|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1.
Menditikan kalera
maiz etortzen dana,
ta Donostiya asko
maitatzen dubana;
au da gizon zartxo bat
beti ari dana,
Ama euskeren alde
eragiten lana,
eta berak egiten
ondo dakiyena,
esanaz: “baserriya,
Jesus, gure Jauna!
da izkuntz eder onen
aita eta ama.”
|
2.
Donosti ederrian
sartzen danerako,
eta zerbait esaten
asi ordurako,
galdetubaz euskeraz:
“bai al da orlako,
erosi ta emendik
nik eramateko?”
gutxi topatzen ditu
gaur erantzuteko,
ala biar bezela
biyak mintzatzeko,
lotsaz etxeratzen da,
bada, esateko.
|
3.
Askotan esaten du:
“gure Donostiya
erri ederra dago
eta egokiya;
bañan gauza bat dauka
oso itsusiya,
Ama euskera galdu
egin dala iya,
euskaldunentzat dala
pikardi aundiya,
ondo pentsaturikan
txit negargarriya,
Jaungoikuak dalako
guretzat utziya.”
|
4.
Topatu nai dubenak
beti osasuna,
emendik eunkita
ere euskalduna,
bada an izango da,
bai, baso gizona,
euskera ta fueruak
maitatzen dituna,
nekazari zintzua
gaitzik ez dizuna,
erdaldunik ikusi
gaur nai ez dituna,
baizik Jaungoikua ta,
o!, naitasuna.
|
Baserritarra, 1909-05-22, 121. zk.
|