Zarategi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Salaberria Sebastian »  Sagardotegiak »  Zarategi

Sebastian Salaberria. Sagardotegiak



Zarategi



Zarategi baserria Donostian, Altzako Intxaurrondo baillaran zegoan, eguzkiak eta aize garbiak gogoz maitatzen zutela, leku alai eta patxaratsu batean, kamio ertzean zutitua.

Baiña urte batzuk badira, baillara ortako beste baserri asko bezela, Zarategi ere bota zutela. Gaur, baserri oiek ziran tokian, arrigarrizko etxe pillak daude zutituak; eta erri aundi bat dirudi gaur Intxaurrondo baillarak.

Zarategi baserriko nagusia Antonio Arruti Arrieta zan, izenordez Erbia esaten ziotena, gizon atsegiña eta umoretsua. Bertsolaria gaiñera. Biok bertso-saioak egin izan genituan iñoiz. Sagardo onak egiten zekiana.

Ni nere lagunekin askotan izana naiz sagardotegi ortan, eta amaika umore eder paseak gaude dalako Erbi sonatu orrekin. Aundi xamarrak esaten genizkion alkarri, baiña aserretu bein ere ez. Sei alaba izan zituzten Antoniok eta bere emazte Maria Arrieta Etxebestek. Neskatxa eder liraiñak ziran danak ere. Aurpegi alaiz itz egiten ziguten sagardotegira joaten giñan sagardozaleoi. Oraindik ere nere begien aurrean dauzkat beraien irripar goxoa eta esaten zizkidaten itz eztitsuak. Ez ninduten aspertu ere egiten. Beraiekin igarotzen nituan txolarte aztu eziñak ain ziran pozgarriak.

Baiña samingarriena izaten zan Erbia ukuilluko atearen zirriztutik zeletan egoten zala; eta, alakoetan, “gero arte” alkarri esan da lagunetara joaten nintzan sagardoa edatera.

Nik nere bizitzan kontrario gutxi izan det; lagun asko eta jatorrak edo leialak geienak. Batzuetan lagun-talde batekin joaten nintzan sagardoa edatera, eta urrengoan beste batzuekin. Bazekiten ni joaten banintzan umorearen faltarik etzala izango. Ni asten bainintzan bertso zaarrak edo berriak kantatzen, joaten giñan lekura joaten giñala. Berealaxe piztuko genduan umorearen sua.

Ni Zarategi sagardotegira joan izan naizenez, geienetan lau bat lagun izaten giñan: Adrian Larrea, zegamatarra; Pontxio Aranburu, urnietarra; Joakin Zubillaga, Donostian Kullasene baillaran dagoan Latxaga baserrikoa. Gizon jatorrak eta umoretsuak danak ere. Pakea benetan maite duten oietakoak.

Ni garai artan Donostian, Aiete baillarako Azken-Portu baserrian, bizitzen nintzan. Ogei ta lau bat urte neuzkan. Nere lagunak elduagoak ziran. Adrian Donostian fabrika bateko guarda zan. Pontxio, Donostiako Udalak izaten dituan obren arduradun edo sobrestantea zan. Joakin, kamioi batekin bere kontura ibiltzen zan lanean eraman-ekarrian. Irurak il ziran. Zeruan bezate atseden.

Donostiako Udalak ere lan asko ematen zion Joakini, berak kamioi gutxi zeuzkalako. Lan oietako bat Artikutzako sailletatik egurra ekartzea izaten zan; eta, nik udalarentzat lana egiten nuanez, Joakin eta biok askotan joanak gera mendi oietara egur eske.

Garai artan Donostiako Udalak bazeuzkan Artikutzan irurogei gizon edo langille, bertako mendietako egur-lanak eta garbitasunak egin eta txukun jartzeko; eta, berak bearrezko zituzten janariak eta edariak udalaren kontura izaten ziranez, gauza oiek danak nik erosi eta bialtzen nituan Joakin Zubillagaren kamioiean.

Artikutzan bertan bizitzen zan On Martin Alberdi administradore jaunak bialtzen zidan bear nuan dirua gauza oiek erosteko. Ogia astean bi egunetan bialtzen nien: asteartean eta ostiralean; eta, danok ondo dakizutenez, gerra ondorengo urte latz aietan gosete beldurgarri baten mende bizitu giñan emen. Gauza guztiak kupoi edo vale batzuen bidez ematen zizkiguten dendan. Ortarako, On Martinek Artikutzatik gizon bat bialtzen zuan kupoiak eta diruarekin, esanez:

Auek eraman Sebastiani Donostiara.

Eta ogei ta amazazpi kilometroan oiñez etortzen zan ain jatorra eta leiala zan nere lagun Antonio gizarajoa; eta goizean zortzietarako nere eskuetan izango ziran. On Martinek gizon orren bidez bialtzen zituan gauzak. Ez dago gaurko gazteei au esan besterik. Askotxo baitira gaur, zoritxarrez, nekatuta jaiotzen diranak ere.

Barka zaidazute, mesedez. Zarategi bidetik irtenda banabil ere, berriro sartu nai nuke irten naizen bide orretara, sagardotegi orri dagozkion gertakizunak idatzi asmoz.

Lentxeago nion amaika umore eder pasa izan degula dalako Erbi sonatuarekin. Nere lagunak esango zidaten:

Sebastian, joango al gaituk Altza alde ortara Erbiari bixitatxo bat egitera? Onezkero luze iritzirik egongo dek, aspalditxoan ez gaituk izan da. Irekin aritzen dek bertsotan gustora, eta par pixka bat egin bear diagu.

Garai artan, orain berrogei ta amazazpi urte, ez genduan gaur daukagun kotxe aukerarik, eta Joakin Zubillagak egingo zuan bere kamioiarekin tasistaren serbitzua, eta debalde gaiñera. Etzigun bein ere ezertxo kobratu izan. Baiña guk esaten genion alkarri:

Zerbait eman bearko zioagu Joakini. Bestela, esku-legorrak gerala esango ziguk.

Eta zerbait ematen genion:

Au gasolina pagatzeko, Joakin.

Eskerrik askorik etzigun ematen. Gutxitxo izango zan nunbait ematen geniona. Etzigun artu nai izaten. Alakoetan, eskubiko eskua atzeratu egiten zuan, baiña ezkerrekoa disimulo ederrean zekian luzatzen.

Kontuak kontu, amaika joan-etorri egiñak gera dalako kamioi artan. Uste det bera bakarrik bialduta ere errez billatuko zuala Zarategi sagardotegira bidea. Beste sagardotegi geiagotara ere joan izan giñan, baiña geienbat orreraxe.

Konturatuko zeratenez, nere lagunak amets bakarra eramango zuten, sagardoz beren eztarriak bustitzekoa alegia. Baiña nik bi amets eramaten nituan: bat sagardoarena eta bestea bertan bizi ziran aingerutxo polit eta eder aiei ikustalditxo bat egitea.

Erle langillea jardin bateko lorategira joaten dan bezin gogotsu joaten bainintzan, beti biotza eskuan nuala, izar eder eta dizdiratsu aiengana. Bazirudian berak ere ni ikusteko zaleturik zeudela. Alakoxe aurpegi alai eta irripar goxo batekin egiten baizidaten ongi etorria.

Neroni bakarrik ere joan izan naiz iñoiz, lagunei ezertxo ere esan gabe. Bizikleta kaxkar bat baneukan etxean; eta, gaur baiño sasoi obea neukanez, konturatu gabe igotzen nituan mendi oietako aldapak.

Geienetan illunabar aldera joaten nintzan. Ate ondoan lotuta zegoan txakur beltxak ezagutzen ninduanez, bereala egingo zizkidan adiskidetasunezko zaunka txiki batzuk, bere isats biurria astinduz; eta luzaro gabe agertuko zan ain maiteak nituan neskatx aietakoren bat. Eta nik:

Arratsalde on Jainkoak.

Berak:

Berdin, Sebastian. Sagardoa edateko asmoan etorriko ziñan noski?

Bai. Mesedez ematen badidazu, Paula, istimatuko dizut, egarri antxean etorri naiz ta.

Bereala etorriko zan txarroa eta basoa eskuetan zituala, eta andik laster ogitartekoa ekarriko zidan, tortilla goxo askoa bakailloa eta arrautzarekin egiña; eta, beti bezela, alkarri maitasunezko kontu txikiak kontatzen asiko giñan.

Baiña une artan nunbaitik ere agertuko zan guk agertzea nai ez genduan zorioneko Erbia, esanez:

Orain ere emen al aiz? Goazemak kupelera, trago bana egin dezagun.

Ez baizitzaion gogozko guk egiten genduan itzaldi goxo ura. Eta, neskatxarengana ni berriro ez joatearren, bereala asiko zitzaidan:

Ik bertso zaar asko dakizkik eta kanta itzik. Jendeak gustora entzungo dizkik.

Maleziz ondo orniturik zegoan Erbiak bazekian ni, bertsoak kantatzen asi ezkero, ez nintzala neskatxarengana joango.

Aldizka keiñu egiten nien; baiña nola Erbiak begiak erne zeuzkan, beste une baterako uzten genduan elkarrekin egin nai izaten genduan itzaldi goxoa.

Berak ere bertsotan ondo zekianez, bazekian iñoiz saio ederrak egiten. Neri ere noiznai egiten zidan desapio, esanez:

I omen aiz bertsolaria.

Nik:

Badakit ez naizela bertsolari ona eta gutxiagorik ere. Baiña biok asten bagera, olioa ur gaiñera igotzen dan bezela igoko naiz ni ere, eta zure gaiñetik joko det kukurruku.

Eta berak:

Ik nere gaiñetik kukurruku joko dekala? Kostako zaik ederki. Ik nai dekanean egingo diagu saioa.

Nik nai dedanean? Ba, datorren ostegun arratsaldean etorriko gera gu, seiretatik zazpirak tarte ortan. Zuk jarri merienda ona, eta orduantxe probatuko gera biok. Ez degu gauza aundirik jokatuko: zuk jartzen dezun merienda ori pagatu dezala gutxien danak.

Berak:

Bueno, ondo zegok. Gero ez adi asi emen umeak bezela negarrez, galdu egin dekala ta. Kartera onarekin etortzen al aiz?

Eta nik:

Galdu? Gero ikusiko degu ori.

Gu lau lagunok joan giñan, esan bezela, zintzo esandako ordurako. Baiña Erbia falta. Bere alabei galdetu nien:

Aita nun dezute?

Berak:

Aita Ernanira joan da perira. Erreminta batzuk erosi bear dituala esan digu.

Eta nik:

Erremintak erosi bear dituala? Ez dira errezak. Ez ote da oroitzen gaur bertso-saioa egitekoak gerala biok?

Neskatxak:

Ez dakit, ba, nik. Guri ori esan digu.

Egon giñan zai gauean amarrak edo amar t’erdiak alderarte, baiña kale.

Ala zion batek:

Txakurrak artuta joan bearko dezute bidez bide. Oiek bereala artuko ditek Erbi arrastoa.

Eta nik:

Gu ezin gindezke geiago aren zai egon. Etorriko da nai duanean. Erbiak geienetan gauez jaten du, eta Ernani aldeko sororen batean ariko da paotxa jaten. Orixe baita bere gogozko janaria.

Berriro ere kupelari bixitatxo bat egingo genion, eta “Gabon pasa!” esan da etxe alderako bidea artuko genduan.

Baiña berriro ere luzaro gabe Zarategi aldera begira jarriko giñan. Gure lagun Joakin tasistari esango genion:

Altza alde ortara joango al gaituk, eztarria pixka bat bustitzera?

Eta berak:

Ba! Nai dezutenean.

Alaxe joaten giñan, eta arrapatzen genduan ain erreza etzan Erbi paotx jalea. Bereala asiko zan guri esaten aurreko ostegunean berandu xamar etorri zala etxera, eta mesedez barkatzeko.

Nik esaten nizkion galantak: etzala itzeko gizona eta orrelakoak. Baiña ajola gutxi ari; eta etxera abiarakoan galdetu nion berriro ere:

Bueno, Antonio: noiz egin bear degu bertso-saio ori?

Eta berak:

Datorren ostegunean egingo diagu. Altza aldeko baserritar asko joaten baizan ostegunetan Ernaniko perira; eta, etxerakoan, Zarategi sagardotegian sartzeko oitura baizuten geienak. Erbiak, berriz, bertsotan asten zanean, entzule asko izatea nai izaten baizuan bere inguruan. Berari txalo geiago jotzearren izango zan noski. Ala, meriendatzen genduanean, bereala asiko zan:

Zer? Ekingo al zioagu? Gauza al aiz?

Eta nik:

Bai, bai. Nai dezunean ekingo diogu.

Gogoan daukat oraindik ere nola azkar asko igo zan ganaduen ganbela gaiñera, eta bertan exerita jarri.

Nik ez nuan bera baiño gutxiago izan nai; eta, gaur baiño sasoi obea neukanez, kupela luze oietako bat bazeukan zutik sagardoz betea, eta ni aren gaiñera igo nintzan eta exerita jarri.

Sagardotegi dana jendez gaiñezka beterik zegoala ekin genion, ba, kantatzeari, eta neroni asi nintzan gaiñera lendabizi.

Pentsatuko dezute noski zer gai artuko nuan. Aspalditxotik ari bainintzaion alabatxo baten eskaria egiten, eta Erbiak ondo zekian nik zertxo nai nuan. Baiña ni neskatxa-kontuan asten banintzan, berak Zorroaga Egoitzako aiton-amonen bizimodua kontatzen asiko zitzaidan, neri adarra jotzearren noski.

Kontuak kontu, onelatsu ziran kantatu genituanak.

Nik:

Ez dakit, Antonio,
gogoan daukazun
aurreko egun batez
zer galdetu nizun:
ea alabatxo bat
neretzat badezun,
berdin zait Maximina,
Paula edo Asun.
Erbiak:

Ik dakik itzegiten
umil da xuabe,
serio jokatzea
danontzako obe.
Egin nai ukek nere
alabaren jabe,
baiña ez adi etorri
karterikan gabe.


Nik:

Ni ez nago oiñ utsik,
esango det garbi,
nola Erbia zeran
zuk begiak argi.
Ez pentsa nagonikan
patrikatik nagi,
Banko batean dauzkat
jarriak milloi bi.
Erbiak:

Gure baserri ontan
bazeukagu lana,
belarrak artu ziguk
juizio dana.
Baldin egia bada
esaten dekana,
danak utzita azkar
ator guregana.


Nik:

Andre on bat artzea
obeko det garaiz,
maiteko det benetan,
ain biotzbera naiz.
Zure alabarekin
ni ezkontzen banaiz,
kafea koparekin
izango dezu maiz.
Erbiak:

Borondate onetik
badaukak ugari,
kafea koparekin
emateko neri.
Orain asko agintzen
diok Erbiari,
gero ikusi bear
egia dan ori.


Ain umore ederrean geunden une artantxe etorri ziran gaueko guardak; eta, beren bastoi aundiarekin dan! dan! atea joaz, “Erretira egin bear da!” esan ziguten. Eta gonbidatu genituan:

Sagardo pixka bat edango dezute.

Gustora edaten zuten eta abiarakoan esango ziguten:

Kantatzeari utzi egin bearko diozute, ixiltzeko ordua da ta.

Guretzat artean etzan ain berandu, baiña gizon aien agindua bete egin bear.

Berriro ere kupelari bixitatxo bat egingo genion. Ondoren, sagardotegira etorri ziran bertso-entzuleak juzgatu bear zuten gure bertso saioa; eta beren arteko ikamika edo zalaparta puska baten ondoren esango ziguten biok berdintsu egin genduala.

Erbiak etzuan begiratu ederra egin, ori entzun zuanean. Ala zion, txapela okertuz:

Onek ola bear al du?

Neri esan zidan:

Eta ik zer diok?

Nik:

Neri zer galdetzen didazu? Epailariak izaten dira bertso-juzgatzailleak. Oiek gauzak zuzen egiten dituzte.

Berak:

Gauzak zuzen egiten dituztela? Talde ortan izango dituk bat baiño geiago ire alde egin dutenak. Granuja galanta i!

Nik:

Nik granuja naizela diozu? Ba, ni ez nintzan len olakoa. Baserri ontara etortzen asi ezkero izango naiz ni granuja. Obe zenduke etxera begiratuko bazendu. Legez nik bear nuan gaur irabaztun; eta, erabaki ori artu badute, pakeagatik egingo zuten. Zurekin ez baita giro izaten olakoetan. Ez al zera konturatu neri txalo geiago jo didatela?

Eta berak:

Bai. Ire aldekoak izango ituan or txaloka jardun diran oiek. Danak igualak zuek: granuja galantak.

Azkenean, beintzat, berak ordaindu zuan bost lagunen merienda, eta gizon bezela gelditu giñan.

Alkarri itz gogor xamarrak esaten genizkion, baiña aserretzeko modurik ez genduan egiten. Ez baizitzaigun komeni asarretzerik, ez bati eta ez besteari ere. Erbiak bere gogozkoa baininduan ni; eta nik ere, egia esan, neurri batean maite bainuan Erbia.

Baiña erbikumeak neurri gabe edo biotz osoz maite bainituan; eta, aserretu izan bagiña, kabia zapuztuko zan eta auskalo zer bide artuko zuten erbikumeak, eta ori ere ez genduan nai.

Erbiak berak etzidan neri esaten, baiña bati baiño geiagori galdezka jarduna zan ni zer moduzko mutilla nintzan jakin nairik; eta, auen artean, bere auzoko Otxoki baserriko nere lagun jatorra zan Patxi Lazkanori ere galdetu izan omen zion. Eta Patxi Otxokik:

Bai, bai. Sebastian ondo ezagutzen det nik. Mutil zintzoa eta jatorra da. Ori zuen etxera etortzen bada, zuen familian etzerate gaizki izango. Langillea eta umilla da.

Erbiak:

Etzekiat, ba, bertsolariak parrandero xamarrak izaten dituk eta.

Patxik:

Zu lasai ibili, Antonio. Nik badakit, Sebastianek gaur parranda egiten badu ere, biar ez diotela goizeko amarrak oean joko; eta, lanean asten bada, egingo du seiñalea an edo emen.

Gorabeera auen berri Patxik berak ematen zidan iñoiz. Ernanin perian alkar ikusten genduanean, Egañaren ostatuan alkarrekin meriendatuz, Erbia maiz xamar aitatuko genduan.

Patxi Otxoki aitatu dedan ezkero, badet beste zerbait ere esan bearra. Erbia eta Patxi auzoak eta adiskide jatorrak ziranez, alkarrekin ondo konpondu izan ziran geienetan.

Baiña entzun izan det iñoiz naiko kopetillun ere ibili izan zirala beren artean; eta esango det zergatik.

Patxi Otxokik, eiztaria zanez, eiz-txakur bat edo beste geienean bere inguruan izango zituan, eta txakur auetakoren bat emea izango zan.

Erbiak berak ere izaten zituan ate-txakur bat edo beste, eta auen artean bazuan Dobi izena zuan txakur txuri txiki bat, lurrean ere ikusten ez dan oietakoa.

Baiña Zarategi eta Otxotegi baserriak bat bestearengandik ain gertu ziranez, Dobik ondo zekian bide orren berri, eta noiznai an izango zan Otxoki inguruan, Patxiren txakur aiekin jostatu asmoz.

Dobik emea zuan gogozkoena jostatzeko; baiña txakur geiagori gertatzen zaietena gertatzen zitzaion Dobi txikiari ere: nai ta ezin alegia. Ez baizan beretzat neurrikoa, eta ezin nai zuan bezela jostatu.

Txakur oiek ala ikusirik, Patxi iñoiz umore txartzen zan, eta Erbiarengana joan da ala esaten zion:

Antonio, txakur ori sartu ezazu kaiolatxo batean, eta atea ondo itxi ezaiozu, atera ez dedin, orrek jaulkitzen dituan azietatik landare kaxkarrak irtengo dira ta.

Eta Erbiak:

Aldizka kolkoan ere ibiltzen diat, urrutira joan ez dedin. Baiña ni konturatu gabe kolkotik ere aldegiten zidak, eta egunen batean badiagu etxe ontan atsekaberen bat galanta. Aurreko egun batez ere or ibiliak gaituk egun guztian famili dana gure Dobi txatxu ori billatu eziñik; eta gauean, afaltzen ari giñala, sukaldeko armarioaren azpitik atera uan, eta ez giñun aserre. Dobi etxean falta bada, dana falta diagu.

Gorabeera guzti auen berri Patxi Lazkanok berak ematen zidan. Gizon jatorra baizan Patxi Otxoki. Oso gazterik egin giñan lagun. Etxean ostatua zutenez, bein baiño geiagotan izanda nago Otxoki baserrian, barrikotea zala edo karakol jate goxoak ere bai, sukaldari iaioak ain ederki prestaturik; eta gero, kafea artuz, bertso-saioren bat egingo genduan. Bertsotan ondo aritzen baizan Patxi.

Berak idatzi zuan Tiro tartean bertsotan izeneko liburu eder bat, eta bertan datozen bertsoak ere ez dira nolanaikoak.

Baiña mundu onetan betiko ez geranez, 1994-ko urriaren 8-an il zan, guztiok naigabetuta utzirik. Zeruan beza atseden.

Lentxeago esan dedan bezela, Zarategi sagardotegiko neskatxa aiekin danekin ondo eraman izan det beti, eta iñoiz berrituko genduan ezkontza kontua ere. Baiña ainbesteraiñoko aukera zegoanez, nere modu esaten nuan:

Asmatuko ote det danekin?

Erbiari ere antzematen nion ni famili ortara joatea nai ote zuan ere. Baiña egia esan, nik geiegi pentsatzen nuan nunbait, eta ortxe nere okerra. Txirritak bere bertso batean diona esan bear nik ere:

Umil eta serio
itz egin genduan,
baiña gusto guztiak
ez dira munduan.


Aukera edo poz geiegi ere ez baita ona izaten; eta neskatxa oiei adierazi nioten esanez, alegia, oraindik ez nuala ezkontzea pentsatzen eta geroago ikusiko genduala.

Urte artako txotxetik sagardoa edatea ere amaitu zan. Gero entzun genduan Erbiak sagardoa egiteari utzi ziola, eta guk ere beste sagardotegiren bateko bidea artuko genduan. Orretxegatik geldituko zan nere ametsa egi biurtu gabe.

Badet zerbait geiago ere Zarategi sagardotegiari buruz esan bearra: dana etzala arrosa kolorekoa izaten alegia.

Gu, lau lagunok, noiznai joaten giñan sagardotegi ortara, eta beti pake giroan edo umoretsu ibili izan giñan lagunarte zoragarri artan.

Baiña aldizka etortzen zan pakea maite etzuan gazte-talde bat, sagardoa edateko aitzekian, buruan amets gaiztoak ekartzen zituztenak: lau edo bost laguneko mutil gazte-talde bat, ogei bat urtetik gora zituztenak, erdeldunak danak, Intxaurrondo alde ortakoak.

Illunabarrean, zazpi t’erdiak edo zortzirak aldera etortzen ziran, eta luzaro gabe piztuko zuten gorrotozko sua, eta ekingo ziguten beren mingain zikiña dantzatuz, itz itxusiak esaten zituztela.

Gu, euskaldun jendea, bilduko giñan geienetan sagardotegian; eta, Euskal Errian gure lurrean geundenez, bidezkoa zan noski gure izkuntzan mintzatzea. Baiña ala zioten belarrimotz lotsagabe aiek:

¿Estos cabrones de vascos no sabrán hablar en castellano? ¡No se les entiende nada!

Eta antzeko itz gordiñak esaten zizkiguten, eta batez ere neri zidaten gazte oiek gorrotorik geien, esanez alegia zertan joaten nintzan Zarategi sagardotegiko neskatx aiengana; ola jarraitzen banuan, kenduko zizkidatela otzak.

Guk, lau lagunok, ez genion sagardotegi ortara joateari utzi; eta, berriro ere joatea pentsatzen genduanean, joan egiten giñan. Baiña infernuko etsaiak ziruditen gazte biurri oiek ere bai. Eta egun batez ekin ziguten min ematen zuten itzik gogorrenak esanez: aldegiteko azkar etxe artatik, bizia nai bagenduan.

Baiña ala ere ni ez ninduten geiegi izutzen egiten zizkiguten desapio aiek. Gerratik etorri berria bainintzan; eta, ogei ta lau bat urte neuzkanez, zoritxarrez banekian burruka ibiltzea zer zan. Aiek ez oraindik.

Ala, ez bat eta ez bi, or asten zaizkigu tiraka eta bultzaka, eta gu kanpora irten giñan azkar. Adrian belar-metaren tartean gorde zan. Etxe ondoan baizeuden bost edo sei meta belar. Joakinek, berriz, kamionean sartu bear zuala esan zigun.

Pontxiok eta nik, ordea, egun argiz ikusiak genituan tomate-esola pilla aundia Erbiak belar-metaren ondoan jarria zeukala, eta pilla ortatik artu genituan esola oietako bana. Nik esan nion Pontxiori:

Or beera dijoan bide ortatik joan bear ditek belarrimotz oiek. Ni jarriko nauk bide ertzean, i jarri adi aruntzago eta eman kupira gabe.

Nunbait berak ere gorde egin ziran, eta noizbait gordeta zeuden lekutik irteten asi ziran, esanez:

¿Dónde están esos cabrones?

Gau illuna baizegoan, eta illargia ere ezkutatua izango zan; eta nik esaten nien:

¡Aquí estamos, aquí! ¡Ven, majo, ven que quiero calentarte las costillas!

Eta etorri egiten ziren, batzuk nere aldera eta besteak Pontxiorengana, esku-utsik geundela uste baizuten. Baiña guk eskuetan geneuzkan zurezko armak, eta dale! mutur ezurrean eta lurrera. Pontxiok ere berdin: geroxeago bestea jo ta lurrera ura ere, eta gero bestea. Orrelaxe kendu genizkioten otzak. Denei txokolate berdiña ematen genioten: mikatza, derriorrez artzen dan oietakoa alegia.

Erbia gizarajoa, berriz, zearo izuturik, an etzala gauza onik pentsatuta, ateak itxi, argiak itzali eta disimuloan gelako leiotik begira zegoala ikusten nuan.

Gure aurkako etsaiak, berriz, batek: “Ai, ai!”; besteak: “Oi, oi!”; besteak: “Auxilio!” esaten zutela. Denei eman genioten pasaportea, eta an joan ziran maldizioka, baztar guztiak erre bearrean, bidean beera Intxaurrondo aldera.

Eta gu ere bai, Joakinen kamioiean sartuta, Ametzagain aldean barrena Donostiara. An utzi Adrian eta ni Aietera eramaten ninduten. Joakin eta Pontxio Donostian Marrutxipi baillaran bizitzen ziran beren familiekin eta garaiz etxeratzen ziran.

Egun artan, gaueko guardak joan baiño len itxi ziran Zarategi baserriko ateak. Gauean bederatziak alderako bukatu genduan ango konbatea, eta etxe-atariko txakur txabolaren ondotik kantatu nion ondorengo bertso au, bere gelako leioan ixil-ixlik begira zegoan Erbiari:

Euskaldunok gerala
lotsarik gabeak,
erdeldunak ez dira
batere obeak.
Ez gaitu ikaratu
oien atakeak,
gaurkoz egin ditugu
emengo pakeak.


Eta Erbiak:

Eskerrak osaturik
gaudela egurrez,
berotu dituzute
baiña ez ain errez.
Denok ere berdintsu
ziñaten indarrez,
ni etxera sartu nauk
iltzeko bildurrez.


Gabon pasa, Antonio! Urrenarte! -esanda abiatu giñan.

Baiña, badaezbada ere, kamioiean ekarri genituan zurezko armak, oiartzuar Lartaundarrak Erromatik ekarri zituzten bezela.

Nik, beintzat, odol-kutsuak garbitu ta etxean ganbaran jaso nuan; eta, iñoiz ikusten nuanean, ala nion nerekiko:

Onetxek egin zian justizia Altzan, Erbianean.

Berriro ere aldizka joaten giñan sagardotegi ortara, baiña ez genduan ikusten belarrimotz oietakorik. Ala ere ez giñan, badaezbada ere, esku-utsik ibiltzen. Artikutzako basoetan aukera zegoanez, nik propio egiten nituan zurezko armak, makilla motz sendo askoak neurrian moztuta, muturrean kozkorra izaten duten oietakoak. Oietako batekin bat ona eman ezkero, ikusi bearko zituzten izar dizdiratsuak.

Len ez det esan, baiña belarrimotz oiek kezkati jarri ninduten: Zarategi baserrira ezkondu izan banintzan ere, bixitak egingo zizkidatela alegia, eta gaizki ibili bearko nuala. Jaiotzez gaiztoa dana, gero ere ala izaten baita; eta ni pakezalea izan, berriz.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org