Beti bizi naiz kezketan


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Beti bizi naiz kezketan

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

Beti bizi naiz kezketan



1.
Artu zaidazu, izan dezazun
oroitz eder bat maitia,
koroi apañ au jantzi zaidazu
arri fiñekin betia;
zu zeralako mundu onetan
nai dizun onen jabia,
nere gidari, osasuna ta
pen danen aztutzallia.
2.
Zu gabetandik ez dizut onik,
Maite, oraindañokuan,
lorikan eziñ egin det ere,
beti zaduzkat goguan;
eta nai nuke, esaten dizut,
artu baitare zeruan,
mundu onetan bizitutzia
biyok alkarren onduan.


3.
Larritasun au kendu zaidazu
arkitzen nazu-ta eri,
biyotz neria, ondo dakizu
nai dizutala nik zuri;
laister ill biar, auxen da pena!
beste gaitzik gabe ori,
kupitu zaitez, bada, kupitu
sufriezi gabe neri.
4.
Ez det egunik eta gabikan
iya urte bi abetan,
nere gisara iñoiz asten naiz
bakardadian izketan;
eta gañera ikusten zaitut
askotan ’e ametsetan,
buru guztiya nastuturikan,
beti bizi naiz kezketan.










     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org