|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
VIII
Karlos eta Joxepa
Karlos.- Martzelo oso haserretu zaigu.
Joxepa.- Ez du asko iraungo ez, horren haserreak. Horrelakoxea da. Badakizu, mutilzaharra izan...
Karlos.- Baina, zer dela eta jarri da horren haserre?
Joxepa.- Esango dizut: igarri du Martzelok, nik esaten nizun neskatxa nire biloba dela, nire seme bigarrenaren alaba bakar eta umezurtza; eta nola honek hitzen batzuk izan dituen noski morroiarekin; eta nola Martzelorentzat morroi hori ezin ukitu litekeen zerbait izan behar duen...
Karlos.- A! Lehenago hemen zegoen morroi txatxu bat izango da noski?
Joxepa.- Ber bera.
Karlos.- Igarri diot, bai, Martzelori, bere harekin zoratua dagoela. A zer kirtena den!
Joxepa.- Zer nahi duzu, bada? Baina alde horretatik ez kezkarik izan; Karmentxo, nire biloba, zuretzat izango da.
Karlos.- Karmentxo da beraz?
Joxepa.- Bai: mirabe gazte oso ederra, langilea, zintzoa; eta garbi eta txukun zalea, beste inor ez bezalakoa.
Karlos.- Baina ni, urtez aurrera samartua nago, eta nahiko al nau horrelako mirabe gazteak?
Joxepa.- Nik esaten dizudanean sinistu zenezake.
Karlos.- Orduan, deituko al dio nik ezagutu dezadan?
Joxepa.- Berehalaxe. Baratzean ari behar du.
|