak bertso-liburu oni buruz alkarrizketa bat egin bear genduala esanez. Ordu erdi luzeko alkarrizketa ori Joxerra Garzia Garmendia jaunarekin egin nuan. Bazan une artan gurekin beste neskatxa gazte eder bat ere. Ez dakit nola zuan izena.

Egun artan gai asko ikuitu genituan arren, geien astindu genduana kultura gaia izan zan. Joxerra jaunak galdera asko egin zizkidan, eta geienetan era ontan izaten zan nere erantzuna:

Ni oker ez banago, garai batean gaur baiņo kultura eta errespeto geiago zan gure Euskal Erri maite ontan. Arrigarria edo obeto esanda negargarria baita urte gutxiren buruan gure gaztediak egin duan aldakuntza; eta ez daukagu ezertxo ere esaterik, gazte auek baitira beren ustez jakintsuak.

Gero, ondoren, Joxerra jaunak galdetu zidan ea mesedez bertso bat edo beste kantatuko nituan Nere soroko emaitzak bertso-liburu oni buruz, eta onelatsu izan ziran une artan kantatu nituanak:
Ikusirikan euskal kultura
nola dijoan gainbera,
xuxpertu dedin bertso berriak
jartzen alegintzen gera.
Makiņa batek egin dit neri
liburu onen galdera,
au irakurri nai dezutenok
orain dezute aukera.
Len zabaldurik neuzkan aleak
ara denon bistan jarri,
nere lantxo au izan dedilla
guztien mesedegarri.
Ta orain jakin nai badezute
nere bertso auen berri,
liburu-dendan or daude salgai
nai duanak irakurri.


Eta gero, alkarrizketa amaitzeko, Joxerra jaunak galdetzen zidan nere sorterriari bertso bat kantatu bear banio zer esango nioken bertso ortan.

Nik erantzun nion biotz osoz maite dedala edo zerbait orrelako esango niokela.

Au, guztiok ondo dakigunez, seme batek lenengo geien maite duana ama izaten da; eta gero, familiaz gaiņera, bere lurra edo sorterria. Eta onelatsu izan zan nere bertsoa:

Nere sorterri biotzekoa,
garbi aitortu nai dizut:
bataioaren sakramentuak
nik ortxe artuak ditut.
Zorion bero maitekorrenak
zuri eskeintzen dizkizut,
beste erriak ere bai baiņa
geienbat zu maite zaitut.


Onelaxe bukatu genituan Oiartzungo Aduritz sagardotegiko gertakizunak eta Joxerra jaunarekin Euskadi Irratian egin nuan alkarrizketa.

Koxme Lizaso bertsolaria eta Sebastian Salaberria, 1984-an.









     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org