|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1.
Artaldia larretik
bildurik zamala,
artzaia bururatu
zan bat falta zala;
ardi galduben eske
joan zan beriala,
beste guziyak bordan
utzi zitubala.
|
2.
Arkaiztikan arkaitza,
basotikan baso,
eman zuben orduban
makiña bat pauso;
gizarajua, bada,
tristeturik oso,
negarrez penarekin
ziyola eraso!
|
3.
Batetan aztu ziran
arren zoramenak,
eta biyotz barrengo
gozotasun denak,
txori txiki politen
kantarik onenak,
artaldia zaitutzen
aitzen zitubenak.
|
4.
Ardiya azaldu zan
andik eguneta,
errena ta argala
eridaz beteta;
ozta-ozta zutikan
bordako atieta,
anparuba nairikan,
bere laguneta.
|
5.
Ardi galduba ara
azaldu zanian,
artzaiak artu zuben
bere magalian;
esanaz: au da poza!
laztandu nayian,
ez nazu gaur aserre,
emen zeranian.
|
6.
Negar askotxo egin
eta ondorian,
ona orain artzaia
umore onian;
kantari bordan eta
kantari lanian,
goizetik arrats arte
ardiyen aurrian.
|
7.
Aretx tantai zabalen
itzal ederrian,
artzaia ikusitzen
dute geienian;
eguzkiyen itzuli
bero dagonian
txakur txiki bat artu
eta aldamenian.
|
8.
Mendi batetik beste
mendira irrintzi
lagunari egiñaz
artzaia da bizi,
gozamen aundiyetan
sufritubaz gutxi,
penak alde batera
zitubala utzi.
|
9.
Ardirik galdu gabe
mendiyan geiago,
arretaz edo zintzo
geroztikan dago;
oroiturik zer gerta
zitzaion lenago,
eta orain dizkitzu
askoz maitiago.
|
10
Lore ta belarraren
usai gozuetan,
artzaia orain beti
dabil jostaketan;
mitxeleta bezela
baratz ederretan,
artaldia zaitubaz
euskal mendiyetan.
|
Euskal Erria, 1912, LXVI, 65-66. or.
|