|
Martzelino Soroa. Alkate Berria
VIII
ZORTZIGARREN IRUDIA
Lehengoak eta Erregidorea.
Erregidorea.- Etxean al dago alkatea?
Agoazila.- Hor dago. (deika) Alkate jauna.
Alkatea.- Zer?
Agoazila.- Hona non duen…
Erregidorea.- Ni nator Kiteri okerraren partetik.
Alkatea.- Justizia egin behar al da?
Erregidorea.- Bai, jauna.
Alkatea.- Lukanbio…
Agoazila.- Har beza (ematen dio bara)
Alkatea.- Esan agudo eta argitasunarekin.
Erregidorea.- Horra bada. Migel Marik eman omen zion Arroxa Intxaurregikoari ezkontzeko hitza eta gero damutu egin zitzaiola. Baina bart gauean teilatutik teilatura ibilirik tximiniatik nahi zuela sartu, bere asmoarekin atera gabe porrokatu egin duela…
Alkatea.- Zer?
Erregidorea.- Tximinia.
Alkatea.- Eta zer nahi du?
Erregidorea.- Konpontzea edo pagatzea.
Alkatea.- Ukatua dago.
Erregidorea.- Ukatua? (harriturik)
Alkatea.- Bai, ukatua.
Erregidorea.- Baina nolatan eta zergatik?…
Alkatea.- Zergatik? Zergatik ni naizen herri honetako alkatea, herria egiten du hemen teilatutik behera bizi den jende guztiak. Gauza hori teilatutik gora gertatu da, eta nire justizia ez da haraino ailegatzen.
Erregidorea.- (Bere buruari) Eta gero lulua dela esango dute hau?
Alkatea.- Lukanbio: to. (Ematen dio bara.)
|