|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
XIII
Karmentxo eta Joxepa
Joxepa.- Ikusi duzu nola lotsagabetu den? Ona zeundeke, gaixoa, horrekin ezkonduko bazina.
Karmentxo.- Berorrek jarrarazi du horrela.
Joxepa.- Baina, zertako zara horren setatsua?
Karmentxo.- Berok ziren larriena, Juantxorekin ezkonarazteko; eta maitasuna hartu diodanerako, beste berriarekin datoz?... Barkileroaren gurpila bezala erabili nahi al naute edo zer?
Joxepa.- Ez emakumea, ez; zure on beharrez da guztia.
Karmentxo.- Nire ona! Nire ona lehen Juantxorekin zegoen... bada Juantxo lehen bezain mutil ona da orain: langilea, leiala... dirurik ez izatea beste aitzakiarik ez du gizajoak.
Joxepa.- Horrengatik bada dirudunarekin gabiltza orain, zure zorionaren bila.
Karmentxo.- Bai, zekor tratua balitz bezala.
Joxepa.- Baina, ez duzu ikusten? Karmentxo...
Karmentxo.- Begira, amona...
(Kattaliń azaltzen da atzeko atean)
Joxepa.- Xiii! (Isilarazten du)
|