Kaietano Sanchez Irure 1856ko abuztuaren 30ean jaio zen, Donostian, eta 1916ko abuztuaren 24an hil Donostian ere bai. Santa Maria elizan bataiatu zuten. Aita, Gabriel Sanchez, Malagan jaioa zen, baina ez zen erabat arrotza Euskal Herrian, bere ama Vicenta Beillos, Kaietanoren amona, Zumarragakoa baitzen. Kaietanoren ama, izenez Martina Irure, nafarra zen, Esteribarreko Sarasibar herrixkakoa eta udalerri berekoak bere aita-amak, Kaietanoren aiton-amonak: Pedro Irure, Gendulaingoa, eta Josefa Askunze, Sarasibarkoa. Ez dakigu anai-arrebarik ote zuen, eta izan bazituen, Kaietano hil zenerako hilak behar zuten, La Voz de Guipúzcoa egunkarian agertu zen eskelan ez baita haien aipamenik egiten.
Katalina Leterekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Maria eta Jose. Udal langile izan zen Kaietano, hasieran Ondarretako espetxeko zaintzaile eta gero udaltzain, edo garai hartan esaten zen bezala, zeladore. Berandu samar sartu zen udalaren zerbitzura, 36 urterekin, 1893ko maitatzaren 2an. Handik 9 urtera lanpostuz aldatu zen, 1902ko otsailaren 5ean, gaueko zeladore izateko, eta lanpostu horretan iraun zuen hil arte. Grosen bizi zen eta bertako San Inazio elizan egin zitzaion hileta-elizkizuna.
Garai hartako Donostiako euskaltzale gehienen adiskide mina izan zen, eta hainbatetan bere bertsoak eskaini izan zizkien, besteak
beste, Pepe Artolari, |
Pello Otañori, Frantzisko Lopez Alen-i, Nuñez Arizmendiri, Luis Latierrori...
Gehienbat Donostiako hizkera du Sanchez Irurek, bertako fonetismo ezagunekin eta zenbaitetan ongi josi gabeko sintaxiarekin ere bai, baina horrez gainera, hitzetan, beste bi iturri nabari zaizkio: garai hartan indartzen ari zen garbizaletasunaren zantzuren bat edo beste, eta batik bat noski bere amarengandik hartutako ekialdeko hitz eta esapideak.
Nagusiki bost hedabidetan agertu ziren bere poema eta idazlanak: Donostiako La Unión Vascongada astekarian, Euskal Erria eta Baserritarra hamabostekarietan, Bilboko El Pueblo Vasco egunkarian eta Buenos Airesko La Vasconia aldizkarian. Banaka batzuk argitaratu zituen Buenos Airesko La Euskaria astekarian, eta bat edo beste Ibaizabalen, Napartarran, Azkueren Euskalzalen edota Biarritz Thermal aldizkarian. Maiz parte hartu zuen Euskal Lore Jokoetan, eta bertan sariak eta aipamenak dezentetan irabazi zituen.
Antzezlan bat ere idatzi zuen, hemen osorik eskaintzen dizuegun Azken beltza. Lan horrek Donostiako Udalaren saria jaso zuen 1915ean eta Antzoki Zaharrean antzeztu zen lehen aldiz 1917ko abenduaren 21ean. Ordurako, ordea, Kaietano hila zen. Hurrengo urteetan ere behin eta berriro antzeztu zen.
Euskara "uriyan", Donostian, indartsu ikusi nahi zuen Kaietanok eta honako deia egin zien orduko euskaldunei:
|