Neska zar baten malkuak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Neska zar baten malkuak

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

Neska zar baten malkuak



1.
Mari Iñaxi Mastipekua
josten ibiltzen dezuna,
gaztetandikan oraiñ artian
emen dama ezaguna;
sasoi batian oso ederra
berdiñikan ez zuena,
neska zartuta bizi biarra
onetxek gaur dauka pena.
2.
Neska zartuta penetan dago
negar ta negar jarririk,
edozeiñ gazte bezin apaña
jazten dezula oraindik;
nobiyo billa Mari Iñaxi
saiatutzen da gogotik,
kalerik kale beti badabil
norbait engañatu nairik.


3.
Lagun guztiyak ezkondu zaizka
eta bera oraindik ez,
gogoratzian beti asten da
Mari Iñaxi negarrez;
gazte zanian naiko aukera,
neska zartuta bat ere ez;
denbora joanda alperrik dabil
ikusitzen dezutenez.
4.
Mari Iñaxik lengo batian
ala bere lagunari:
nere meriyoz, bada, Joxepa,
penatu zaidan ederki;
naiko aukera baniñan eta
itz eman ez nik iñori,
oraiñ neska zar emen nabillen
jende danen parragarri.


5.
Lenbizikua niñan argiña,
bigarrena errerua,
irugarrena zillargillia,
laugarrena musikua,
ta bosgarrena arrantzalia,
seigarrena barberua;
gazte denboran bazan atzetik
neri norek segitua.
6.
Nola igandez ala jayian
entzuten ditu meza bi,
oraindik ere gustatzen zaio
begiratzia berari;
andik plazara berriz joango da,
naiz an ezer ez erosi,
erakustera zeñen apaña
dabillen jende danari.


7.
Non da musika ara dijua
beti dabil erromeriz,
eta gañeko festetan ere
ez da esanikan, berriz;
naiz urtetxuak izanagatik
igual jazten dezu gorriz,
lenagotikan ez ezkondua
damutu zaio milla aldiz.
8.
Bere buruaz ernegaturik
ikusten dizut galdua,
saiatu arren eziñ billatu
duelarik nobiyua;
alper-alperrik dabil Iñaxi:
norek naiko du gajua!,
orrentxen pena mundu onetan
neska zar, bai, gelditua.


9.
Triste gajuak illia dauka
elurra beziñ zuriya,
begiyak berriz aski gorriyak
oso ximur arpegiya;
ortzikan iñon ez du ageri
beste nonbait aragiya,
apostu, bada, iru arrua
ez dala oraiñ guztiya.
10
Eziñ luzaro bizi liteke
pena dauka ta gaxuak,
negarrez iñoiz botatzen ditu
ginga añako malkuak;
beti goguan bada daukaizki
len izantako majuak,
neska zartu ta azkenerako
orra orren ixtilluak.


11
Berriz milagroz gaztetzen bada
eta badu osasunik,
ez dizut uste leno bezela
luzara egongo danik;
arrantzalia, naiz musikua
joaten bazaio ondotik,
baietz agudo esango diyo
lenguak gogoraturik.
12
Dama gaztiak orra kontuan
bada aurretikan jarri,
badakizute urrengorako
danak neska zarren berri;
denbora joanda ez du baliyo
ibiltzia parragarri,
gauza guztiyak bere sasoian
beti dirade komeni.


Bertso-papera. San Sebastian. Imp. De Pozo; Fuenterrabia, 14









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org