04. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Soroa Martzelino »  Alkate berria »  04. Irudia

Martzelino Soroa. Alkate Berria

IV

LAUGARREN IRUDIA



Afeitatzailea eta Lorentxo
(Lorentxok dakar asto bat sorta egurrarekin eta honen gainean zintzilik oilar eder bat.)



Lorentxo.- (Oihuka) Egurra, egurra! Ederra eta merke. Ez ote dut salduko gaur egun guztian? Ez du balio basoan aritzeak. Aldean da hobeago pilotan saiatu eta Ameriketara diru puska bat irabaziaz joatea. Ez balitzait sasoia joan! Egur ederra! Ihar-iharra! (Afeitatzaileari) Egun on: eros biezat kargatxo hau.

Afeitatzailea.- Karga guztia?

Lorentxo.- Bai; ez al da bada handia!

Afeitatzailea.- Zenbat balio du bere horretan?

Lorentxo.- Lehenbailehen gainetik kentzeagatik esango diot azkeneko hitza. Sei erreal.

Afeitatzailea.- Sei erreal?

Lorentxo.- Zertako alferrik jardun behar dugu?

Afeitatzailea.- Gehitxo iruditzen zait. Ez du horrenbeste balio.

Lorentxo.- Basoan ari den nekazariak diru pixka hori nahi lezake

Afeitatzailea.- Bost erreal.

Lorentxo.- Ezin dut. Gabonak inguruan dira eta ondo beharra da orain egurra zu bazterrean danbolinari eraginez egoteko, hantxe pipa hartuaz gozaturik, aditzen nola azolioek egiten duten pil-pil-pil; bisiguak zirt-zart eta gaztainek pin-pan.

Afeitatzailea.- Ez zaude azolio txarra zu! Ez dizut bost erreal baino gehiago emango guztiarengatik.

Lorentxo.- Nik guztia saltzen dut baina ezin liteke bostean.

Afeitatzailea.- Utzi orduan datorren urterako; hobeto ihartuko da.

Lorentxo.- Tira, tira; har beza bost eta erdian.

Afeitatzailea.- Hustu ezazu, bada, hustu. Niretzat izan behar du.

Lorentxo.- (Soka askatzen du eta oilarra uzten du alde batera.) Ez du tratu txarra egin ez.

Afeitatzailea.- Ekarzu lehenbizi behinik behin oilar hori.

Lorentxo.- Oilarra? Zertako?

Afeitatzailea.- Nirea delako.

Lorentxo.- Berorrena? Ez luke gutxi nahi! Berorrek tratua egin du egurrarekin.

Afeitatzailea.- Ez da hori egia. Nik erosi dizut karga guztia eta kargan zegoen oilarra.

Lorentxo.- Ez luke bada merke eman nahi galaia bere oiloari! Bizarra kentzen duen bezala nahi al ditu kendu oilarrak?

Afeitatzailea.- Nik esan dizut bost erreal t’erdi ematen dizkizudala karga guztiarengatik; zuk erantzun didazu karga guztia saltzen duzula, eta nik erantzun dizut orduan, ondo dela, husteko, azkenean niretzat izan behar duela. Eta oilarra nirea da.

Lorentxo.- Ez, jauna, nirea.

Afeitatzailea.- Baina… (hizketan isilka bere moduz aurrandatzen dira.)





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org