Hamaikagarren Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Azken beltza »  Hamaikagarren Irudia

Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza

Hamaikagarren Irudia

XI

Joxepa eta Karmentxo



Joxepa.- Geldituko den bezala! Ahora etorri horrelako dirudun senargaia, eta laga morroi ziztrin batengatik? Ez horixe, ni inor banaiz.

Karmentxo.- (Otartxo marrubiz betetakoarekin atzetik sartuaz) Hemen naiz, amona.

Joxepa.- A! Ba al dakartzazu marrubiak?

Karmentxo.- (Aulki baten gainean lajeaz) Hara berorrek esan bezala, onenetan onenak.

Joxepa.- Halaxe da: ederrak dira.

Karmentxo.- Berehala garbituko ditugu. Ur bila noa orain. Sarri hemen naiz. (Hartzen du balde bat eta joaten da atzeko atetik.)

Joxepa.- Bai; bitartean beste otartxo bat bilatu behar dut, marrubiak moldatzeko txortenak kendu ahala. (Bilatuaz) Hemen zen bada nonbait atzo arratsaldean A! Hara non dagoen! (Hartu eta moldatzen ditu aulkiak) Aulki hau Karmentxorentzat. Beste hau niretzat.

Karmentxo.- (Atzetik balde urarekin sartuaz) Amona, hona hemen ura.

Joxepa.- Jar ezazu hementxe.

Karmentxo.- (Jarriaz) Hara bada.

Joxepa.- Eseri zaitez hor. Ni, hemen. (Esertzen dira, eta uretan sartu eta atera egiten dute otartxoa, marrubiak garbituaz.) Ederki. Eta honetan ari garen bitartean, niretzat atsegingarria den albiste bat eman behar dizut, nire izarra.

Karmentxo.- Eta, niretzat ere hala izango al da?

Joxepa.- Baietz uste dut. Ondo garbituak daude marrubiak; baztertu ezazu ur-ontziya, eta zatoz nire aldamenera, txortenak kentzen hasi gaitezen.

Karmentxo.- Nahi duen bezala. Eta nire gogoko albisteren bat al da, lehen aitatu didana?

Joxepa.- Niretzat hala da behinik behin, eta zuretzat hala den edo ez, orain jakingo dugu; nik baietz uste dut.

Karmentxo.- Ea bada.

Joxepa.- Arestian hemen ikusi duzun gure gaurko bazkaldarra, osabaren lagun handia da, anaiek bezalaxe maite dute elkar. Izan ere halakoxea da bera. Aurpegian ere ezagun du.

Karmentxo.- Bizarrez behintzat, ondo da.

Joxepa.- Bizarrez, eta diruz ere bai. Ameriketatik etorri berria da, eta erruz izan behar du.

Karmentxo.- Hobe beretzat.

Joxepa.- Bai noski; eta iruditzen zait zer edo zer egingo ote genukeen zuek biekin.

Karmentxo.- Zer gu biekin, amona? Zer esan nahi didan ez naiz konturatzen.

Joxepa.- Hitz erdia guztira osatzeko, gaztetxoa izan zu oraindik, Karmentxo. Zatoz honantzago, alderatu zaitez nigana. (Karmentxo alderatzen da.)

Karmentxo.- Bai, amona, bai.

Joxepa.- Adi iezadazu ondo, eta iritziari deitu bide zuzenez. Zure osaba ikustatzera etorri den jaun horrek zure berri jakin nahi luke.

Karmentxo.- Nire berri, amona? Ez al daki bada berorrek nik bezain ondo?

Joxepa.- Hala esan liteke; baina badira gauza batzuk azaleratzen ez direnak; eta horra, horietako baten jakin nahia daukat, Karmentxo.

Karmentxo.- Ezkutuko gauzarik nigandik jakin nahi al du, amona?

Joxepa.- Halaxe da bada. Alderatu zaitez gehixeago, Karmentxo. (Alderatzen da)

Karmentxo.- Esan biezat azkar, amona, nigandik zer jakin nahi duen.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org