|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
XII
Lehengoak eta Juan
Joxepa.- Bada, Karlosek, zure osabaren lagun horrek, jakin nahi luke ezkontzeko hitza emango ote zeniokeen.
Karmentxo.- Nola!
(Une honetan, Juan, xexto bat buruan eta soka eskuetan daramatzala igaroko da atzean batetik bestera; eta azkeneko hitz hauek entzutean geldituko da oso harriturik hizketa entzuten.)
Joxepa.- Diruz ondo dagoela esan dizut, eta horrelako txori aberatsari ez zaio, ahal bada, eskutik ihes egiten utzi behar.
Juan.- (E?)
Karmentxo.- Zer esaten dit, amona? Ez al daki berorrek lehen ere hitza giltzapetua daukadala?
Joxepa.- Giltzapetua?
Karmentxo.- Bai, amona, bai. Osaba eta berorri jakinaren gainean daude aspalditik. Badakite hitza emana daukadala; eta hitz hori jan baino nahiago dut hil. Berok egindako ezkontza da, eta ez dut nik urratuko, mutilzahar horrek diru pixka bat duelako. Ez amona, ez. Juan gizajoa! Lehen asko maite nuen, baina orain askozaz gehiago.
Juan.- (Burutik xextoa kenduaz eta zelatatuaz. Aurreratzen da pixka bat.) (Hori da hori, nahitasun egia!)
Joxepa.- Niri, bada, osabaren lagun hori senargai hobea iruditzen zait etxeko morroia baino.
Karmentxo.- Morroia delako? Morroi hau berorrek ondo ezagutzen duena da; baina beste hori... ezagutzeko dauka oraindik.
Joxepa.- Baina...
Juan.- (Xextoa bota, eta batetan aurreratuaz) Zer da, zer da? Zer doa?
Joxepa.- Ezer ez, ezer ez.
Juan.- Ezer ez, e? Berorren asmoetatik hori da aterako duena: ezer ez.
Joxepa.- Nik?
Juan.- Bai; entzun dut guztia; baina, zein den bizar luzeak dituen amerikano ori, ez da nire andregaiaz jabetuko. Karmentxo nirea da, eta nirea izango da.
Karmentxo.- Bai.
Joxepa.- Hori osabak eta nik nahi badugu.
Juan.- Osabak eta berorrek hitz eman ziguten.
Karmentxo.- Bai, amona, berorrek lehenbizi hitz egin zidan gauza honetaz.
Juan.- Beron baimenarekin jarraitu genion nahitasunezko bideari.
Karmentxo.- Beron aginduarekin.
Juan.- Eta Karmentxok ni maite nau, eta niretzat izango da. Alferrik dabil amona.
Joxepa.- Eta amona esaten dit...
Juan.- Hala izango delako.
Joxepa.- Zurea? Ez zait iruditzen.
Juan.- Asmoa gure gogoan sortu, eta orain laga nahi gaitu horrenbesterekin?
Joxepa.- Gizona, ezkontzeko horren amorratua bazaude, bilatuko dizugu andregai bat. Hor dago Mugoitzako Mikela Anttoni, edo...
Karmentxo.- Nola? Juan besterentzat? Ez amona, ez!
Juan.- Zer? Bihotza lixibako zatarren bat dela uste al du batera eta bestera astintzeko? Ez! Nire bihotzaren zale bizi, sutsua, Karmentxorentzat da.
Karmentxo.- Bai noski.
Juan.- Eta beste inorentzat ez.
Joxepa.- Hara berriz inozoaren aterakaiak.
Juan.- Zer uste du? morroia naizela-eta nire bihotza bihurritu litekeela, odol zipriztinez estalirik? Ez! Entzun beza ondo, Karmentxo nirea izango da, eta ez du berarekin nahi duenik egingo.
Karmentxo.- Ez noski.
Joxepa.- Begira, begira: nik agintzen dut horrekin, eta zurekin ere bai...
Juan.- Gaurdaino bai; baina honez aurrera ez.
Joxepa.- Egin ezazu mesede nire begien aurretik alde egitea.
Juan.- Joango naiz; baina gauza honek ez du luzaro iraungo. Nik jakingo dut zer egin.
Joxepa.- Zer esan duzu?
Juan.- Esan dut. Eta Karmentxo besteren eskuetan ikusi baino lehen, egin behar dena egingo dut. (Joaten da atzetik.)
Joxepa.- Zaude isilik. Ausarta, ez besteren ausarta!
|