Betiko damua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Betiko damua

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

Betiko damua



1.
Idi baten dirubak
berekin artuta,
jantzirik gañetikan
zerbait txukunduta;
dema zala goizetik
lendik jakinduta,
Anton joan zan etxetik
trenian sartuta.
2.
Anton bezela beste
toki askotatik,
nola baserri eta
bai ere kaletik;
dema zan egun artan
alkar billaturik,
an ziran istilluak
ojuka asirik.


3.
“Berrogei oitamarren,
ogei amabosten”,
milla apostu orla
nola diran nasten;
idiyak diranian
plazan azaldutzen,
Anton bezela asko
dira berotutzen.
4.
Idiyaren dirubak
eskuban artuta,
ala diyo Antonek
poltsa zabalduta:
“tori, bai, ogeitamar
berrogeiren kontra,
etorri berriz ere
dirua badet-ta.


5.
Galdurikan onela
zituben dirubak,
Antonekin izandu
ziran ixtilluak;
gaba gañian eta
patrikak ustuak
oirik eman nai ezta,
berriz, ostatuak.
6.
Panparroi aruntzian
sarturik trenian,
oñez eta txit umill
Anton onuntzian;
andriakin aserre
ordutik etxian,
itzarik egin gabe
biyak alkartzian.


7.
Demak izandu dira
geroztik askotan,
bañan Antonik ara
ez da geiago joan;
ez du nai aitortzia
orlako gauzikan,
ori debekatzia
lenbailen baizikan.
8.
Ezin bildurik dabil
idiyen diruba,
igurtzirikan bada
gau t’egun burua;
iñoiz azaldurikan
begitik malkua,
Antonek ara orain
betiko damua.


Baserritarra, 1909-05-08, 120. zk.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org