|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1. Donostia eta bertako jaiegunak
1.
Gaztelutikan begiraturik
egun argiz Donostira,
nolakua dan ikusirikan
danak arritutzen dira;
erri alaiak beste lekutan
geiago ere badira,
bañan... alare, onen onduan
txiki gelditutzen dira.
|
2.
Jauregi asko, baratz da lore
apañ inguru danian,
arboldegiyak, plaza, iturri,
aurretasun onenian;
eta gañera milla kolore
nola goian ala bian,
ez da zakar bat goizetik arrats
iñon ikusten lurrian.
|
3.
Leiarraren dizdiz biziyak
ostagiyak duben gisa,
egunsentiyan udaberriyan
nola eguzkiyen printza,
eta zelaiak lorez betiak
oso atzian dabiltza,
gaur Donostiyan dagubelako
edertasunaren giltza.
|
4.
Ez det topatzen Ama euskeran
saiatuta ’re iñondik,
ori iztegi beste librutan
uste nubela zalarik;
mundu onetan ez dezulako
au bañan ederragorik
eta... gañera ez dizut uste
gero ’re izango danik.
|
5.
Donostiya da uri alaia
zeru txiki bat bezela,
Jaungoikoari mundu onetan
erori zitzaion perla;
usai gozoko lore ta belar
beste asko ditubela,
au jakiteko ikusi danak
Gaztelutikan bestela.
|
6.
Goitik dirudi sor lorezkua
iñon berdiñik gabia,
kale ta etxez, txukuntasunez,
non da beste bat obia?
ala kabiya urrez ta zillar
aingerutxuaz betia!
alaxen dan ezkeroztik
gure Donosti maitia.
|
Baserritarra, 1907-08-17, 75. zk.
|