|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1.
Donostiyatik Oiarzunara
bakar-bakarrikan joanik,
nere denboran ez ditut pasa
alakoxeko egunik;
baserritxo bat ikusi eta
arañon iritsi nairik,
abiya nitzan betikan gora
egualdi onak pozturik,
ez nuen uste bide aietan
alako gauzik zegonik,
urte batzuek igaro arren
oroitutzen naiz oraindik.
|
2.
Gaztañ arbolak txit sall aundiyak,
piku eta gereziyak,
udare gazte azi berriyak
inguruban sagastiyak,
elurra egin balu bezela
lore zuriz estaliyak,
ala ikusi nituben, bada,
ango alderdi guztiyak,
sasi tartian kantari berriz
ixildu gabe txoriyak;
batek gustora begiratzeko
aietxek dira tokiyak.
|
3.
Baserrirañon iritsi eta
arri ’re begiraturik
arriturikan gelditu nitzan
ura ala ikusirik;
etxe zarra zan, oroitutzen naiz
askotan ere geroztik
nola zegoan untzaz gañetik
dana oso estalirik;
ala negola aiton bat irten
neregana zan atetik,
eta galdetu zidan aitonak:
al dakizu euskerarik?
|
4.
Aiton arretxen leialtasuna
ainbesteraño izanik,
bere onduan exeri nitzan
saski zartxo bat arturik:
ez nuen uste naiz entzun arren
alako euskaldunik zanik;
ura atsegiñ zoragarriya
an iruki nubena nik!,
ez zidan beste gauzik esaten
eskubetatik eldurik:
larogei urte baditut bañan
ez zait aztu euskerarik.
|
5.
Galdetu niyon: aita, beorrek
urte asko ditularik,
mundu onetan euskera baño
al da izkuntza oberik?
erantzun zidan kolore zuri
zitubenak gorriturik:
orlako gauzik ez neri esan,
(besuak gora jasorik),
ez da izandu, ez da izango,
zuri esaten dizut nik,
orain ta gero ama euskera
berdintzeko izkuntzarik.
|
6.
Beorrek ere txit ondo daki,
aitona, aspalditikan
ama euskera nola dabillen
arrunt iya galdurikan:
bere denboran bizitu dana
eziñ gora jasorikan,
oraiñ bezela ez zubelarik
etsaiarik ondotikan,
lenago gaizki balin badago
gaizkiyo jarri nairikan,
beti-betiko nai lutekenak
ebaki zañetatikan.
|
7.
Txutik ikasi baño lenago
entzuten dira izketan
erdal erriyen antza emanik
asko amen besuetan;
gure izkuntza atzentzen ai da
aspaldiko urtietan,
sinistu bedit, aiton leiala,
esaten diyot benetan,
au nabaiturik iñoiz egoten
naizela oso penetan,
oroiturikan orlako gauzik
ez zala nere gaztetan.
|
8.
Batek euskera entzun nai badu,
aitona, zait iruditzen
mendialdia baño oberik
zalla dala topatutzen;
erriyan beste gauzarik ez da
alde danetan aditzen,
erdera dabil bazter guztiyak
aspalditikan nastutzen,
ama euskera estali nairik
asko dira saiatutzen,
orrengatik esaten diyot
naizela, bada, bildurtzen.
|
9.
Erantzun zidan: ama euskera
ez da aztuko iñondik,
leku askotan dakitelako
Euskalerriyan oraindik;
indar geiago artu lezake
gaur orla egonagatik,
seme jatorrak asten bazaizka
laguntzen aldamenetik;
zarra naiz, bañan oraindik ere
nik beintzat nere aldetik
zaituko diyot bizitu dedin
beste guztiyen gañetik.
|
10
Aita, beorrek bezela beti
nik ere nai det euskera,
ez det ikasi nik oraindikan
zale ez naizen erdera;
ez det damurik gaur etorriya
Donostiyatik onera,
ez zaidalako lagun oberik
etorri aldamenera;
penaz nijua, esaten diyot,
goitikan beera ostera:
agur, aitona, urrena artian,
berriz ikusiko gera.
|
Euskal Erria, 1900, XLIII, 268-270. or.
Zumaiako 1900eko Lore Jokoetan saritutako bertso-jarrialdia.
|