|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
IX
Lehengoak eta Karmentxo
(Joxepa joaten da atzeko atera eta irrintzi egiten du.
Une berean Karmentxori oihu egiten dio barrutik.)
Karmentxo.- (Barrutik) Amona!
Joxepa.- Nire izarra! Hemen al zara?
Karmentxo.- (Barrutik) Bai, andrea.
(Sartzen dira amona eta biloba. Hark eztul egiten dio Karlosi, igar dezan Karmentxo dela andregaia.)
Joxepa.- Zer dakarzu?
Karmentxo.- Otartxoaren bila nator, marrubiak biltzeko. (Karlos ikusirik) Jainkoak egun on diola.
Karlos.- Bai zuri ere, gazte.
Joxepa.- Zure osabaren lagun handia da jaun hau.
Karmentxo.- Orduan, berorri izango da gurekin bazkaldu behar duena?
Karlos.- Hala diote...
Joxepa.- Bai, bai. Hauxe da. Karlos. Zure osabak anaia bezala maite du.
Karmentxo.- Ezagun da. Horrengatik esan dit marrubirik onenak biltzeko.
Joxepa.- Onenetan onenak.
Karlos.- Horrenbesteraino ez.
Joxepa.- Bai, bai: onenetan onenak.
Karmentxo.- (Alde guzietara begira egongo da, eta azkenean ikusten du otartxoa Karlosen atzean.) A! Hor dago otartxoa. (Karlosi) Barka biezat.
Karlos.- Ez daukazu nire barkapenaren beharrik.
Karmentxo.- (Otartxoa hartu eta atzeko ate aldera) Orain banoa marrubien bila.
Joxepa.- Ekar itzazu hona eta garbitzen lagunduko dizut.
Karmentxo.- Berehala hemen naiz
Karlos.- Zoaz ondo, gazte.
(Joaten da Karmentxo atzetik saltoka bere otartxoarekin.)
|