Ipuiya edo kontua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Ipuiya edo kontua

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

Ipuiya edo kontua



1.
Abenduaren ogeita bostan
bada aurreko urtian,
kontu kontari egondu giñan
oso triste sukaldian;
txiki ta aundi, zar eta gazte
denak suen bazterrian,
gure aitonak au esan zuen
bere izkuntza maitian.
2.
Eun ta bost urte omen dirade
Bergaran gertatu zala,
esan biar det gure aitonak
orduan esan bezala;
danok negarrez egondu giñan
bera izketan ai zala,
negargarriya da, izan ere,
baldin gerta bazan ala.


3.
Gau erdiyan kanpanak dan dan,
jendia txit arriturik,
zer ote dan erri guziya
oso bildurrak jarririk;
eliza ondo ikusirikan
barrenan bazan jenderik,
kontuan ere ipiñi ziran
alkate jaunak esanik.
4.
Eliza ondo ikusirikan
iñor bazan barrenian,
betiko gisan utsik lajata
kontuan bai jarri ziran;
amabiyak ixildutzia
besterik egiñ ez ziran,
mezako deia laster jo zuan
jendia sartu zediyan.


5.
Iru gabian nabaiturikan
kanpanak alaxen jotzen,
erriko jende guziya zegon
bere buruaz nekatzen;
zer ote zan eziñ asmatu,
ez zan errexa asmatzen,
zerengatikan aiziak orla
ez dun kanpanik ibiltzen.
6.
Alkate jaunak agindurikan
erriyan jo da bandua,
bi gizon gogor biar dirala
artu dezaten kontua;
auxen entzunik laster joan ziran
jakitiarren lekua,
eliz barrenen gau baterako
jartzeko dala asmua.


7.
Eliz barrenan illuntzerako
kontuan zituzten jarri,
zer gertatutzen ote zan antxen
jakitiarren txit ongi;
bi gazte ziran buruz azkarrak
ez ziranak, ez, bildurti,
oso aurrera apaizetako,
apaiz ziradenak aurki.
8.
Jan pixka bat bai berekin ere
gaberako omen zuten,
zortziyetako zaleturikan
asi omen ziren jaten;
jan ta gerora denbora luze
ala gertatu ez zaien,
alki gañian biyak musian
gogor jardun omen zuten.


9.
Amar orduak ari zirala
ango erlejuan jotzen,
batek besteri ala omen diyo:
“ez al aiz ikaratutzen?
bi ordu falta dituk eta
ni asiya nak bildurtzen,
leku txarrian gaur jarri gaituk
beste batera, bai, guazen.”
10
“Amar orduak ixildu dituk:
Jesus! auxen da bildurra,
gu zertako etorri gera
gaur orrelako lekura;
guazen emendik pixka bat gora
oso toki segurura,
lagun maitia, lagundu nazu,
zatozkit nere ondora.”


11
“Goi artatikan ikusiko da
emendik baño obeki,
lagun maitia, esaten dizut
arras nagola bildurti;
i ez al aiz ikaratutzen?
emen giotzik txit gaizki,
koro gañera guazen aguro,
ik naiagoko dek noski.”
12
Koro gañian biyak zeudela
amaika orduak jo dute:
― Lagun maitia, amaikak dituk,
falta zaiguk ordubete;
emen ere gaizki giotzik,
bian obeto geundezke.
― Zuretzat goiak naiz ala biak,
guziyak zerbait badute.


13
Bera jaitsita nora joango ta
konfesatzeko lekura,
ta an bildurrak dardar airian,
Jesus, arrentxen tristura:
― Auxen det lana, nere laguna,
zatozkit nere ondora,
zerbait nitzala uste nun bañan
utsa jaio naiz mundura.
14
Amabiyaren tankakuakin
losa arri bat altxa da;
arren barrendik eskeletua
ezur utsik atera da;
ura ikusirik bildurti arren,
arren barrengo ikara,
bañan bestia bildurrik gabe
berai joan zaio bertara.


15
Eskeletua beti bezela
joan da sokai tiratzera,
kanpana juaz jende danari
meza adiyazitzera;
arren kontuan zegon mutilla
berriz meza laguntzera,
zerengatikan apaizetako
jarriya baizan aurrera.
16
Biar bezela meza emanik
mutilla bere ondoren,
sakristirañon lagundu diyo
zein dan jakitutziarren;
gure apaiza eskeletuen
itxuran egonik arren,
biyak izketan jardun ziraden
elkarri zerbait esaten.


17
Eskeletuak galdetu diyo:
― Nolatan zera etorri?
― Alkate jaunak bidaldurikan,
orra esan diyot garbi;
oraiñ nik ere galdetzen diyot
ia zein dan, bai, beorri.
― Ni naiz, bada, apaiz xartxo bat,
ez naiz gezurretan ari.
18
Beiñ edo beiñ zuk entzun al dezu
Bergaran Jose apaiza,
kaska zuri bat, naiko zartxua
eziñ ibilli zana aisa?
― Aitu bakarrik ezautu ere
baita lagundu eliza,
gizarajua txit gizon ona,
emana bai zenbat meza.


19
― Ni naiz uraxen, orra egiya,
ez det gezurrik esaten,
laugarren gaba dizut gaurkua
meza detala ematen;
zerengatikan zuk ez dakizu,
ez da errexa asmatzen,
zerengatikan esango dizut
danak jakindu dezaten.
20
Ogeita amar mezaren dirua
aurretik dizut artua,
eta guziyak bukatu arte
au da nere pekatua;
purgatoiuan ementxen nago
oso ezur biyurtua,
meza guziyak bukatutzian
neretzako da zerua.


21
Alkate jaunai esan zaiozu
elizan zer dan gertatzen,
On Jose apaiza Bergarakua
ia ezautzen al zuen;
baita gañera erri guziyan
asi dedilla zabaltzen,
gau erdiyan, bai, nola meza bat
On Josek duen ematen.
22
Meza guziyak bukatu arte
gabero naiz aterako,
meza guziyak ogei t’amar dira
denak ditut bukatuko;
andik aurrera ez naiz geiago
losatikan azalduko,
zerengatikan Jaunak zerura
berak didaden deituko.


23
Itz abetxek bukaturikan
joan dezu bere lekura,
“biyar arte” berai esanik,
antxen sartu da zulora;
bada orduan mutill bizkorra
beste lagunen ondora,
bañan laguna ez zan ageri,
gerora bai azaldu da.
24
Kontu-kontari biyak zeudela
etorri da goizaldia,
seiak alaxen izango ziran,
iriki dute atia;
eltxuen gisa berriz an zegon
jakitiarren jendia,
danen aurretik edo lenbizi
ikusten zan alkatia.


25
Alkate jaunak eraman ditu
biyak artuta berekin,
erriko etxian sartu dirade
bañan neke aundiyakin;
jende guziya beren atzetik
zerbait nai zutela jakin,
bada alare gelditu dira
danak len zekitenakin.
26
Elizan gerta zen bezela, bai,
mutillak ziyoten esan,
alkate jauna aien esanaz
oso konten gelditu zan;
bada orduan alkate jaunak
legez egiten dan gisan,
erri guziyan bandua juaz
berialaxen jakin zan.


27
Bandua edo dala pregoia
ala aitu zan zabaltzen,
Joxe apaiza Bergarakua
gabian zala azaltzen;
iñork mezarik entzun nai badu
libre zuela lajatzen;
meza guziyak bukatu arte
jendiak entzun dezaten.
28
Esan bezela ate guziyak
zabalik zeuden elizan,
jendia ere bai mezetara
oso erruz etorri zan;
amabigarren tangakuakin
gure apaiza azaldu zan,
sokai tiraka mezako deian
beti bezela aitu zan.


29
Lege onian meza emanik
ostera bere tokira;
meza laguntzen mutill gaztia
oso txintxo ibilli da;
ura ikusirik ango jendiak
txit alai gelditu dira
meza entzunik gabero orla
asko etxeratu dira.
30
Ogeita amar aldiz azaldu zan
bere mezak esatera,
ogeita amarrak bukaturikan
ez zan geiago atera;
bitarte ortan beti jendia
joan zan meza entzutera,
purgatoiotik gure apaiza
gero aingeru tartera.


31
Abenduaren ogeita bostan
ipui triste au entzunik,
denok negarrez egondu giñan
malkotxoak idorturik;
gure aitonak ama euskera
arren ongi mintzaturik,
gaur ere bada bere semiak
ez daukate txit azturik.


Euskal Erria, 1895, XXXIII, 500-503. or.
1894ko Donostiako Lore Jokoetan ohorezko aipamenaz saritutako bertso-jarrialdia.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org