|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
VII
Lehengoak eta Joxepa
Joxepa.- (Atzeko atetik sartuaz) Beraz, orain ere, azeriek egin digute ez egitekoa?
Martzelo.- Hala dirudi.
Karlos.- (Martzelori) Zein dugu andre hau?
Martzelo.- Ama.
Karlos.- Bizi denik ere, ez didak esan. (Joxepari esku emanaz) Zer dio, etxekoandre?
Joxepa.- Osasunez ondo, eta zu?
Karlos.- Ni txit ondo. Berorri da, beraz, Martzeloren ama?
Joxepa.- Bai, zerbitzeko.
Karlos.- Urte askoan.
Joxepa.- Eta zu, zein zaitugu?
Karlos.- Ni? Martzelorekin artzaintzan urte askoan Amerikan ibilia.
Martzelo.- Hau da bada, Karlos; behin baino gehiagotan aitatu diodana.
Joxepa.- A! Karlos! Bai, bai, Karlos. Gogoratzen naiz bai.
Martzelo.- Gogoratuko ez da bada!
Joxepa.- Bai, bai. Zu zara beraz Karlos!
Karlos.- Ber bera.
Joxepa.- Bai, bai. Zu ere diruz ondotxo etorria izango zara noski?
Karlos.- Martzelok adina ez dut ekarri baina zerbaiten jabe banaiz.
Joxepa.- Zuk hori diozunean, izango da zerbait baino gehixeago.
Martzelo.- Bai, bai; baditu, baditu.
Karlos.- Zerbait... apur batzuk...
Joxepa.- Um... Eta, barkatu, baina, ezkongai al zaude oraindik?
Martzelo.- (Bere setara badoa)
Karlos.- Bai andrea; ez daukat ezkongai hiltzeko asmorik, baina oraindainokoan hala nago.
Martzelo.- (Joxepari) Horiek galderak egiten ditu, ama!
Joxepa.- Elkarrizketak ekarri ohi dituenak, seme. (Karlosi) Ez dezazula uste, ezkonduta okerrago izango zinakeenik.
Karlos.- Uste horretan nago neroni ere; eta horiek horrela direla eta, hitzei beren bidean jarraituaz eta, ez al dauka niretzako moduko alaba bat?
Martzelo.- (Galduak gara!)
Joxepa.- Alabarik ez daukat, baina emazte baten jabe izateko zaleturik bazaude, bat egokituko dizut...
Martzelo.- Nik sinistu, inon neskarik badago. Mutil, helduko ditek eta “goazemak, goazemak bazter hauek ikustera”.
Karlos.- Hago pixka bat. Beraz andregai bat egokituko dit?
Joxepa.- Bai; eta nire etxetik bestetara joan gabe.
Martzelo.- Ama: ezin litekeen gauza eskaintzen ari da.
Joxepa.- Ezinik ez dago.
Martzelo.- Bai, badakit nora doan; baina gogoratu bedi, geuk harildu dugun mataza urratzea zaila izan litekeela.
Joxepa.- Zer izan behar du.
Martzelo.- Orain eskaintzen duena besteri agindua dagoela; geuk beren bihotzetan sua piztu dugula...
Joxepa.- Itzali ere azkar egingo dugu.
Martzelo.- Nik ez behintzat. Eta gauza horretaz, ez dut hitz egiten ere aditu nahi. (Seta madarikatu horrekin.)
(Marmarizoka joaten da atzetik)
|