|
Martzelino Soroa. Alkate Berria
III
HIRUGARREN IRUDIA
Afeitatzailea bakarrik (altxatzen da.)
Afeitatzailea.- Ez daude apareju txarrak eskribaua, sekretarioa eta beste guztiak! Hemen egiazko alkatea beti da sekretarioa. Honi laguntzen dio eskribauak eta bien artean egiten dute antxeta. Elkarrekin ez daudenean, berriz, mingainarekin larrutzen dira, bata besteari esanik zernahi zitalkeria.
Medikuak eta botikarioak ere ezin begiz elkar ikusi dute, batek errege behar dela, eta besteak errepublika komeni dela, beti mokoka daude, baina egunero ibiltzen dira biak adiskide handiak balira bezala, zergatik medikuak ematen dizkion errezetak botikarioari eta honek mintsuak hari; eta horrelaxe dabiltza ere maisua eta erregidorea, harakina eta ogizalea, sakristaua eta danbolinteroa, eta barberua eta ni. Hona etortzen diren guztiek esaten dute: hau herri polita! hau baketasuna! hau jende elkar artekoa! Ederki bizi liteke hemen! Zortzi egun pasatuz gero ikusiko lukete nola barrenean dabilen prozesioa. Orain alkatearen eskuarekin nahi lituzkete surtatik gaztainak atera.
|