01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Alkate berria »  01. Irudia

Martzelino Soroa. Alkate Berria

EGITE BAKARRA


Iruditegian azaltzen da herri txiki bateko plaza. Alde batera kontzejuko etxea.



I

LEHENBIZIKO IRUDIA



Herriko jende batzuk kantari. Atzetik berriz erregidorea, sekretarioa eta beste batzuk eskribaua buru dutela. Lukanbio alde batean.

Jendea.- (Kantari)

Pozturik hemen gatoz
goizetik guztiak
gazte, zahar, txiki, handi
neskatxa eta mutilak.
Alaiturikan dago
gaur herri guztia
zergatik jarri duten
alkate berria.
Horrengatik daukagu
orain esperantza
plazan egingo dela
makina bat dantza.
Uren ordez gainera
iturri gozoa
barrenak piztutzeko
mahats nafarrekoa.
Goazen, goazen agudo,
egin ahalegina
bota ziririkoak
ta jo danbolina.


(Doaz saltoka eta irrintzika.)

Eskribaua.- Herri guztia zoratu dugu.

Sekretarioa.- Ez da izan asmo txarra Triku alkate egitea.

Eskribaua.- Guri komeni zaiguna da haren bizkarretik gu…

Erregidorea.- Alkate izatea.

Sekretarioa.- Hori da.

Eskribaua.- Harria tira…

Erregidorea.- Eta eskua gorde.

Sekretarioa.- Nahi duguna egingo dugu. Bera ona da eta xamurra eta haur bat bezala dantzatuko dugu.

Erregidorea.- Hori, hori. Eta gertatuko da: gogorrena alkate.

Eskribaua.- Guretzat sagar heldu gozoak eta beretzat…

Sekretarioa.- Geza-minak.

Eskribaua.- Errematean badakizue…

Erregidorea.- Bai, bai.

Sekretarioa.- Afeitatzailearen izenean ardoak, aguardienteak, eta haragia…

Erregidorea.- Baina ez ezer ere aditzera eman agoazilari, zergatik salduko gintuzke.

Besteak.- Ez, ez.

Eskribaua.- Orain jo dezagun atea, etxean ote den.

Sekretarioa.- Lukanbio, deitu ezak. Ondo hitz egin eta...

Erregidorea.- Tragatuko du amua.

Agoazila.- (Atea jota oihu egiten du.) Biba gure alkate berria!

Besteak.- Biba! biba!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org