|
Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak
1.
Gazte denboran biyurriya ta
zartuta eziñ zuzendu,
ez dakit nola edo noletan
onela giñan alkartu;
aspalditxotik damu dedala
eziñ nezake ukatu,
ez nitzan, bada, orla biziko
nik au jakin izan banu.
|
2.
Ogei bat urte izango dira
biyok alkartu giñala,
iruditzen zait berrogei ere
gutxiyenaz badirala;
ordu ezkero ementxen nabil
Jaunak dakiyen bezela,
egun txar asko, bada, geroztik
zurekin damaizkitela.
|
3.
Larunbatetik asitzen zera
astelenian bukatu,
bitarte ortan, Jaungoiko ona!
zeñek zurekin burutu;
baztar guziyak puskatu biar
iñoiz eskua altxatu,
mundu onetan bizitutzeko
ez nun lagun txarra artu.
|
4.
Ikaragarriya da askotan
zure etxeko sarrera,
iñoiz dakizu erortzen ere
errex aurreko aldera;
utsa litzake joango baziña
pake onian oiera,
eskamillan ta okasiyuan
beñere ixiltzen ez zera.
|
5.
Etxera gabe ibiltzen zera
nai dezun arte kalian,
zeñek lanera eramanazi
orla asten zeranian;
aiko ziñake aspertu gabe
nere ustez edanian,
erriyan diran zagi ta kupel
guziyak ustu artian.
|
6.
Mundu onetan gauzik txarrena
zuretzat dezu dirua,
oraiñ artian dezunerako
zaudezelako galdua;
aspalditxotik zer zeran bada
ongi nago ezautua,
aurrera ere izango dezu
lengo lepotik burua.
|
|