|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1.
Etsaiak naiz ibilli
emen aspaldiyan,
izkuntz au sartu nairik,
bada, lur azpiyan;
alperrikan saiatu
litezke agiyan,
nabaitu arren zerbait
atzentzen erriyan;
edo mutill koskorrak
karriken erdiyan,
erderaz geienian
dabiltzan tokiyan,
bañan mintzatzen dute
euskera mendiyan.
|
2.
Errezuak egiten
dira baserriyan,
beren otordubetan
asteko guziyan;
goizian da gabian
ala eguardiyan,
oieratzekuan da
ta jeiki berriyan,
beste gauzarik gabe
aiñ fede garbiyan,
eta bizi dituzu
Jaunaren graziyan,
maite dizutelarik
euskera mendiyan.
|
3.
Naiz arkituagatik
askotan premiyan,
zelaiera dijubaz
bai egun sentiyan,
eramanikan gauzak
arañon gurdiyan,
loturik ganaduak
beren uztarriyan;
saiatzen diralarik
txit gogo aundiyan
atxur da laiarekin
naiz negu gorriyan,
aditzen zaiotela
euskera mendiyan.
|
4.
Izkuntz au egon arren
iya eroriyan,
laguntza eskatubaz
negarrez Uriyan,
emendikan txit bide
motz edo urriyan,
esanaz: konten gaudez
gu geren kabiyan,
guraso zarrak utzi
zuten alderdiyan,
beti nai dizugula
euskera mendiyan.
|
5.
Esan arren batzubek
beren errabiyan,
onuntza etorriyak
trenez o ontziyan;
ontaz jabetu nairik
diabruz jantziyan,
miñ artzen dizutela
beti belarriyan,
izkuntz au entzutian
gure atariyan;
puskateko badaudez
nere iritziyan,
gordeko dutelako
Euskera mendiyan.
|
6.
Euskaldunak gaudezen
zaitzen o guardiyan,
bestiak begiratu
’zaten inbiriyan;
azaldu bañago len
malkoak begiyan,
asko dabiltzalako
iltzeko zoriyan;
ondotik ditugula
kolera biziyan
legoiak bezelaxen
izkuntzen zurriyan,
lenbailen galdu nairik
Euskera mendiyan.
|
|