Otoitzak mendiyan


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Otoitzak mendiyan

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

Otoitzak mendiyan



1.
Txori txikiyen kantak
esnaturikan goiz,
jeiki nitzan oietik
eizerako sasoiz;
beranduago ere
joan izan naiz iñoiz
bañan gogo geiagoz
ez dakit bada noiz.
2.
Nere txakur Kanelo
ondotik nubela,
zaunkaz bide danian
ari zendubela;
igo nitzan mendira
txori bat bezela
zelai eta soruak
txit alai zaudela.


3.
Oso arreta aundiz
pozkiro begira,
sagasti zabaleta
ta lore tokira;
eguzkiya azaldu
zalarik lurbira,
ala iritsi nitzan
goiz artan mendira.
4.
Gaur ’e goguan dauzkat
orduko pausuak,
eiza topatu nairik
an emandakuak;
eta nola ekarri
nituben xoxuak,
eran arrapatuta,
tiroz ildakuak.


5.
Etxera netorrela
menditikan bera,
ill nituben xoxuak
erakutsitzera;
seme ta alabari
poza ematera,
gurutze bat azaldu
zitzaidan aurrera!
6.
Jakin nairik gurutze
arren gorabera,
joan nitzan baserrira
galde egitera;
ta azaldu zitzaidan
aiton bat atera
borondate aundiyan
adiyazitzera.


7.
“Emen guda bukatu
eta ondorian
jende asko ikusten
genduben eizian;
igande ta astegun
egualdi onian,
tiro otsa besterik
ez zan, ez, danian.”
8.
“Goiz batian zabaldu
zan auzo danian,
artzai illa topatu
zutela bidian;
odola zariyola
sasi baztarrian
eizai tira ta jua,
bai, uste gabian.”


9.
“Penakin eiztariya
andik laister il zan,
baserritarrak asko
maita zutena zan;
ezautzen ez zubenik
mendiyan bat ez zan,
iñoiz ere nerekin
emen egoten zan.”
10
“Gurutzia jarriya
dago ordutikan,
ta artzaiak etortzen
zaizka geroztikan;
otoitzak egitera
txit penaturikan,
Jaungoikoari zerbait
eskatu nairikan.”


11
Malkoaz bustirikan
nauzkala begiyak,
ta alkarri eskubak
emanikan biyak;
ikusten nitubela
goitikan argiyak,
ala igaro nitun
orduan mendiyak.
12
Azturikan bizi naiz
gaur gure mendiyak,
eskopeta ta txakur
eta eiztariyak;
bildurra sarturikan
gurutze aundiyak,
aiton arren esanak
izanik egiyak.


13
Gaur ordoiaz beterik
dago eskopeta,
artutzen ez detala
bada eskubeta;
Kanelo bidaldurik
nere osabeta,
sugurdiyan sartuta
emendik Elgeta.
14
Gurutziaz askotan
naiz gogoratutzen,
artzai ta eiztariyak
ez zaizkit aztutzen;
bada orduan zaizkit
malkoak azaltzen,
eta otoitzak dizkat
Jaunari egiten.


15
Gurutz Santubaren
aurrian txit umill,
gaur ere jartzen zaizka
makiña bat mutill;
errezuak egiten
jende asko dabill,
esanaz: artzai on bat
emen zizuten ill!
16
Beste bat ni bezela
joaten ba agiyan,
eizera etxetikan
or egunsentiyan;
gurutziaz galdetu
’zala baserriyan,
egingo dizkitzu bai
otoitzak mendiyan.


Euskal Erria, 1912, LXVI, 160-161. or.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org