Aiton fedetsua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Sanchez Irure Kaietano »  Bertsoak »  Aiton fedetsua

Kaietano Sanchez Irure. Bertsoak

9. Erruki-bertsoak eta fede-girokoak



Aiton fedetsua



1.
Euskalerriko mendi txuluan
eliza zartxo bat zutik,
gaur ere apañ arkitzen dana
kanpotik eta barrendik;
joan dan urtian ikusi nuen
Donostiyatikan joanik,
ta egun ura oroitutzen naiz
milla alditan geroztik!
2.
Txori txikiyen kantu politak
aditurikan bidian,
ala iritsi nitzan eliza
alaitasun ederrian,
zelaiak lorez oso apañak
zaudela goian ta bian,
likort gozoak zabaldurikan
lañuben gisa danian.


3.
Beetikan gora alde daneta
begira nijubalarik,
ezkillen otsa nabaitu nuen
bañan oso urrutitik;
.............................................
nola zetorren menditik,
eskapulaio bedinkatuak
kolkuban erakutsirik.
4.
Lagun ordezko lizar makilla
zubelarikan eskuan,
eta txakur bat bere ondotik
jostallu baten moduan
eliz aldera zetorren bizi
mezetarako asmuan,
mutill gaztia balitz bezela
urte askoren buruan.


5.
Eliz onduan alkartu giñan
ni gora ta ura beera,
mezetarako deia oraindik
“tan-tan” ari zendubela;
ezautu nuen aiton ontsuak
zerbait esan nai zubela;
ama euskeran esku emanta
asi zitzaitan onela:
6.
― Mendiburuko baserritikan,
adiskidea, onera
ordu t’erdiko bidea dago,
bada, gutxi gora-beera;
urte guziyan etortzen nazu
aldare baten aurrera,
meza santua entzunaz Jaunai
errezuak egitera.


7.
Aiton fedetsu doakabea
sartu zanian elizan,
goitikan beera Donostiyara
zuzenian jaitsi nitzan;
eta geroztik arkitzen nazu
pozak zoratu nairikan,
euskaldun arren esan eztiyak
biyotza alaiturikan.
8.
O! nai nizuke Jaungoiko onak
laguntzen didalarikan,
aiton arrekin alkartutzia
mendiyan gora joanikan;
udaberriyan zelai guztiyak
daudela loreturikan
eguzkiyaren printzak goizetik
azaldurik zerutikan.


La Euskaria, 125. zk., 1909-01-09









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org