|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
XVI
Lehengoak eta Joxepa
(Joxepa azaltzen da atzeko atean)
Juan.- Zure nahitasunak ematen didan indarrarekin, alferrik ausartuko dira...
Karmentxo.- Ixo... amona...
Joxepa.- Zer da, zer da? Ez al daukazu soroan zer eginik?
Juan.- Hemen daude orain nire egipenak.
Joxepa.- Ez nazazula ernegarazi zure itxura gabeko aterakaiekin. Zoaz hemendik lanera, eta utz gaitzazu bakean.
Juan.- Karmentxo gordetzen daukat nik orain lana nahikoa.
Joxepa.- Karmentxok hemen dauzka bere amona eta osaba, eta ez duzu zuk horrekin zer ikusirik.
Juan.- Zer ikusirik ez daukadala? Ea nork nik baino gehiago!
Karmentxo.- Bai amona, Juanena naiz ni.
Juan.- Zaren bezala.
Joxepa.- Aski da. Ez dugu gehiago berriketarik behar. Esan dizut joateko hemendik lanera, eta alde egin ezazu nire begien aurretik.
Juan.- Ez naiz joango.
Joxepa.- Joango ez zarela? Horrela erantzuten al zaio etxekoandreari?
Juan.- Horrela erantzuten diot nik nirea den gauza bat lapurtu nahi didanari.
Karmentxo.- Juantxorena naiz, bai, amona.
Joxepa.- Ixo zuk. Eta zu: esku hutsik etorri zinen hona, zure murrutasuna besterik gabe, eta esku hutsik alde egin beharko duzu, nire aginduak osatu behar ez badituzu.
Juan.- Esku hutsik etorri nintzen, bai; ez dut ordea alde egingo neure Karmentxorik gabe.
Karmentxo.- Ez, Juantxo: ez zoazela ni gabe.
Joxepa.- Aski da. Ni naiz hemen etxekoandrea, eta nik agintzen dut: Juantxo: berehala, baina berehala, etxetik kanpora; eta zuri behar dena esango dizut.
Juan.- Alferrikako hitzak.
Joxepa.- Alde egiteko esan dizut, airean gero!
Juan.- Ez naiz joango gauzak zuzendu arte.
Joxepa.- Ausarta, ez besteren ausarta! Etxetik kanpora, berehala, berehala, alde hemendik.
|