|
Martzelino Soroa. Alkate Berria
II
BIGARREN IRUDIA
Lehengoak eta Alkatea. Oihuak aditurik afeitatzailea ere ateratzen da bere aurreko etxearen dendatik eta esertzen da inguruan dakarren aulki kaxkar batean.
Alkatea.- Zer oihu dira hauek?
Eskribaua.- Egun on, Triku jauna? Ematen al digu berorren lizentzia?
Alkatea.- Noiztik eskribau jaunak hitz egiten dit horren fin eta eskatzen du lizentzia?
Eskribaua.- Alkate berriari hitz egiten dionetik.
Alkatea.- Zer esaten duzu?
Eskribaua.- Gatoz makila bara esaten zaiona, mendian jaio – mendian hazi – herrira etorri eta nagusi – alkate jaunaren eskuetan jartzera.
Alkatea.- Ni alkate? Utz nazazue bakean. Ez da hori egia.
Eskribaua.- Eskribau batek ez du behin ere gezurrik esaten.
Alkatea.- Ez, e? A zer txoria! Txantxetako gogoa al daukazue?
Besteak.- Ez, jauna, ez.
Alkatea.- Baina nik nire etxea gobernatzen ez dakidala, nola gobernatu behar dut herria?
Eskribaua.- Herriko bozek berorri deitu diote, eta hona non duen Lukanbio agoazila, arbasta, farola, esklabina eta hiru izkinako txapelarekin.
Alkatea.- Ezin izan liteke hori zuen astakeriaren bat baizik. Badakizue ni ez naizela horretarako.
Eskribaua.- Herriak egin du bere borondatea.
Alkatea.- Bai: zuek maneatutako kazuelan. Ez naiz izango alkate.
Eskribaua.- Ezin desegingo da gauza, Triku jauna.
Alkatea.- Ez, e?
Besteak.- Ez, ez.
Alkatea.- Besterik ezin bada, izango naiz indarrean.
Eskribaua.- Lehenbizi egin behar du apaindu Lukanbiok emango dionarekin. Gero Kontzejura gurekin etorri, eta gero…
Alkatea.- Gero, zer? Zein da hemen alkate, zuek edo ni?
Eskribaua.- (Umilki) Barkatu, jauna, baina hobe beharrez…
Alkatea.- Jantz nazak, Lukanbio, eta goazen (janzten du)
Besteak.- Goazen, goazen.
|