Sarrera


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Sarrera

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

SARRERA



Kaietano Sanchez Irure (1856-1916) donostiarraren bertso jarriak aurkeztera gatozkizue oraingo honetan. XIX eta XX mendeen artean Euskal Herrian sortu zen euskal literaturaren belaunaldi miragarri hartako beste ale bat dugu Kaietano, nahiz eta gaur egun Donostian bertan ere askorentzat ezezaguna den.

Donostiako Udaleko langilea izan zen. Kartzelako zaintzaile lehenengo eta udaltzain gero. Ez beti ordea. Hogeita hamasei urteak ondo beteak zituen udalean hasi zenerako. Eta honekin lotuta bitxikeria bat badago: Kaietano Sanchez Irure udalean sartu zen urtean bertan hasi zen bertsoak argitaratzen. Argi dago ordurako bazekiela bertsoak behar bezala antolatzen, ofizioa ezagutzen zuela alegia; hala ere 1893 urtea baino lehenagoko bertsorik ez dugu ezagutzen. Sariak eta aipamenak hainbat bider irabazi zituen han eta hemengo lore-jokoetan, baina ez zen lehiaketako idazle bakarrik. Maiz eguneroko gaien inguruko bertsoak argitaratu zituen prentsa arruntean, askotan gorabehera txikiak edo berta-bertakoak, gai xumeak alegia. Eta ez zitzaion axola gaia behin eta berriz errepikatzea –titulu batzuk ere hainbat aldiz errepikatuta ikusiko dituzue–, batez ere berak sortutako arketipoak osatzen laguntzen bazuen errepikatze horrek: baserritar zintzoa, senar hordi eta alferra, euskaldun erdaltzalea, artzain ona... Artzainaren irudia goraipatzen du beti, eta pentsatzen jarrita lanbide horrekin badu Sanchez Irurek bere nolabaiteko lotura: artzaina ez baina giza zaina da lanbidez Kaietano, gizataldea zaintzearen ardura duena. Artzainak nola goraipatzen dituen ikusita, ez ote zuen berak ere bere lanbidea goi zeregintzat hartzen?

Bertsoak erruz idatzi zituen. Hemen puska bildu dugu, baina badira beste asko eskura eduki gabez hemen jarri ezin izan ditugunak. Bestek osatuko ahal du gure hutsunea. Ortografia gaurkotuta eta pixka bat egokituta eskaintzen dizkizuegu. Hemen daudenak, gaiei begiratuta, askotarikoak dira. Nolabait antolatzen eta sailkatzen ahalegindu gara eta, ondorioz, hamar sailetan banaturik aurkituko dituzue hemen. Aurreratu dezagun, dena den, gairen bat edo beste nabarmendu beharko bagenu horien guztien artean, dudarik gabe euskararen beherakada eta foruen galera izango litzatekeela gai nagusia, eta horrexegatik Bizi Bedi Euskera izena eman diogu argitalpen honi, Kaietanok argitaratu zuen azken bertso-sailaren izen bera hartuta. Horretan, gure tamalez, modernotasun beteko egilea dugu Sanchez Irure, orduan, orain bezala, arrisku bizian baitzegoen gure hizkuntza.

Eta arrazoiak ematen dizkigu: besteak beste, euskaldunak kanpotarren aurrean lotsatzen direlako eta horren ondorioz guraso askok beren seme-alabei euskararik irakasten ez dietelako.
Beste gai asko ere badarabiltza, esate baterako, negar eragiteko istorio tristeak, garai hartan oso modan bide zeudenak, beste egile batzuen lanetan ere ageri baitira; amak bere haurrari kantatzen dizkion bertsoak, hildako adiskideei oroitzak eta bizirik daudenei omenaldiak, maitasunezko bertsoak, naturari eskainitakoak, bizipozez beteak, eta abar eta abar. Bada, hala ere, deigarri egin zaigun eta askotan errepikatzen duen gai bat: senar mozkorrarekin burutu ezin duen emaztearena. Gai hori aipu duten bertsoen artean, dibortzioa ontzat hartzen duen bertso hau aurki dezakegu:

Jarriko baluteke
edo balitzake,
senarra lajatzia
okerrikan gabe,
egiñ gañera berriz
beste baten jabe,
au utzi ta pozikan
artuko nizuke.


Seriotasunez betetako pertsona dirudi Sanchez Irurek. Bere bertsoak behintzat halakoak dira. Eta ez da harrigarria bere ibilbide profesionala ikusita: kartzelako zaindari eta bere azken hamalau urteetan udaltzain, esan nahi baita: beti autoritatea. Hala ere, bazuen umore puntu bat, fina, zenbaitetan aurki daitekeena. Hona erakusgarri bat:

Baldiñ ez badu Santo Tomasez
batek txorixorik jaten,
egun uraxen urte guziyan
ez zaio noski aztutzen;
bañan plazatik baldin badizu
zaleturikan erosten,
berriz geiago jango dubenik
ez zait neri iruditzen.


Etxeko eta kaleko euskaraz idatzita daude bertso hauek. Ez daude euskara landu-landuan eginak. Gainera, jatorrizkoek ortografia traketsa dute askotan, ez beti Kaietanoren erruz. Baina ez bekio azalari begiratu mamiari baizik, bertso hauen mamia, berak esango lukeen moduan, “likort” gozoez betea baitago, gu baldin bagara, ondoko bertso honetako “hegalari xelebreak” bezala, horiek aurkitu eta dastatzeko gauza:

Izanagatik, bai, mitxeletak
egalari xelebriak,
laister topatzen dituzte, bada,
krabeliñ ondo gordiak;
txiki ta aundi danak dituzu
usai goxuben zaliak,
gogoz lanian saiatzen dira
diruditela erliak;
atxaparrakin urratu nairik
osto banatzen loriak.








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org