|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
7. Istorioak
|
AZALKAIA
Ama euskera maitia
mendiyan dago gordia.
|
1.
Artaldia zaitutzen
umore onian,
kantari goizetikan
nago itzalian;
Pinto daukatelarik
nik aldamenian,
lagun dabilkitana
amasei urtian;
txakur oso maitia
gaur auzo danian,
erosi nai dutena
iru ontzurrian;
uzten ez didatela
iñondik pakian,
bañan ez det salduko
bizi dan artian.
|
2.
Bordan eta larrian
Pinto da gidari,
ez diyo bakarrikan
uzten ardiyari:
zaitutzen daki ondo
bere bildotsari,
artalde ederrian
jaio diranari;
ozta-ozta zutikan
dabiltzan aieri,
batzubetan altxa ta
bestian erori;
beti ondotik bada
amen titiyari,
txit lan asko emanik
iñoiz abek neri.
|
3.
Elizako eskillen
otsa aditzian
mezetara jeisten naiz
igande goizian,
Pinto uzten detala
ardiyen aurrian
nere aruntz-onuntza
egin bitartian,
maldak igarorikan
laisterka bidian
artaldia berriro
ikusi nayian,
len bezelaxen bada
daudezen larrian
eta bildots maitiak
lotan itzalian.
|
4.
Ez det ardi bat galdu
iñon oraindikan,
edo Pinto nerekin
dan ezkeroztikan,
ez da beste txakurrik
orren zintzorikan,
artzai guziyak dauzkat
gaur arriturikan;
esan detan bezela
erosi nairikan,
erotutzen nautela
bañan alperrikan;
ilko nitzake laister
bai penaturikan,
maite dizutelako
txit txikitandikan.
|
5.
Ez da azeriyarik
ez ere otsorik,
artaldien ondora
etorriko danik;
Pinto beti bezela
nerekin dalarik,
laister bidaltzen ditu,
bada, orlakorik;
isats da belarriyak
zutikan jarririk,
oituba dagolako
oso txikitandik;
eta ez dubelako
batere bildurrik,
mendiyan bizi diran
pixtiyarengatik.
|
6.
Inguruko mendiyen
geienaren berri,
Pinto txakur azkarrak
badaki, bai, ori,
karobi zulo illun,
baso aundiyari,
nola arkaitz zorrotz da
ibai zabalari,
maiz egiña dalako
joan eta etorri;
ardirik galdu gabe
berai ta besteri,
ez zan etxeratutzen
utzirikan iñori;
laguntzen dabill beti
artzai guziyari.
|
7.
Nola txori txikiyak,
bai, udaberriyan,
pozaz egoten diran
amakin kabiyan;
ni ere orla bizi
nazu baserriyan,
ardi ta Pintorekin
joan dan aspaldiyan;
oso pake santuban
nabillen tokiyan,
kantari geienian
gozamen aundiyan;
zeruan bezelaxen
gau t’egun mendiyan,
eguzkiyen igesi
aretxen azpiyan.
|
8.
Jaunak eramanikan
guraso maitiak,
beti goguan dauzkat
geroztik urtiak;
egiten ditutala
errezo luziak,
elizan ikusirik
dauden gurutziak;
oroitzen nautelarik
nere artaldiak,
eta Pinto txakurrak
ordutik lajiak;
balirake bezela
nere señidiak,
naiz kantari aritu
askotan jendiak.
|
Euskal Erria, 1915, LXXII, 319-320. or.
|